Udala. Foru garaia (1343-1499) (eu)

    Sorapediatik
    Udalaren bilakaera historian zehar ikusteko, Udala (eu)

    Soraluzeko Forua

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Aurrekariak

    Placencia de Soraluze hiribildua 1343 urtean sortu zen, Alfonso XI erregeak Algecirasen hiri-gutuna eman ostean.

    Baina hiria sortu zuen bertako biztanleek eskatuta (eta ez erregeak bultzatuta). Izatez, lau urte aurretik (1339) Soraluzek alkate eta guzti zuen, Pedro Ruyz de Aguirre izenekoa.

    Dena dela, orduan Soraluze ez zen hiri askea, nobleen menpe zegoen eta. Logroñoko Foruak, Soraluzen ezarri zenak, argi asko ere esaten zuen: ...bertan bizi nahi dutenei legea eta forua ematea, menpekotasunaren zapalkuntza astunaren azpian egon gabe bizi ahal izateko....

    Logroñoko Forua

    Erregeak hiri-bildua antolatzeko agindu zuenean, Logroño Forua eman zuen lege gisa. Hau da, Soraluzeko Forua Logroñoko Foruaren kopiatu eta itsatsi izan zen.

    Logroñoko Foru honetan hiru kargu aipatzen dira: epailea (merino), alkateak eta alguazila (sayón). Kargu hauek ez zituzten biztanleek aukeratzen, erregeak baizik baizik; edo, hobeto esateko, bere ordezkoak. Hori bai, epaileak bertakoa izan behar zuen.

    Foruaren bilakaera

    Urteekin, hiribilduei emandako foruak egokitu eta hobetu zituzten, batez ere Alfontso X Jakintsuak (Las Partidas, 1256-1265) eta Alfonso XI-k (Ordenamiento de Alcalá, 1348).

    Aldaketa garrantzitsu bat herriko agintarien izendapena izan zen. Erregeak (edo ordezkoak) izendatu beharrean, etorkizunean herriko biztanleek aukeratuko zituzten… eta, beharbada, kargutik kendu.


    Antolakuntza

    Herritar guztien batzarrari "Udal Orokorra" esaten zioten, eta "udalkide" bertaratutakoei. Udalkidea izateko gizona izan behar zen, 30 urte baino gehiagokoa eta kaparea[1].

    Eta, zeintzuk ziren kapareak? arbaso kapare zutela frogatzeko gauza zirenak. Alde batetik "bizi guztiko" soraluzetarrak zeuden, guraso eta aiton-amonak Soraluzekoak zituztenak eta, berez, ezer frogatzeko beharrik ez zutenak. baina kanpotik etorritako kapare gutxi zegoen, kaparetasuna frogatzeko prozesu luze eta garestiari aurre egin behar ziotelako.

    Udal Orokorra oso gutxitan biltzen zen, gai edo arazo larrietan erabakitzeko; eta urtean behin ordezkariak aukeratzeko. Ordezkari multzo honi "Udal Itxia" esaten zioten.

    Soraluzeko Udal Itxia noiz eta nola sortu zen ez da ezagutzen, baina 1499ko ordenantzen arabera, aspalditik bost ziren ordezkariak, eta San Migel egunean (irailak 29an) aukeratzen ziren: alkatea, sindikoa eta hiru errejidore.


    Jauntxoen eragina

    Baina hiribildua izateak ez zuen esan nahi Soraluze jauntxoen eraginen kanpo geratu zenik. Gertuena, Santa Maria la Real "monastegiaren" patroia zen.

    Mugica sendiak elizetako ogia eta dirua ebasten zituen, merkatariei dirusari altuak eskatu zizkieten...

    1484. urtean Soraluzek babesa eskatu zion erregeari, Juan Alfonso de Mugica eta semeen aurka[2]. Ez dakigu zer egin zuen jauntxo honek soraluzetarren kaltetan, baina bost urte geroago (1489) aramaiotarrak Juan Alfonso de Mugicaren aurka agertu ziren: Aramaiotik kanpo ezkontzea galerazten zien, testamentuetan parte hartu zuen, hogetabost andra senarrei eskatu eta bortxatu zituen, ukatu ziren senarrak Barajueneko gotorlekuko paretetan urkatu zituen...


    Alkateak (eta beste postu batzuk)

    Aintzinako sasoi hartatik agiri eta izen gutxi heldu dira guregana:

    Urtea Postua Izena
    1339 Alkatea Pedro Ruiz de Aguirre
    1481 Alkatea Garçía Ybannes de Larriategui
    1481 Sindikoa Juan Peres de Argarate
    1481 Jurado executor Pero de Horbea
    1499 Alkatea Estibaris de Churruca
    1499 Tenientea Joan García de Arreguia


    Erreferentziak

    1. Gaztelaniaz hijodalgo, hidalgo edo noblea.
    2. Amparo a la villa de Placencia, defendiéndola de Juan Alfonso de Múgica, y de sus hijos Gómez, Ochoa y Juan, y demás parientes (Archivo General de Simancas 1484).