Santa Ana komentua (eu)

    Sorapediatik
    Santa Ana komentua
    Santa Ana komentua. Etxaurrearen oleoa.jpg
    Estiloa
    Mendea XVII
    Kokapena Herrigune historikoa
    Mota Eraikina


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Santa Ana komentua 1950n (Soraluzeko Udala 1950)

    Azalpena

    Komentua Santa Ana kalean zegoen, kalea eta erreka artean hain zuzen; 22 zenbakia zuen. Gaur egun komentua eraitsita dago, eta bertan etxebizitzak egin zituzten: 22A, 22B eta 22C.

    Nahiz eta kanpotik bat eman, hiru eraikinek osatzen zuten komentua (gorriz planoan); puntu hau barrutik oso nabarmen agertzen zen.

    Udaletxetik ikusita, hiru sarrera zituen komentua. Lehengo biak elizari zegozkion, eta hirugarrena komentu berari. Iparraldeko gailurrean kanpai-horma edo espadaina zuen, bi arkuduna. Hegoaldetik harrizko terraza birobildua zuen, ufaletatik babesteko (grisez planoan).

    Kale gainetik arkua zuen, komentua eta bestekaldeko ortuak lotzeko (berdez planoan). Ortu hauei bi zati "falta" zitzaien: bata XVIII mende bukaeran, frontoia egiteko erabili zutela, eta bigarrena 1960.eko hamarkadan, txaletekoek erosita[1].

    Bertako mojak agustinak ziren, San Agustinen Erregeladun Laterandar Kanonigak.


    Artelanak

    Elizak erretaula neoklasikoa izan zuen, 1791 urtekoa.

    Gerora erretaula berria egin zuten, neogotikoa.


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Historia

    Aurrekariak

    Sarrera nagusia: Agustinak (eu)

    1531 urtean Errukia ospitala zabaldu zuten Atxuriko etxe batean, eta bertan izen bereko serorategia, 6 serorekin.

    1584an, berriz, Ormaetxea jauregira pasa zituzten, erregela aldatuta klausura monastegia zabaltzeko.

    XVII mende erdialdera komentu berria eraikitzeko erabakia hartu zuten, Irusagarreta baserriaren lurretan. Aukeratutako tokia Ormaetxeatik hegoaldera zegoen, 100 bat metrotara.

    Eraikuntza

    1692 urtean Kalagorriko Apezpikuak ortuaren esparrua erosteko baimena eman zuen (1692/07/16). Ordurako komentuaren lanak ondo aurreratuak ziren, ze lehen kanpaia 1698 urtean jarri zen (1698/05/01), Pedro de Caminos kanpaigilearena. Kanpai-hormak bi zulo zituenez, bigarren kanpaia ere jarri zuten, baina ehun urte beranduago (1806/07/07), Bernardo de Venero kanpaigilearena hau.

    Ortuak bidearen bestekaldean zeudenez, ezin komentuarekin batera itxi, klausura-monastegi bati dagokion moduan. Horregatik, 1738 urtean Catalina de Santa Rita eta Orbe prioreak Santa Ana arkua eraikitzea erabaki zuen, galeria eta guzti, eta ortuak harresiaz itxi. Lanek lau urte iraun zuten, eta 36.930 errealeko[2] kostua izan zuten.

    Erretaula, aldiz, mende bukaeran eraiki zuten, 1791 urtean hain zuzen.

    Hiru urte geroago frantses errepublikazaleek herrian sartu zirenean[3] mojek alde egin zuten, eta Miranda de Ebro komentuan babestu ziren.

    Ondasunak

    Mojek oso bizi estu eta latza eramaten zuten. Manuel de Larramendi[4] jesuita famatuak bisitatu zituenean, hunkituta geratu zen zer nolako bizimodua zutela ikusterakoan.

    Dena dela, XVIII mende erdian komentuak ondasun dezente zituen. Besteak beste, bereak ziren Korta, Iribe, Muneta, Osuma eta Azalia baserriak.

    1834 urteko ufala

    1834 urtean Soraluzen izandako ufal handiena izan zen. Garai hartako agiri baten arabera[5] ur mailak hamalau bat metro egin zuen gora, eta hainbat eraikin eraman zituen aurretik: 15 bat etxe, 6 bat lantegi, arraindegia, zubi nagusia bera, San Salvador ermita...

    Santa Ana komentuan ere ura sartu zen. Aipatutako agiriaren arabera:

    Ur mailak 50 oin eta gehiago egin zuen gora. Moja agustindarren Santa Ana komentuari patio osoa, 9 logela eta sakristia eroan zizkion, eliza osoa desegin zion eta komentu gehiena hondatu. Mojek, eskala batez, atetik ihes egin behar izan zuten eta komentuko bikarioak, besterik ezin zuela, Sakramentua korura igo zuen eta atrilaren gainean jarri zuen, ixiotutako kandelez. Eta nahiz eta urak koruraino igo eta atrilaren oinarria inguratu, berri txar barik gorde zen.

    Ufalaren ostean mojak Mendaroko komentura joan ziren, eta bertan hiru urte egon, Soraluzeko komentua konpondu artean. Orduan egin zen hegoaldean harrizko terraza birobildua, ufaletatik babesteko.

    Urte hartan mojek Udalari adierazi zioten "...1834ko ekainaren 30eko urakan handiak komentu horretan eragin zituen kalte eta galerengatik, pobrezia handian geratu zela, eta kostu handiko lanak egin behar izan zituela"[6]. Eta, beraz, kontribuziorik ez ordaintzeko eskatu zioten, inolako baliabide barik geratu zirelako.

    Bi urte geroago Soraluzera iritsi zen Edward Bell Stephens kazetari ingelesa, Morning Post egunkariak bidalita Espainiako lehen karlistadaren kronikak egiteko. Krinika hauek hurrengo urtean argitaratu zituen, The basque provinces izeneko liburu batean bilduta. Komentuko lanei buruz idatzitakoak hauek dira:

    Herriaren goialdean eraikuntza lana topa nuen, nolabait harritu ninduena. Agustindarren komentua zen (ibai ertzetan lekua bilatuz ibaian bertan eraiki zena), ufal astunek errespetu falta handiz azken neguan astinduta, mendi urrunetatik ekarritako eta itxura bitxiko harritzarrak botatzen. Praileak, elementuen gerrak zein monastegien apurketek zein Usturiz eta Mendizabalen mehatxuek batere ikaratuta, segituan hasi ziren beren etxebizitza berreraikitzen, hainbat gehikuntza eta hobekuntzekin. Guneak (ia villa txiki bat osatuz) ia amaituta ematen zuen, eta ufalari aurre egiten dio, bainontzi flotatzaile balitz, eta branka erdian dauka Mississippi ibaiaren lurrun-ontzietan eserlekua esaten diotena, Madrilgo demokratak baino askoz arriskutsuagoak diren ekaitzak, euriak, uholdeak eta harkaitzak osaten duten laukotearen higadura ekiditzeko kutxa muturduna; halaxe ematen zuen Agustindarrek uste zutela, beren komentua berreraikitzeko gastu itzelak egiten ari zirelako. Erreginaren aginteari mesprezioko erakustaldi asko ezagutu ditut, baita Don Carlos boterearen egonkortasunean konfiantzazkoak; baina erakustaldi praktiko hau konbentzigarriena zen. Ez dut konfiantza handirik gerra honen aldaketa eta aukerak kalkulatzeko nire gaitasunean, baina gai eztabaidatsu honetan praile santuen autoritateari errespetu handia diot. Ez nuen beren predikatik berba bakar bat ere entzun, baina haien praktika nahikoa izan zen niretzat, eta uste nuen monasterioen desegitea ezin dela erraz gauzatuko Soraluze herri leialan, eta Agustindarren ur-jauregia segurtasuna oso errez bermatu zitekeela, "olatuen eta arroken arriskuez salbu".

    Han, han, han! Nun, nun, nun?

    Santa Ana komentua beti izan da Soraluzeko metereologia sarearen parte.

    Artetakoek ekaitza zetorrela igartzen zutenean (haizeak jotzen zuen norabideagatik, lainoen abiadura edo euren altitudeagatik, edo beraiek bakarrik somatzen zituzten beste zantzu berezi batzuengatik) San Andresko ermitako kanpaiak jotzen zituzten abisu emateko: Han, han, han!. Kanpai hots honek, gero, erantzuna izaten zuen: Nun, nun, nun? erantzuten zuen kaleko kanpandorreko Santa Barbara kanpaiak, soinu baxu eta sakonez. Eta Santa Ana monjen konbentuko kanpaia ere ez zen ixilik geratzen.

    Arkua botatzen (1977)

    1936eko gerra

    Gerra garaian ere, sistema berbera erabili zuten herritarrak bonbardaketaz abisatzeko: San Andresekoek lehen, parrokiakoek gero eta Santa Ana komentukoek azkenik.

    Momentu batean, miliziano batek komentua dinamitaz lehertzeko asmoa izan zuen, baina geldiarazi zuten.

    Itxiera eta eraisketa

    XX mendearen bigarren erdiko bokazio-krisiak Soraluzeko komentuan ere jo zuen: gero eta moja gutxiago geratzen ziren, eta horiek gero eta zaharragoak.

    Horregatik, 1975 urtean komunitateak Mendaroko komentura aldatzea erabaki zuen, betiko. Mendaron ere arazo berbera zegoen, eta handik urte batzutara Mendaro utzi eta Astigarragara joan ziren moja guztiak.

    Aurki hasi zen komentuaren eraisketa. Aurretik arkua, Oleako lantegietako kamioiei bidea errazteko. Gero, etxeak egin ziren ortuetan. Eta, azkenik, komentu bera bota eta etxe berriak egin ziren. Lekuko bakarra geratu zen urte batzutan, kanpai gabeko kanpai-horma bera, baina hura ere bota zuten.


    Liburu eta artikuluak

    Mojak komentutik joan eta gero, 1998 urtean Mª Rosa Ayerbe Iribar andereak bertako dokumentu-fondoa katalogatu zuen, agiri zaharrena XVI mendekoa dela. Emaitzak San Agustinen Erregeladun Laterandar Kanonigen artxibo agiri zerrenda: 1511-1990 liburuan jasota daude.

    Honetaz gain, badaude Santa Ana komentuari buruzko beste artikuluak ere:


    Erreferentziak

    1. Santa Ana kaleko 17. zenbakia. Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
    2. 36.930 reales de vellón.
    3. Konbentzio gerra (1793-1795).
    4. Manuel Larramendi. Wikipedia (euskaraz).
    5. Inundación del 30 de junio de 1834. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1978).
    6. "...que por los incalculables daños y perjuicios que causó en dicho convento el gran uracán del día 30 de junio de 1.834, quedó en la suma pobreza, y precisado a realizar obra de mucho coste" (ACSAP-SSAKA, Astigarragako Agustinas 1834).