San Esteban ermita (eu)

    Sorapediatik
    Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.
    San Esteban ermita
    San Esteban ermita. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
    Estiloa
    Mendea
    Kokapena Irure bailara
    Mota Arkitektura


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Azalpena eta historia

    San Estebani eskainitako ermita hau, Iruregaña esaten zaion Eibarraldeko tontorreko laugune ederrean kokatuta dago, Irureko plazan hain zuzen.

    Ermitak oin-plano angeluzuzena du. Estilo erabat herrikoia, sarrerako ojiba-arkua da eraikuntza 1500. oste-osteko urteetan kokatzeko bideren bat ematen digun estilo-elementu bakarra.

    Gainaldearen egitura, teilape irekia egituratzen duten goiara-armadura xehea, garai berekoa da, baina hala ere, badu aldarearen gainean zerua, hiru hormataleko hegazpe xume bat, gizaldi bat geroago mihiztatua.

    Sorrera

    XII mendean Don Celinos jaun nafarra, bertako erregearen hasarretu eta gero, Soraluzeko Irurera bidali zuten, Bizkaiako erregebideren zaindari. Bertan ezarri zen, bere jende, ganadu eta txakurrekin, orduko erregebide nagusi baten ondoan, Eibar eta Soraluzetik pasatzen Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituena.

    Urte batzuk geroago Nafarroako errege bera bertara etorri zen, bisitan, eta zezenketak antolatu zituzten bere ohorez. Ordurako Don Celinos etxea eraikita izango zuen (Irure Hamenguaren beste izena Irure Zaharra da) eta, pentsatzekoa denez, alboan ermita edo kapera eraikiko zuen: San Esteban.

    1936eko gerra

    Gainean dagoen Illordogaña tontorra kokapen estrategikoa izan da azken gerrateetan. 1936ko gerran Gudaroste Errepublikarrak Irureko plaza eta Illordo baserri inguruetan kokatu zituen Batallón Baracaldo-ko soldaduak. Patroiaren irudia erre zuten, eta aldare zati bat ere.

    Eraberritzeak

    40. hamarkadan, gerra bukatu eta urte batzuetara berritu zuten ermita auzokoek. Ordutik hona beste bi aldiz berriztu dute, aurretik 1980 urtean[1] eta 2009 urtean gero. Azken honetan Gipuzkoako Aldundiak 8.000 eurotako dirulaguntza eman zuen.


    Serorak eta serora-etxea

    Serora edo andere serora Europako zein Euskal Herriko lanbide erlijioso historikoa da. Beraien eginkizuna eliza, ermita, santutegi, ospital zein hilerriak zaintzea izaten zen, eta askotan bere gain hartzen zituzten apaizen eskumenetako asko.

    Erdi Aroan agertu ziren, parrokia eta eliz nagusien kasuan apaizen laguntzaile gisa, eta ermitetan arduradunak, beti bertako kofradien menpe. Bakarrik bizi ziren, bakoitza bere santutegi edo ermitaren alboan. Soraluzen bi ermita zaharrenetan egon ziren serorak: Irureko San Esteban ermitan eta Ezoziako santutegian.

    Irureko serora baten izena ezagutzen da, Magdalena de Ynsausti. Abizenari erreparatuz, ez zen oso urrutitik etorri: Iruren bertan dagoen Intxausti baserritik segururena.

    1529 urtean orduko serorak testamentuan eskatu zuen hiltzerakoan gorpuzkinak ermitaren ateraino eramateko, eta meza esateko Soraluzera jaitsi baino lehen[2].

    Irureko serora baten arabera, bere eginkizunak ermita garbitu, lanparak eta argiteria piztu, kanpaia ohi denean jo eta ermita zabaldu eta itxi[3].

    Etxeak herriak edo elizak egiten bazuten ere, Irureko serora batek beretzako etxea egin zuen 1572 urtean, ermita ondoan. 1572 urtean ilobei eman zien etxe hau bere bizi guztirako bertan bizitzeko eskubidea gordetzen zuela[4]; gainera, beretzat gorde zuen lihozko eta artilezkoa daukan arropa guztia, nahi duen moduan erabiltzeko[5].

    Trentoko kontzilioak serorak (emakumeak) sakristauez (gizonak) ordezkatzeko agindu zuen, eta parrokietan bizkor egin zuten aldaketa. Ermitetan, berriz, askoz gehiago kostatu zen. Dena dela, 1730 urterako Iruren ez zen serorarik, eta Udalak alokatuta zeukan serorategia. Urte hartan bertako errenteroak, Francisco de Yraolabeitiak, ogi-labea egiteko baimena eskatu zion jabea zen Udalari[6].


    Artelanak

    San Estebanen irudia gerran erre zuten. Noizkoa zen ez dugu ezagutzen, baina ermita oso zaharra denez, eta izena mantendu duenez, oso litekeena da irudia Ertarokoa izatea. Eraikinaz gain, barruan hauts-babesa geratzen da, flamenko estilokoa. San Martzial ermitan dagoenaren antzekoa da.

    1997ko urriak 30n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian balizko arkeologia gune moduan izendatu zuten.


    Herri-sinismenak

    Baziren Soraluzen usadio zaharrak ermita honekin lotuta.

    "Aize-itxiak"[7] zituzten umeak sendatzeko, aldare gainetik pasatzen ziren[8]. Gero, kandela piztu behar zen eta limosna laga. Oso entzutetsua zen, eta urrutitik ekartzen zituzten amek beraien seme-alabak.

    San Esteban egunean (abenduak 26) amek bere ume negartiak ekartzen zituzten ermitara; bertan errezatu eta kandela piztu era gero, umeak baretzen omen ziren, negarrak bukatuz.


    Erreferentziak

    1. En Irure se celebró un festival taurino a mediados del siglo XII. J.L. Vicuña (El Correo 1981/01/03).
    2. GPAH, Eibar, 1013 liburua, 202 orria (1603)
    3. AHPO, Soraluze, 3693 liburua, 67 orria (1572).
    4. AHPO, Soraluze, 3696 liburua, 67 orria (1572).
    5. AHPO, Soraluze, 3693 liburua, 69 orria (1572).
    6. Soraluzeko Udalaren Akta liburua 1730.
    7. Haize-minak edo flatulentzia.
    8. El culto de dulía, protodulía, hiperdulía y latría en Gipuzkoa. Antxon Aguirre Sorondo. Boletin de la R.S.B.A.P. LIX 2003-2 (401-500 orr.) eta LX 2004-1 (51-120 orr.).