Odol kapilautzak (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: ==Zer ziren== Familia bati lotutako kapilautzei esaten zitzaien odol kapilautzak<ref>Capellanías de sangre.</ref>. Gainontzeko kapilautzen moduan, kapitala behar zuten,...)(r)en berrikusketa, ordua: 14:56, 30 iraila 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Zer ziren

    Familia bati lotutako kapilautzei esaten zitzaien odol kapilautzak[1].

    Gainontzeko kapilautzen moduan, kapitala behar zuten, urteroko errentekin kapilaua mantentzeko. Kapilauari onuraduna ere esaten zitzaion, kapilautzaren onurengatik bizi zelako.

    Sorrera

    Odol kapilautza pertsona (edo bikote) batek sortzen zuen. Inoiz bizirik zegoela, baina gehienetan testamentuan utzitako ondasunen zati batekin.

    Ondasunekin batera patroiak izendatzen ziren, gehienetan familiakoak (edota herriko kargudunak, batzutan).

    Patroien lehen lana kapitala inbertitzea zen, beti seguritatea bilatzen. Horretatik kasu gehienetan lurrak erosten ziren (gero maizterrei alokatzeko), maileguan ematen zen (zentsoakesaten zitzaien), mailegu zaharrak erosi...

    Eta beste lana onuraduna aukeratzea izaten zen.

    Jarduera

    Kapilautza baten helburua zera zen, sortzaileen eta ondorengoen animak laguntzea zerurako bidean.

    Horretarako, abade onuradunak mezak eman behar zituen urteko egun batzuetan (heriotz urteurrenetan, jai batzuetan, asteko egun jakin batean…).

    Patroiek, bere aldetik, errentak kobratzen zituzten, eta onuradunari ematen zizkioten.

    Abade onuraduna hiltzen zenean, patroiek berria aukeratzen zuten.

    Azkenik, patroiek kapilautzaren ondasunak zaindu behar zituzten: saldu, trukatu, erosi, inbertsio berriak egin...

    Nahiz eta kapilautzaren ondasuna familiarena ez izan, patroi titulua aitengandik maiorazgoengana pasatzen zen; eta oinordezkorik ezean familia batetik bestera ere, gainontzeko ondasunen moduan.

    Sasiko helburua

    Garai batean maiorazgo edo premuaren ohitura zegoen: familiako seme zaharrenak ondasun gehienak (edo guztiak) jasotzen zituen. Gainontzeko semeek alde egin behar zuten, soldadu, merkatari… aritzeko. Eta alabeei dirusaria ematen zitzaien, ezkontzeko edo komentu batean sartzeko.

    Behin kapilautza sortuta, aukera zegoen bigarren semea apaiztegira bidaltzeko eta gero kapilautzaren abade onuraduna izendatzeko (familiakoak izaten ziren patroiak, nahi zutena aukeratzeko).

    Eta prozedura hau hurrengo gizaldian ere errepikatzen zen, eta hurrengoan... Modu honetan, sendiaren ondasunekin bi seme "mantentzen" ziren; zaharrena maiorazgoarekin eta bigarrena abade onuraduna.

    Bukaera

    Inoiz inbertsioak kale egin eta gero kapitala galtzen bazen, kapilautza desegiten zen.


    Soraluzeko kapilautzak

    Bukaera orokorra

    XVIII. mende bukaeran eta XIX.aren hasieran Elizari lotutako ondasunen desjabetzea izan zen: iraultzak, desamortizazioak…

    Espainian, Mendizabaken desamortizazioak (1835) kapilautzak errespetatu zituen, batez ere odolenak.

    Baina sei urte geroago (1841) lege batek desegin zituen, eta ondasunak sortzaileen familiako gertuenei pasatzen zitzaien.

    1851. urtean Espainiak eta Elizak (Aita Santuak) Konkordatua izenpetu zituzten; ondorioz, hurrengo urtean (1852) beste lege batek 1841.koa bertan behera laga zuen. Hala ere, hiru urte geroago (1855) 1841.ko legea berrezarri zuten, 1856.ean berriro kentzeko... baina ordurarteko ondasun banaketak errespetatuz.

    Modu honetan, odol kapilautza gehienak desagertu ziren.


    Erreferentziak

    1. Capellanías de sangre.