Armagintzaren aurrekariak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

Suzko armen agerpena Euskal Herrian

Suzko armen lehen aipamena 1.420 urtekoa da, oinaztarren eta ganboatarren leinu gerren sasoikoa. Lazkanoko ahaide-nagusiak Loiolako etxea inguratu zuen, eta bere hormak hautsi ezinez Ihartzakora jo zuen eta, bi lonbarda edo bonbarda[1] erabilita, azken etxe hau eraitsi zuen.

Hurrengo urteetan lonbarden erabilera zabaltzen joan zen, Lope Gartzia Salazarrek Istoria de las bienandanças e fortunas bere liburuan. Ez da ezagutzen arma hauek Euskal Herrian bertan eginak ziren, edo kanpotik ekarriak.

1.452 urtean Bizkaiko fueroak hainbat armen (lonbarda, trabukete eta gainerakoak) erabilera debekatu zuen, baina eragin eskasarekin.


Suzko armen lehen ekoizpenak Euskal Herrian

1.480 urtean Gaztelako Isabel I erreginak Errege Zedula eman zuen, bertan Euskal Herriko armagileei ahalik eta arma gehien ekoizteko eskatzen ziela, eta ahalik eta azkarren emateko.

Soraluzeko lehen berriak urtebete geroagokoak dira, 1.481 urtekoak hain zuzen[2]. Eta hurrengo urtean, Medina Sidoniako dukearen enkarguz, Eibarren bi bonbarda egin ziren.

1.488 urtean, berriz, Mallea izeneko bat bitartekari ari zela, armak ekoizteko eskaera heldu zen, tartean suzko armak.

Agiri hauetan Euskal Herriko zein partetan egiten ziren armak esaten ez bazen (maizenik ere, Gipuzkoa probintziako eta Bizkaia Jaurerriko lantegietan[3]), XVIgarren mendearen lehen erdian hasi ziren aipatzen Soraluze, Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate herriak suzko esku-armagintzan, eta Araba eta Tolosa arma-zurigintzan ere.


Suzko armen lehen ekoizpenak Soraluzen

Gorago esan denez, 1.481 urterako Soraluzen armak ekoizten ziren. Soraluzek bertao agiri zaharrenak 1.509 urtekoak dira, aurrekoak erre[4] edo galdu dira.

1.512 urteko agiri batek dionez, Juan Ibáñez de Loyolak 100 eskopeta zituen eginda, baina behar bazen hileko 350 egiteko ahalmena zuen.

Hurrengo hamar urteetako agirietan eskopetak, espingardak, kofeleteak... aipatzen dira, eta 1.522 urteko agiri batean arkabuzak agertzen dira lehenbiziko aldiz.

1.548 urtekoak dira Espainiako armadarentzako lehen kontratuak[5].

Gainera, armagintzako maisutzat lehendabizikoz agertzen dena soraluzetarra da, Juan de Churruca, maestro armero, 1.561ean.

Eta 1.600 urte inguruan Unamunotar batek "frogatu" zuenez, 1.526 urtean Martin Ibáñez de Unamuno bere aittaittak arkabuzak egiteko lehen forja jarri zuen Soraluzen.

XVI mendean hartu zuen garrantzia kontutan hartuta, eta Soraluzeko agiri zaharrenak desagertu dira eta, pentsatzekoa da Soraluzen suzko armagintza XV mendeko bigarren erdian hasi zela.


Asientoak

Ordura arte arma lantegiak aipatutako herri guztietan sakabanaturik ziren lantegi ttipiak besterik etziren. Elkar-lanean ari ziren lau gremiotan bildurik, bakoitzak bere espezialitate bereziak zituzten.

Bezeroa, gehien bat Espainiako itsas-armada izan zen: armak behar zituenean enkantera ateratzen zituen (asientoak), kontratista batek hartu eta honek lana banatzen zuen beste azpikontratista artean, eta hauek ekoizpen prozesua antolatzen zuten, lanak adituen (gremioen) artean banatuz.


Erreferentziak

  • Lehenetariko kainoia, tamina ederrekoa eta kalibre handikoa
  • Mosquetes españoles en la batalla de Almansa. Alejandro Mohorte Medina (2014).
  • Hau da, en las fábricas de la provincia de Guipúzcoa y Señorío de Vizcaya.
  • Gerra aurretik Policarpo Larrañagak Eibarra eraman zituen hainbat, aztertzeko asmoarekin; baina 1.937ko bonbardaketetan Eibar erdia erre zen, Soraluzeko agiri zaharrak barne.
  • Mosquetes españoles en la batalla de Almansa. Alejandro Mohorte Medina (2014).