Soraluze mapetan (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 03:06, 10 urtarrila 2016
    Legionis, Biscaiae et Guipiscoae Typus. Jodocus Hondius (1619)

    (1619) Legionis, Biscaiae et Guipiscoae Typus

    Jodocus Hondius herbeheretarrak Gerard Mercator-ren Atlas-a erosi zuen, osatu eta 1619 urtean argitaratu zuen, Atlas izenarekin (liburu zaharren munduan Mercator-Hondius Atlas moduan ere ezagutua). Geroago bertsio txikiagoa argitaratu zuen, Atlas minor izenekoa.

    Bertan lamina hau dago, Legionis, Biscaiae et Guipiscoae Typus izenekoa. Laminak 48.7 x 35.8 zm ditu, eta eskuz margotuta dago.

    Kantauri kostaldea erakusten du, Oviedo paretik Baionaraino, eta bi itsasontzi ere. Lehorretik Zamora, Toro eta Tordesillas harrapatzen ditu.

    Placencia inguruan, Oxirondo eta Bergara banatuta agertzen ditu. Arrasate inguruan ere auzo guztiak agertzen dira. Elgeta inguruko mendietan, berriz, bi herri ezezagun, Maia eta Aquioter (Angiozar?).


    Biscaia et Gvipvscoa Cantabriae veteris pars. Johannes Janssonius (1642)

    (1642) Biscaia et Gvipvscoa Cantabriae veteris pars

    Willem Janszoon Blaeu (Johannes Janssonius deituta ere) herbeheretarrak Atlas Novus izeneko atlasa argitaratu zuen Amsterdamen, 1634 urtean.

    Bertan lamina hau dago, Biscaia et Gvipvscoa Cantabriae veteris pars izenekoa (Bizkaia eta Gipuzkoa Kantabriako alde zaharrak). Laminak 48.0 x 55.7 zm ditu, eta eskuz margotuta dago.

    Bertan Plasencia agertzen da oso nabarmen, maparen erdi-erdian; izena letra handiz idatzita dago, eta ikurra ere handiagoa eta osoagoa du. Beste zazpi herri besterik ez dira modu horretan agertzen: lau Bizkaian (Bilbao, Vitoria, Laredo eta S. Andero.), bi Nafarroan (Iogronno eta Calahorra) eta zazpigarrena Galian (Baiona).

    Maparen arabera, Bizkaia denak Gipuzkoa, Araba, Kantabria eta Burgos iparraldea hartzen zituen bere baitan. Nafarroa gaur egunekoa baina handiagoa agertzen da: alde batetik Hondarribia eta Irun hartzen ditu, Arabako Sonsierran ere sartzen da Guardiaraino, eta Ebro ibaiaren bestealdea ere beretzat hartzen du.

    Garai hartan Errobi ibaia ez zen Baiona parean itsasoratzen, 20 bat kilometro gorago baizik, gaur eguneko Vieux Boucau parean (hau da, Bokale Zaharra euskaraz).


    Fitxategi:Carte Generale D'Espagne et de tous les Royaumes (Melchior Tavernier et Nicholas Sanson 1658).jpg
    Carte Generale d'Espagne et de tous les Royaumes. Melchior Tavernier eta Nicholas Sanson (1658)

    (1658) Carte Generale d'Espagne et de tous les Royaumes

    Nicolas Sanson (1600-67) oso kartografo ona izan zen, Frantziako Geografia Eskolaren sortzailea eta Luis XIIIaren maisua. Hil zenean, hiru semeek gidatu zuten enpresa, eta gero iloba.

    1658 urtean, Melchior Tavernier-ren laguntzaz, Cartes générales de toutes les parties du monde (Munduko alde guztien mapa orokorrak) argitaratu zuen Parisen. Bertan dago lamina hau: 53.8 x 39.7 zm ditu, eta erresuma ertzak eskuz margotuta daude.

    Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia elkarrekin agertzen dira, erresuma osatzen. Bizkaiak Kantabria erdia hartzen du, Santanderreraino. Haruntzago, bi Asturiak: Santillanako Asturia eta Oviedoko Asturia.


    La Biscaia Divisa Nelle Sue 4 Parti Principali. Giacomo Cantelli da Vignola (1696)

    (1696) La Biscaia Divisa Nelle Sue 4 Parti Principali

    Giacomo Cantelli da Vignola kartografoa (1643.1695) italiarra zen. Mapa asko argitaratu zituen bere bizitzan, eta 1695 urtean hil zenean batzuk argitaratu gabe geratu zirne, horien artean La Biscaia Divisa Nelle Sue 4 Parti Principali. Hurrengo urtean Giacomo Giovanni Rossik argitaratu zuen, Erroman.

    Mapa hau egiteko Cantellida Vignola-ren lana hartu zuten oinarri, eta Aubrey Barbey-k grabatu zuen. Laminak 56.3 x 43.5 zm ditu, eta zuri-beltzean dago.

    Bizkaia lau probintziatan agertzen da: Bizkaia bera, Gipuzkoa, Araba eta Lau Hiriak (Cuatro Villas edo Quatro Citta). Placencia inguruko herriak baino nabarmenago agertzen da. Iparraldean, Errobi ibaiak bere bidea egin du Baiona ondoan itsasoratzeko.