Zezenak XVII mendean (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 00:38, 20 martxoa 2019
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Sokamuturrak

    1601 urtean, Austriako Margarita erregina erditu zela eta, Soraluzen 140 erreal t'erdi gastatu zituzten. Bi idi erosi zituzten herrian korritzeko eta hamar zintzarri-pare alokatuta ekarri ere bai festarako. Festetan, ohizkoa zenez, zezenen osagarri dantzariek eta txistulariek ere parte hartu zuten.

    Santiago eta Santa Ana egunetan, Arna Birjina abuztukoan eta Gorpuzti bezperan, Bazko egunean eta abarretan korritzen ziren zezenak Soraluzeko kaleetan.

    1659an Joan Agirre hornitzaileak abuztuko Andramaritarako bi zezen suhar ekartzea proposatu zuen. Batari zakurrak botako zizkioten plazan, eta suzko basta ipiniko zioten (zezensuzkoa). Bestea, korritzeko izango zen.

    Mende erdialdera festetarako zezenak Nafarroatik ekartzen hasi ziren. Batzuetan, Udalak izendatutako arduradunek ekarriko zituzten. Beste batzuetan, ardo nafarrez herria hornitzen zutenek. Herrirako ardo-horniketaren eskubidea enkantean erosten zen urtebeterako, gero ardandegietan saltzeko. Kalebarrenen zegoen ardandegi bat, eta 1663.ean Errabalean ireki zen bigarrena.


    Zezenketa Plaza Zaharrean (Josepf Florencio Lamot 1756)

    Zezenplaza

    Soraluzen ere bazuten zezenak jokatzeko eta batzuetan hiltzeko ohitura.

    Horregatik 1647ean zezenetarako eta beste emankizunetarako plaza berezia egitea erabaki zuten. Garai hartako giroa ikusita, ez da harrigarria: etxetako balkoi luzeak ere, aldenik aldenekoak, plazako zezenak hobeto ikusteko ziren batipat.

    Clara Txurrukak, haren seme Pedro Irurek eta Bizente Arregik lurrak laga egin zituzten horretarako. Joan Hernizketa eskribauak idatzi zuen agiria oso argigarria da:

    ...beren lurretako Arregijalzada tokian lurzorua eskaini zietela esandako hiribilduari eta bere biztanleei, abuztuko Andramarietan edota nahi zuten urteko beste edozein egunetan zezenak korritzeko; eta hiribilduak eta bere biztanleek paretak eta behar ziren guztiak ordaindu behar zituztela, eta zezenak korritzeko eta ez beste ezertarako erabili behar zutela...[1]

    Zezenplaza hau oraingo Plaza Zaharra da, eta aurretik Kalebarreneko Plaza Berria esaten zioten.

    1651ko abuzturako bukatu zituzten zezenplazako obrak. Arregi Goikoa etxearen horman Joan Mendiola-k bost txinget ipini zituen, toreatzaileak larrialditan txinget hauetatik zintzilikatzeko eta zezenarengandik libratzeko.

    Beste arazo bat, plaza zezenetarako egoki ixtea zen. Soraluzen, urtero 30 edo 40 ohol falta ohi ziren eta bakoitzak erreala balio zuenez gero, garesti zitzaion Udalari. Horregatik, Frantzisko Iraola alkateak barreren arazoa sei urterako norbaiten esku uztea proposatu zuen, aurretik ordainduta.

    Plazarako zezenak, suharra behar zuen izan; zangarra, bizia. Bestela laster salduko zuten, soraluzetarrek 1666eko abuztuaren 24ean egin zutenaren antzera.

    Zezenplaza eraiki eta gero zezena sokari lotuta kaletan ibiltzetik plazan libre korritzera pasa zen, nahiz eta sokamuturrak gaur arte iraun.


    Erreferentziak

    1. ...avian ofrezido a esta dicha villa y sus vecinos suelo y sitio en el termino de Arreguijalzada en sus propias heredades para hazer una plaza para correr toros de las fiestas de Ntra. Sra. de Agosto y otras que durante el año se le ofrezian en todo el tiempo del mundo con que la dicha villa y sus vezinos hubiesen de hazer las paredes y lo demas de la costa para correr los dichos toros con que ellos ni la dicha villa hubiesen de ocupar en otra cosa el dicho sitio sino que solo avia de ser para correr toros…