Santa Maria la Real. Erretaula nagusia (eu)
Santa María la Real. Erretaula nagusia | |
---|---|
![]() | |
Estiloa | Neoklasikoa |
Mendea | XVIII |
Kokapena | Santa Maria la Real eliza |
Mota | Eraikina/ Eskultura |
Contents
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Azalpena
Erretaulak hiru zati ditu: banku edo oinarria, gorputz nagusia eta atikoa. Bankuaren gainean, gorputz nagusiak hiru zati ditu. Erdikoak, absidearen sakontasuna erabiltzen du nitxo moduko egitura batean. Bertan, egur polikromatuz egindako Andre Maria eta aingerutxoak azaltzen zaizkigu, oinarri handi baten gainean.
Erdiko zati honek alde bakoitzean hiru zutabe erraldoi ditu. Zutabeek fuste ildaxkatu eta kapitel hornituak dituzte eta gainean taulamendu erraldoia dute. Frisoak landare itxurako apaingarriak ditu. Erlaitza zabala da eta moldura eta modiloiak ditu. Gainean, atikoa hasten da.
Atikoan Aita, Semea eta Espiritu Santuaren talde eskultorikoa dago. Alde bakoitzean pilastra bat du eta hauen gainean frontoi arku bat, aingerutxo eta floroiz apaindutako arku batez inguratuta. Erlaitzaren alde bakoiztean, aingeru bat dago belauniko. Aldeetan ondoko goi-erliebeak daude: San Jose haurrarekin eta Artzain Ona.
Erretaula barrokoa
Gaur eguneko elizaren traza edo diseinua Pascual de Iturriza maixuak burutu zuen, 1541 urtean. Nahiz eta lanak behereala hasi, diru falta zela eta motel ari ziren. 1544 urtean Domingo de Elorduy margolariak kapera nagusia pintatu zuen (ez da ezagutzen hormak kolore bakarrekoak margotu zituen, edo "margotutako erretaula" egin zuen).
1606 urtean, Gipuzkoako korregidoreak agindutako txostenean[1], eliza bukatu gabe eta erretaula barik zegoela jasotzen da.
Honi eskez, elizaren patroia behartu zuten jasotako "hamarrekoen" herena lanetan erabiltzeko, eta hurrengo hogei urtetan eliza bukatuta zegoen. Erretaula ere egin zuten, barrokoa, segur asko garai honetan bertan. Ramiro Larrañagaren arabera, Gregorio Fernández-en[2] eskolakoa omen zen, urte haietan Gasteizen eta Deba bailaran asko lan egin zuen eta (Eibar, Arantzazu, Bergara...)
Baina XVIII. mendeko azken hamarkadetan gaizki zaindutako kandela batek aldareko oihalak piztu zituen, eta sortutako suak erretaula hartu zuen. Ezer gutxi gordetzeko aukera izan zuten: Amabirginaren irudi erdi erreta, urteetan elizaren ate nagusiaren gainean egon zena, eta gaur egun Abadetxeko kapilan gurtzen dena.
Erretaula berria
Erretaula barrokoa erreta, berria egitea erabaki zuten. Lehen diseinua Thomas de Jauregi eskultoreari eskatu zioten, momentu hartan Nazareno eta Dolorosa kaperetako erretaulak egiten ari zela Soraluzen (1767); baina atzera bota zuten.
Orduan Espainian zen arkitekto puntakoenari eskatu zioten erretaularen traza asmatzeko, Ventura Rodriguez[3] jaunari (1717-1785). Euskal Herrian harenak dira Iruñeko katedraleko aurrealdea (1783) eta Noaingo akueduktuaren proiektua (1780).
Lehen bi proposamenak
Ventura Rodriguezek eskaera onartu zuen, eta egin zuen lehen gauza aurreko erretaula gutxiestea izan zen: "...erretaula zaharraren arkitektura atondu gabekoa da, azken berrehun urtetan erabili ohi dena eta Aintzinatearen naturaltasun, seriotasun eta dotoretasunetik urruti dagoena."[4].
Eta erretaula berrirako bi diseinu proposatu zituen. Lehena azkenean eraiki zenaren oso gertu: absidearen erdiko horman leiho borobil handia zabaldu, atzean horma-hobi edo nitxoa eraiki Ama Birjinaren Jasokundea eta hilobirako; apostoluak ere agertuko ziren, behe-reliebean; eta multzoa argitzeko goiko aldean linterna bat egingo zuten, ezkutuan. Aldarea eta inguruak harri leunduzkoak izango ziren, eta bi oroitarri egongo ziren eraikitze urtea gogoratzeko. Sagrarioa eta ganderailuentzako harmailak intxaurrezkoak, margotuak eta urreztatuak, ekialdeko harri eta brontzearen moduan[5]. Diseinu honen aurrekontua 147.000 erreal koartokoa[6] zen, gutxi gora behera.
Bigarren diseinua askoz merkeagoa zen. Absideko horma apurtu beharrean (beraz, ez zen horma-hobirik ezta linternarik egin behar) bertan jarriko zen Jasokundearen behe-reliebea. Beste diseinuan agertzen ziren hainbat apaingarri ere ez ziren egingo[7]. Honen aurrekontua 93.000 erreal koartokoa zen.
Bigarren proposamena
Egurrezko erretaulak debekatuta zirenez, Soraluzetik eskatu zioten Ventura Rodriguez-i bigarren diseinuaren aurrekontu berria bidaltzeko, baina harriz edo estukoz egiterakoan. Bere erantzuna, “marmolez egin eta gero”, aurrekontu berria 210.925 erreal koartokoa izango zela[8]
Estukoz egin eta gero, eskulana eta lehengaien aurrekontua 93.000 erreal koartokoa zen, eta eskultura lanak aparte.
Aukeratua
Azkenean, gauzatutako diseinua aurrekoaren oso antzekoa izan zen. Eraikitzeko harlagaintza (adreilua, karezko morteroa eta igeltsua) eta estuko polikromatua eta urre kolorekoa erabili zituzten.
Lanak zuzentzeko, berriz, Ventura Rodriguez-ek Bergarako Miguel Antonio de Jauregui aukeratu zuen. 1792.ean bukatuta omen zeuden lanak[9].
Miguel Antonio de Jauregui Tomas de Jaureguiren semea zen, hain zuzen. Soraluzetar ospetsu batekin ezkondua zen, Barbara de Aguirre, eta beste lan batzuk egin zituen Soraluzen: Erregetxe zaharra handitzeko proiektua (1785), Errebote-frontoia (1788), Santa Ana komentuko erretaula (1791), Erregetxe berria (1804-1809)...
Zaharberritzea
Soraluzeko Santa María la Real elizako erretaulak primerako itxura du zaharberritze lanen ondoren (1999-2008).
Lan hauetan altxatutako aldeak asentatu, askatutako elementuak egonkortu, gainazaleko zikinkeria garbitu, eta hezetasunak eta gatzak hondatutako inguruak berritu dituzte. Amaitzeko, erretaula osoa babestu da.
Erreferentziak
- Soraluzeko arkitektura erlijiosoa: Parrokia-elizaren azterketa artistikoa. Ramon Leturiondo Altube