Baltegieta kalea (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

Kokapena

Deba errekaren ezkerreko aldean dago, Errabal kalearen ondoren eta Sagar-erreka auzuneraino. 720 metro luze da.

Arane iturritik Gabolatseko zubirainoko zatiari Iturburu esaten zaio.

Loading map...


Argazkiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Historia

Soraluzeko hiribildua ezarri zenean, 1.343 urtean, Baltegieta kalea harresietatik kanpo geratzen zen.

Deba erreka pasatzeko ibi nagusia Andikokalen zegoen, eta Eibarrerako bide zaharra Baltegietatik aurrera zihoan, Zabale eta Iruretik. Izatez, urte askotan Baltegieta gehiago zen bidea, kalea baino.

Kalea hasi eta 85 metrotara, erreka aldera, Arane iturria dago. Inguru horri Iturburu izena eman izan zaio, Baltegieta bezain erabilia.

XV mendetik aurrera bidearen bazterretan sortu ziren Igereta errota, San Millán y Villalegre markesaren fragua, Zupide jauregia, Mendikute dorretxea edota San Salvador ermita.

Baltegieta hasierako tartean eraiki zuten, 1.861 urtean, Fabrika zaharra (La Euscalduna lantegia). Eta XX mendearen hasieran, beherago, The Placencia de las Armas Company Limited zenak Fabrika berria.

XIX mendean Malzagako errepide berria egin zutenean, Baltegietatik pasatzen zen. Baina trafikoa handitu zenean, XX mende hasieran Iturburuko aldapa arintzea erabaki zuten; horretarako errepide paraleloa egin zuten, aldapa Fabrika berriko bulegoen aurrean hasiz. Modu honetan Iturburu errepidearen beherago geratu zen.

Eta azken urteetako aldaketa nabarmenena, Arane kiroldegia eraiki zutenekoa.


Etxeak eta atariak. Zenbaki bakoitiak

  • 1-3. zenbakiak. Arane kiroldegiko squash pistak eta patinatzeko U-a daude. Garai batean hemen, Fabrika zaharraren aurrean, The Placencia de las Armas Comany Limited enpresak Txarako biltegia eraiki zuen.
  • 5. zenbakia. Kanpaienekoa. Esaten denez, Kanpaik SAPAn lanean hasteko ahaleginak egin zituen, baina ez zuten hartu. Ordiuan, mendeku gisa, bulegoen aurrean etxea eraiki zuen, argia eta ikuspegia kentzeko.
  • 7. zenbakia. Zupide jauregia. Beste izen batzurekin ere ezagutua izan da: Zupidebarrena, Salogoengoa, Lersundinekoa...
  • 11. zenbakia. Etxe honi modu askotan esan zaio: Millaingerukoa, Zamezanekoa, Frakarresiana, Txergorinekoa. Baltegieta kaleko puntu altuenean dago etxea, errepidetik 30 harmaila baino gehiago igo behar direla.
  • 15. zenbakia. Txabola bati dagokio.
  • 17. zenbakia. Etxe honi Imillaokoa esaten zitzaion. 5 solairuko etxea, atzekaldean pasabidea daukala piso guztietan. Garai batean behe solairuan eta lehenean lantegia egon zen, eta hortik beste izena: Tapurrionekoa.
  • 19. zenbakia. Sasoi batean Alberdi Hermanos enpresa, gero Antzuolara joan ziren. Eraikinean etxebizitzak egin zituzten.
  • 21. zenbakia. SAPAren babes antiaereoa, 1.942 urtean egina.
  • SAPAko iturria.
  • Fabrika berria. Biltegiak, 1.938-1.941 urtetan eginak.


Etxeak eta atariak. Zenbaki bikoitiak

  • 2. zenbakia. Arane kiroldegia. Orube honetan Fabrika zaharra egon zen, eta aurretik Dolarekoa etxea.
  • 4. zenbakia. Etxe honi Iturburukoa esaten zitzaion, Arane iturria alboan dauka eta.
  • 6. zenbakia. Intxaurdieta etxea. Otolanekua ere esaten zitzaion, gerra ostean Otola familikoek bertako okindegia hartu zutelako, gaur egun Mendizabal okindegia.
  • 8. zenbakia. Etxe honi Txestxena edota Txermena esaten zitzaion.
  • 10. zenbakia.
  • 12. zenbakia. XX mende hasieran sokazko zubia[1] zegoen Arkiaukua etxeraino (Gabolats 4); irlan oraindik agertzen omen da erdiko zutoinaren porlanezko oinarria.
  • 14, 16 & 18 zenbakiak. Etxe hauek Malmero zentrala izandako tokian eraiki ziren. Aurretik zegoen etxeak beste izen batzuk ere izan ditu: Igaraeta, Iturribaltzaga, Malmerokoa.
  • 22. zenbakia. Baltegieta edo Mendikute dorretxea. Zabalekoa ere ezagutua.
  • 24. zenbakia.
  • 26. zenbakia. Santosenekoa edota Bizarrenekoa.
  • Gabolatseko zubia. XX mende hasieran eraikia.
  • Fabrika berria. Tratamendu termikoen nabea. Neurri txikikoa eta solairu bakarrekoa da, nahiz eta altura handia izan. Egitura hormigoi forjatuzkoa du, eta estalkia AEBetako tipoko burdinazko zertxen gainean.
  • Fabrika berria. Solairu bakarreko nabea, burdinazko egituraz eraiki zituzten, errematxatutako sareta-zutabeak eta -habeak erabiliz. Era berean, AEBetako tankerako zertxak ere baliatu zituzten. Lantegira, jatorriz, fatxada laburretatik sartzen zen, zirkulu erdiko arkudun ateak igarota (gaur egun tratamentu termikoen nabea dagon tokitik).
  • Fabrika berria. Bulegoak. Noranzko bakarreko hormigoi forjatuzko egiturako eraikina da, eta adreilu zarpiatuzko hormak ditu. Fatxada hiru erregistrotan eta zazpi ardatzetan antolatuta dago, eta garai batean frontoia zeukan goialdean, gaur egun botata dagoena. Estalkia laua da.
  • Fabrika berria. Solairu bakarreko nabea. Burdinazko egituraz eraiki zituzten, errematxatutako sareta-zutabeak eta -habeak erabiliz. Era berean, AEBetako tankerako zertxak ere baliatu zituzten.
  • Fabrika berria. Tailer-eraikina. Hiru solairu ditu, fatxada nagusia hiru erregistrotan eta zazpi ardatzetan antolatuta dauka, eta estalkia laua ere.
  • Fabrika berria. Ekonomatoa. Bi solairu ditu, goikoan taberna eta jangela zegoen.
  • 30. zenbakia. Olabarrenako erretenaren gainean eraiki zuten hiru solairuko etxe hau.
  • 32. zenbakia. Olabarrena egon zen bertan. XX mende bukaeran bota zuten, etxe domotikoak egiteko.
  • 36. zenbakia. Etxe zahar honetan SAPAk biltegia izan zuen. Tailerrak ere egon dira. Gaur egun hutsik dago.


Erreferentziak

  1. Himalaian eta Andeetan erabiltzen diren modukoa.