Elizburu kalea (eu)

From Sorapedia
(Redirected from 22 de Septiembre kalea (eu))
Jump to: navigation, search

Kokapena

Kaleak Soraluzeko parrokia (Santa Maria la Real) inguratzen du. Lehenik ezkerreko aldetik, kalearen beste aldean etxebizitzak direla; eta gero elizaren atzetik, gara bateko San Andreserako bidea jarraituz, gaur egun Alejandro Calonge auzunera doana.


Loading map...


Argazkiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Historia

Garai batean Azkoitirako errepidea, San Andres eta Pagobedeinkatutik pasatzen zena, herri kaskotik abiatzen zen, elizaren ezkerraldetik eta atzekaldetik gero. Harrizko galtzada zen, nahikoa harri gorabeheratsua, idi gurdiak eta antzekoak erabiltzeko modukoa.

Herriak zabaltzen hasten direnean sarrera-irteeretan eraikitzen dira etxe berriak, eta Soraluze ez zen salbuespena. Hemen ere, kaskotik gertueneko tartean, eliza ondoan hain zuzen, etxeak egin ziren. Hortik kalearen izena: Elizburu.

Horietako etxe bat, elizako ate txikiren parean zegoena, Serora etxea izan zen. Erdi Arotik aurrera bertan bizi izan ziren herriko parrokiaren zerbitzuko serorak.

Herria bukatzen zen tokian, Elizburuko azken etxe ondoan, San Andreseko bide-gurutzearen lehen gurutzea jarri zuten.

XVIII mendean elizari alboko kaperak erantsi zizkioten, kalea estutuz. Gero, XIX mende bukaeran edo XX mende hasieran, espaloia egin zuten: kalea aldapatsua izanda, espaloiak eskilarak eta tarte lauak zituen. Aurreko tartean espaloia ezkerretik zegoen, etxeean aurrean; karkaba pasata, espaloia eskumako aldean jarri zuten.

1894 urtean iturria jarri zuten gurutzearen alboan[1], kaleko biztanleek ordainduta, etxetik gertu ura izateko.

Iturri ondoko etxean Guardia Zibilaren koartela zegoen, Maristen ikastetxea alboan eta, tartean, tren geltokirainoko eskilarak.

Gerra garaian, 1937ko irailak 15ean, orduko Udalak izena aldatu zion: Erabateko adostasunez erabaki zen Irailak 22, Arrateko martiriak eta Montejurrako Terzioa izendatzea gaur eguneko Elizburu kalea, Barrenkale (sic) eta Plaza Berria, hurrenez hurren gogoratzeko herri honetan indar askatzaileak sartu ziren data, Arraten eraildako Serafin Atxotegi eta Manuel Lersundi (g.b.) gazteak eta Soraluze askatu zuen Terzioa.

Franco hil eta gero, demokraziarekin kaleak jatorrizko izena berreskuratu zuen.

Maristen ikastetxea itxi zutenean, 1967-1968 urteetan geltokitik egin zuten San Andreserako errepidea. Orduan harrizko galtzada kendu zuten, eta eskilarak jarri kale zabalera osoan. Iturria eta gurutzea ere bota zituzten, baina berriak egin zituzten toki beretsuan.


Etxeak eta atariak

Kale honek ezkerreko aldean bakarrik ditu etxeak, eskuman eliza dago eta. Etxe gehienak, atzetik, garai bateko Kotxebidera ematen dute, gaur eguneko Etxaburuetara.

Etxeak eta atariak honako hauek dira:

  • 1. zenbakia. Etxeari Ibarrakoa esaten zaio, eta Sakristaukoa ere. Ataria Elizburu kalean zeukan, lehen solairuan. behe solairuan sastrea egon zen garai batean, eta Atxolin taberna gero. Etxea goitik behera bota eta berria egin zutenean ataria Etxaburueta aldean jarri zuten, Plaza Barriaren goiko partean.
  • 3. zenbakia. Elizburua eta Serora etxea izenekoa, aurretik harategia egon zen, eta 2000 urtetik Elizpe hotz klinika dago.
  • 3 eta 5 zenbakien artean, Elizburuko karkaba zegoen, Elizburu eta Kotxebidea lotzen zituen pasabidea, baina aspalditik itxita dago bi muturretik.
  • 5. zenbakia. Etxe honek, Ondartxaetxea izeneakoa, bi atari ditu: Elizburukoa eta Kotxebidekoa.
  • 7. zenbakia. Etxearen atzekaldeak Kotxebidera ematen du.
  • Estaziño kalea, 8. Garai batean Guardia Zibilaren koartela, guardien etxea edo la casa de los guardias esaten zitzaion. Koartelera Elizburutik sartzen bazan ere, goiko solairuetako etxebizitzek Estaziño plazan zuten bere ataria. 1966-1967 urtean, San Andreserako errepide berria egiterakoan, bota eta berria egin zuten, ataria Estaziño kaletik egin ziotela. Orduan la casa del millón esaten zitzaion, Soraluzen miloitik gorako lehen etxebizitzak zirelako (pezetatan, noski). Elorza aroztegia zabaldu zuten azpian eta 2016 urtean, jubilatzerakoan, Manuel Cifuentesek hartu zuen.

Maristen ikastetxea ere Elizburu kalean egon zen, elizaren atzekaldean. 1966-1967 urtean bota zuten, Estaziño kaleko 8 zenbakia moduan, San Andreserako errepide berria egiterakoan.


Eliza osteko karkaba

Sarrera nagusia: Eliza osteko karkaba (eu)

Parrokiaren absidearen ezkerreko aldean, horma altu batez itxirik, karkaba esaten zitzaion tokia zegoen (ikus 1.950 urteko planoa). Urtetan bere hartan egon zen, baina Soraluzen eskubaloiak indarra hartzen hasi zenean (1965tik aurrera), leku hura estali eta aldagelak ipini zituzten, dutxak eta guzti.

2.010 urtean, parrokia eta ingurua zaharberritu zutenean, karkaba hau bota zuten eta Elizburu kalea zabaldu inguru honetan.

Erreferentziak

  1. Iturriak eta urteurrenak. Mengela (Soraluzeko jaiak 1994)