Osintxu (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 23:37, 24 urtarrila 2021
    Oharra: Sarrera hau osatzeko Bergarako Udala. Osintxu web orria erabili izan da.
    Osintxuko ikuspegia trebidetik, Soraluzetik etorrita

    Azalpen orokorrak

    Kokapena

    Osintxu Bergarako auzoa da. Iparraldean kokatuta dago, Deba ibaiaren bi aldeetan eta Soraluzeko mugan.

    Gaztelerako izena Los Mártires dauka, San Emeterio eta San Zeledonio patroiengatik.

    Santu hauen ermita gobernatzeko bere kofradia zegoen, Osintxuko baserriek osatua. Edo alderantiz, Osintxu auzoak Martiri Santuen Kofradiaren baserri partaideak hartzen ditu[1]. Salbuespen gutxu daude, batez ere Mekolalde bailaran.

    Osintxuko kalea, berriz, Bergaratik Eibarrera doan errepidearen alde banatara dago, mendiak eta Deba ibaiak mugatzen dutela. Lehenengo garapen industrialaren ondoren osatu zen; zehatzago esateko, 1910ean Arteche Hermanos enpresa sortu zutenean.

    Honetaz gain Muskiritsu (Muzkitxu), Iraban, Mekolalde era Kalparreko zenbait baserrik osatzen dute. Lehengo hirurak Deba ibaiaren eskumaldean daude, iparraldetik hegoaldera hurrenez hurren. Kalparra, aldiz, ezkerraldean.

    Auzuneak bere eliza du (parrokia dena), pilotalekua (aldagelak eta guzti) eta plaza; azken bi hauek Arteche Hnos. lantegiak lagatako tokian. Udal liburutegia eta ludoteka ere baditu, plaza ondoan.


    Mapa kargatzen...


    Biztanleria

    Gaur egun 450 biztanle inguru ditu eta gehienak mendietako baserrietan bizi dira. Azken urteetan biztanleak galtzen ari da.

    Urtea Baserriak Familiak Biztanleak
    1776 32 260
    1815 40 60
    1883 45 65
    2001 478
    2002 475
    2003 459
    2004 457
    2005 443
    2006 444
    2007 445

    XX mende hasiera arte biztanle gehienak baserrietan bizi ziren, baina poliki poliki gero eta jende gehiago hasi zen kalean bizitzen: 1887 urtean 69 lagun, 1900 urtean 78, 1905 urtean 73 eta 1910 urtean 89.

    Urte horretan Arteche lantegia zabaldu zuten, eta honen eraginez kaleko biztanle kopurua bikoiztu zen: hamar urtetan 89tik 165ra pasa zen, eta 169 lagun ziren 1930 urtean.


    Historia

    Osintxuko parrokia

    Elizako artxibo zaharrean Osiranzu izenaz agertzen zen, baina herrikideek, etimologia arazoak baino gehiago ohitura kontuagatik, Osintxu deitzen zuten eta horrela gelditu da gaur egunera arte.

    Ertarotik Bizkaia, Araba eta Deba arroa Kalagorriko elizbarrutian egon dira. Garai haietan, inguruko jauntxoek hartu zuten eliza eta ermitak babssteko ardura, eta ordainetan beren ondasunak eeabiltzen zituzten, batez ere Bizkaian eta Deba Arroan.

    XV mendean Kalagorriko apezpikuak erasoa jo zuen ondasun horiek berreskuratzeko. Besteak beste, Kalagorriko elizbarrutiko patroien omenez ermita eta eliza berriak egin zituen, edo aurretik zeudenak erabili. Patroi hauek San Emeterio eta San Zeledonio ziren.

    Deba arroan, gutxienez, bi tokitan gertatu zen hau: Bergarako Osintxun eta Soraluzeko San Martzialen[2]. Azkoitiako Martirieta auzoan ere, Osintxutik airez 7 kilometrotara, gauza bera gertatu zen.

    1795ean, maiatz eta ekaineko Komentzio gerra zela eta, Muskiritxu gainean, frantses eta euskal ejertzitoen arteko borroka ugari izan ziren.

    Urte batzuk geroago, lehen karlistadan (1833-1840), Bergarako milizia batek menperatu zituen karlisten matxinaden berriak ere badira.

    1834eko uholdearen aurretik, San Emeteri eta Zeledonioren omenez eraikitako ermita bat ere bazen gaurkoaren aurrean. Errepideaz bestaldetik, ibai ertzean, zubi ondoan zegoen. Uraren indarrak desagertarazi zuen ermita hau, Deba ibaian agertu ziren santu martiriak besterik ez dira gelditzen. Gaur egungo eliza urte batzuk geroago eraiki zen, eta 1881ean parrokia bihurtu zen.

    Osintxun garrantzi handia izan dute betidanik aztikeri eta sorginkeriek. Mugarriko txabolan akelarreak ere ospatzen omen ziren.


    Ondarea

    Emeteri eta Zeledonio Santu Martirien eliza

    XIX. mendearen erdialdean eraiki zen, 1834ean, urak ermita zapuztu ondoren.

    Nabe bakarreko eraikuntza dugu, kainoi tankerako sabaiz osatutako hiru zati dituelarik. Absidea erdi-puntuko arku batean kokatua, zirkulu erdiaren itxurakoa da. Korua bi zutabetan oinarrituta dago eta egurrezko eskulekua du. Aldarera doan harrizko eskailera kenduta, zoruaren beste zati guztiak egurrezkoak dira. Dorreak eliza barrena du oinarria.

    Osintxuko zubi zaharra Mekolalde aldetik
    Soraluzeko zubi nagusia maparen erdi-erdian, eta hegoaldean Osintxukoa (Florencio Josepf de Lamot 1756).

    Zubi zaharra

    Osintxuko zubia oso zaharra da, eta XVIII mende bukaera arte oso garrantzitsua, Gasteiztik itsasorainoko errege bidea bertatik pasatzen zen eta. Josepf Florencio de Lamotek egindako Mapa topographica de Plasencia grabatuan ederki asko agertzen da.

    XVIII mende bukaeran Bergaratik Altzolarako errepide berria zabaldu zutenean (gaur eguneko errepidearen trazadura bera zuena) zubiak zeukan garrantzia galdu zuen, eta Muskiritsu zein Iraban bailaretako baserritarren erabiltzen zuten. Durango-Zumarraga trenbidea zabaldu zenean, Osintxuko geltokira pasatzeko ere balio zuen.

    1960 hamarkadan plataforma zabalagoa egin zioten, Soraluce eta gainontzeko lantegietara pasatzen ziren kamioitzarrek erabiltzeko. Azkenik, 2010eko hamarkadan Soralucek zubi berria egin zuenean Osintxuko zubi zaharra lehengoratu zuten.


    Baserriak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Osintxuko baserriak hiru bailararan antotatuta daude: Muskiritsu, Iraban eta Kalparra. Laugarrena Mekolalde izango zen, baina XIX mendean Osintxuko parrokia sortu zenean bertako baserri asko Bergarako Santa Marina parrokian jarraitzeko ewkatu zuten..

    Muskiritsuko baserri aipagarrienak Arando, Laspiurgañekua, Gantxegigoiti eta Gento.

    Irabanekoak Olalde, Azkorta, Oregi, Galartzazarra, Galartzabarria eta Mekoleta.

    Eta Kalparrekoak, berriz, Izarre, Untzetazpikua, Untzetaerdikua eta Untzetagañekua.

    Muskiritsu bailara. Sarreran, Bolu eta Bolu barria

    Erroten ibilbidea

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Muskiritsu errekan zehar, gaur egin funtzionatzen ez badute ere, iraganaren usaina gordetzen duten hainbat errota ikusi ahal izango ditugu: Osintxuko bolua, Atxuriondo, Billotegi eta Laspiur.


    Jaiak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    Osintxuko patroiak San Emeterio eta San Zeledonio dira. Jaiak abuztuko azken domekan ospatzen dira, 1701 urtean soraluzetarrekin adostu era gero, eta San Martzialeko jaiak hurrengo asteburuan ospatuko ziren.

    Osintxun zein Soraluzeko San Martzialen kopraixak aspalditik ospatzen dira. Garai batean txahala hiltzen zen bezperatik, gero salda egiteko eta meza ostean karidadea (ogia eta okela egosia) banatzeko. Aspaldi ez da txahalik hiltzen, debekatu zuten eta.

    2000 hamarkadan ohitura berri bati hasiera eman zitzaion, osintxuarren eta soraluzetarren harreman onei segida emateko. Uztaila bukaeran, Santa Ana festetan, soraluzetarrak Osintxura joaten dira bertakoak inbitatzeko. Eta Osintxuko jaietan, ostilarean, osintxuarrak bizikletaz etortzen dira Soraluzeraino gonbitea luzatzeko.


    Osintxuarrak

    Regina Lete Landa, Sor Isabel

    Sor Isabel dohatsua

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Regina Lete Landa 1913/09/07an Osintxun jaio zen. Aurki ama hil zitzaion, eta Azpeitiatik eta Osintxutik pasa eta gero Soraluzera ekarri zuten, bertako familiarekin bizi izateko.

    Aurretik Isabel izeneko ahizta mertzedaria sartu zen, baina aurki hil zen. Ostera, Reginak bide bera hartu zuen eta, Azpeitian moja profesatzerakoan, Isabel hartu zuen izen berria, ahiztaren memorian.

    Gerra garaian hainbat ospitaletan ibili zen, eta azken urteak Eibarko Tuberkulosi kontrako San Andres Sendategian egin zituen. Gaixoekin buru-belarri aritzen zela, kutsatu egin zen, eta 1941.eko urriak 13an santu-hotsean hil zen.

    1969 urtean Alberto Barrios fraide klaretarrak bere bizitza jaso zuen La alegría de una entrega liburuan.

    Azkenik, 2006 urtean Benedikto XVI.a Aita Santuak dohatsu izendatu zuen.

    Kikio

    Txistularia, kontalaria eta, batez ere, plazagizona. Hainbat bazkari, afari eta laguntarte alaitu ditu bere umoreaz.

    Bitxikerien artean, txistua sudurrekin ere jotzen zuen.

    Amaia Agirre eta Juantxo Urbieta

    1984 eta 1986an Osintxuko Juantxo Urbieta eta Amaia Agirre dantzariek Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa irabazi zuten Seguran.


    Bitxikeriak

    Mugarri baserriko istoriak

    Deba ibaiaren ezkerraldean dago, ibaitik oso gertu eta Soraluze eta Bergara arteko mugarri baten ondoan (hortik izena). Gertutasunarengatik, bertakoek betidanik izan dute Soraluzekin lotura berezi bat

    Bertakoa zen Paula Alberdi (Paulita), hainbat motako okmadak eta kolpeen kontrako ukenduak egiten zituenak, oso estimatuak.

    Paulita honek ere Plazentziatarrak esaten dotse abestiaren bertsio bat ahotsak.eus orrian eman zuen[3]:

    Plaentxiatarrak esaten dotse
    errekiari ibaixa
    hartuko leuke boltsillorako
    bost pezetako zurixa.

    Mugarri baserrian oraindik gordetzen omen da sorginen edalontzi bat. Behin batean sorginek bertako gizona dantza egiten gonbidatu, eta gero ura eskaini zioten edalontzi polit batean. Harek aitaren egiterakoan sorgin denak desagertu ziren.

    Irukurutzetako erromeria

    Irukurutzetako erromeria maiatzaren lehen igandean ospatzen zen.

    Aintzinean Lezarrisoroko (Muskiritsu bailarako baserria) agurea Irukurutzetako tontorrera urtero igotzen omen zen, bere kapelaren zintan gurutze bat zeramala. Atzetik inguruko jende asko zekarren.

    Osintxu, Placencia irredenta

    Orain dela gutxi arte Osintxuk eta osintxuarrek harreman estuagoan zituzten Soraluzekin (3 km) Bergarakin baino (5 km). Jendea, gejken bat, oinez edo gurdiz mugitzen zen, eta azken urteetan trenez. Ikuspuntu guztietatik Soraluze askoz gertuago zegoen.

    Agian horregatik gerra ostean, 1940 hamarkadan, Bergara laga eta Soraluzekin bat egiteko mugkmendua egon omen zen, baina laster asko eten zuten.

    Gerora, ibilgailuen erabilera zabaldu zenean Bergararekinlotura sendotu zen.

    Los Mártires lokomotora

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1888 urtean Durango-Zumarraga trenbidea zabaldu zuten. 1902 urtean lokomotora berriak erosi zituzten, Kraus 1-3-1-T motakoak, eta bati Los Mártires izena ipini zioten.

    Trenbideen elektrifikazioa zela eta, 1942 urtean Minas y Ferrocarril de Utrillas enpresari saldu zioten.


    Erreferentziak

    1. Soraluzeko bi baserri kofradiakoak izan dira: Azalia eta Egotza.
    2. Soraluzeko kasuan ermita aurretik zegoen, San Martzialen izenean.
    3. "Plaentxiatarrak" antzinako kanta, Paula Alberdik abestuta. Ahotsak.eus