Ezozibidea (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

Kokapena

Ezozibidea Deba errekaren eskuma aldean kokatzen da eta, izenak adierazten duen moduan, Gabolats kaleari segida ematen dio Ezozia bailarara joateko.

Erdialdean errotonda dauka, bertatik Mendiola industrialdera doan adarra irtetzen dela. Eta adar honek beste adar dauka, etxeen azpikoa, garajeetara iristeko.

Kale nagusiak, Ezoziaruntz doanak, 350 bat metro ditu; Mendiola industrialdera doan adarrak 275 bat metro; eta garajeetakoak, berriz, 155 m. Zabalera 8 eta 10 metrotakoa da, espaloien eta aparkalekuen arabera.


Loading map...


Argazkiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Eskilarak lehengo bidera (1962)

Historia

Gerra aurreko Soraluzen herria Gabolats kaleko Kapatazenekoa izeneko etxean bukatzen zen (36 zenbakia). Hortik gora hasten zen Ezozia bailarako mandabidea, trenbideraino igotzen zena eta handik Arrizabaleta, Mendiola baserritik Ezoziako santutegira heltzen zena.

Gipuzkoako beste hainbat herritan santutegietarainoko errepideak egin ziren modutan (Arrate, Arantzazu...) Soraluzen ere Ezoziarako errepidea egiteko asmoa zegoen, baina ez zen gauzatu.

1950. hamarkadako azken urteetan errepide honen lehen zatia egin zen, gaur egungo Ezozibidea. Kapatazenekoan hasi, eta poliki poliki igotzen, beti trenbidearen ezkerretik, Arrizabaleta pareraino; bertan trenbidearen gaineko zubia eraiki zuten errepideari bukaera emateko. Errepide bukaeratik harrizko aldapa pikoa egin zuten Arrizabaletaraino, aurreko mandabidearekin elkartzeko.

Mandabidearen lehen zatia ia desagertu zen; hau da, Gabolats bukaeratik trenbideko orratzain-etxolarainokoa[1]. Bakarrik eskilara estuak geratu ziren, oinoezkoek erabiltzeko modukoak.

Ezozibidea eginda, 1960. hamarkada hasieran etxeak egiten hasi ziren. Hiru multzotan egin ziren, beti Ezozibideko ezkerraldean. Bigarrena eraikitzeko errekalderako adarra erantsi zioten kaleari.

1975 urtean Mendiola industrialdea hasi zutenean bi sarrera eman zizkioten: bata Deba gaineko zubi baten bidez eta bigarrena Ezozibidetik bertatik, errekalderako adarra luzatuz. Lotura hauen eraginez bertako trafikoa asko igo zen. Ezozirako errepidea ere garai hauetan egin zuten. Eta trenbidea kendu zutenean (1973 urtean), bertatik ibilgailuentzako bidea zabaldu zuten, Ezozibideko goikaldetik hain zuzen. Honek ere trafikoari eragin zion, txarrerako.

2000 hamarkadan, berriz, eta Eusko Jaurlaritzaren Izartu programa barruan, Soraluzeko barne saihesbidea eraiki zuten. Abiapuntua Ezozibideko biribilgunea izan zen, trenbide zaharretik Olearaino.

Ostean, biribilgunetik gora espaloia eraiki zuten, Arrizabaleta parkea egin eta erabilgarri ez zen trenbide zatia aparkaleku gisa antolatu.


Etxe eta atariak

Ingurua oso aldapatsua denez, etxe guztiek antolaketa bera daukate: garajeak behe solairuetan (inoiz dendaren bat egon da), bost solairutan etxebizitzak eta, errepide azpian, bi edo hiru solairu gehiago. Hasieran, etxeak igogailurik gabe egin baziren ere, gaur egun batzuei jarri diete.

Esandako moduan, hiru etxe multzo daude:

  • 2-8 zenbakiak. Errepide azpitik bi/ hiru solairu dituzte, lokal moduan erabiliak. Bertan Dantzari diskoteka sonatua egon zen, Lagun Maitea elkartea edota lantegi txikiak.
  • Ezozibideko biribilgunea. Mendi gainean eraiki beharrean, azpian bi solairuko eraikina du, udal lokalekin. Erabilera asko izan dituzte (eta dute): judo eskola, musika taldeentzat...
  • 10-14 zenbakiak. Hiru etxe hauek errekalderako adarrean egin zuten, eta errepide azpitik bi solairu dute.
  • 16-34 zenbakiak. Eibarko bidetik edo sahiesbidetik ikusita, herriaren ikuspegi ezagunena osatzen dute. Errepide azpitik hiru solairu dute, etxebizitzak; eta azpian beste garaje batzuk.


Erreferentziak

  1. Caseta del guardagujas del ferrocarril.