Bilakaera urbanistikoa. Hastapenak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)
Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako galtzada

Erromatarrak: galtzada eta ibia

Kristo aurreko I mendean erromatarrak Euskal Herriaz eta Soraluze inguruaz jabetu ziren. Hurrengo mendeetan Kortazar mendigainean defentsa lerro bat antolatu zuten[1].

Kortazar mendia oso puntu estrategikoan zegoen, Iruña-Veleiatik[2] itsas-ertzerako balizko galtzadaren gainean: Iruña-Veleiatik irten, eta Kruzeta mendilepoa zeharkatuz Aramaio bailaratik Arrasate ingurura heltzen omen zen, Garagartza auzoan mansio edo etapa bat zegoela; handik Deba ibaia jarraitzen Debaraino heltzen zen, Tritium Tiboricum[3] porturaino (gaur eguneko Astigarribia).

Galtzada Soraluzera iritsiko zen ibaiaren ezkerraldetik, gaur egunean zubi nagusia dagoen tokiraino. Bertan ibaia zabaltzen denez[4], ibia zegoen, bestekaldera zeharkarzeko toki aproposa.

Behin bestekaldean, ibaiaren eskumaldetik, galtzada San Roketik gora egingo zuen Elgoibar eta Debaruntz.

Ibi hau Garagartza eta Astigarribiaren erdibidean dagoenez, hau da, etapa baten erdian, oso litekeena da bere inguruan herrixka bat sortzea, etorkizuneko Soraluze.


Azkoitirako erregebidea Pagobedeinkatu inguruan (J.C. Astiazarán 2018)

Ertaroa: erregebideak

Hurrengo mendeetan erromatar galtzada erabiltzen jarraitu zuten, Gasteiz eta Gaztelatik itsasoraino. Gainera, berriak sortu ziren, Soraluzeko ibia bidegunea bihurtuz.

Alde batetik, Bizkaia alderako bidea zegoen. Ibia zeharkatu barik aurrera jarraitzen zuen; Sagar-errekara heltzerakoan mendian gora egiten zuen Irureraino, eta handik Azitainera jeisten zen.

Bigarren bidea Azkoitirakoa zen. Ibia zeharkatuz gero, ezkerrera jo beharrean, mendian gora egiten zuen San Andresetik Pagobedeinkaturaino, era handik Azkoitira Azkarate mendilepotik.


Ertaroa: kontrolguneak

Bideetan aurrera era atzera zebiltzan jendea era merkatariak kontrolatzeko (eta zergak kobratzeko) hainbat kontrolgune zeuden Soraluze inguruan.

Erregebide nagusian, itsas-ertzeea zihoanean, garrantzitsuena Arregia dorrea zen. Harkaitz baten aurrean eraikita, bidea dorrea eta harkaitzaren artean pasatzen zen eta, beraz, kontrola ezin errazagoa zen.

Beste puntu bat Atxuri etxea izan zitekeen, ibaiaren beste aldean. Aurrekoaren moduan, hau ere harkaitz baten aurrean eraiki zen (Haitz zuri > Atx zuri > Atxuri).

Duda gehiago daude Gazteluarekin[5]. Ibiaren gainean dagoenez, pentsatzekoa da berau gordetzeko sortu zutela. Hala ere, ez da inolako agiritan agertzen, eta ez da aztarna zaharrik gordetzen. Gauza bera esan zitekeen elizarengatik, gazteluaren bestekaldean dago eta.

Azkenik, XII mendean Nafarroako erregeak bere lehengusua bidali zuen Soraluzera, Iruren, etxea egiteko; modu honetan Eibarrerako bidea kontrolpean izango zuen.


Soraluze eta Herlabia 1343 aurretik

Ertaroa: etxe multzoak

Honetaz gain, inguruan bizi zen jendea zegoen. Biztanle haiek bi ibiren inguruan bildu ziren.

Alde batetik ibai nagusiaren (Ibaizabal) ibiaren eskumaldean, bidegurutzearen ingurunean. Bailara bertan pixkat zabaltzen denez, soro luzea osatuz, Soraluze hartu zuen izena.

Eta bestetik Erlei errekaren ibiaren inguruan: Herlaibia. Dena dela, Herlaibiako biztanleak sakabanatuagoak egongo ziren Soraluzekoak baino, hiri-gutunean eremua berbaz azaltzen da eta.

Garai horretako etxeak inolako plan orokorrik gabe sortuko ziren, bakoitza bere aldetik. Hiribildua sortzerakoan hau dena aldatuko zen.


Monastegiko elizaren aztarna zaharrak labanan

Ertaroa: Soraluzeko monastegia

Azkenik, Soraluzeko monastegia aipatu behar da.

Nahiz eta abade eta praileak mende batzuk lehenago agertu, agiri zaharretan agertzen den lehen aipamena 1267 urtekoa da.

Monastegiko eliza gaur eguneko parrokia dagoen tokian zegoen, baina gainontzeko eraikinen arrastorik ez da geratzen.


Hurrengoak. 1343: hiri gutuna

Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Hiri gutuna (eu)

1343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Bertan Soraluzeko eta Herlaibiako biztanleei hiribildua sortzeko agintzen zien, bere harresi eta elizarekin.

Beste toki askotan moduan, herri berria lauki formarekin egin zuten. Bi kalek zeharkatzen zuten lau etxe multzo utziz. Etxe hauen zabalera 6 kanatan zegoen arautua. Beheko solairua harrizkoa izaten zen, eta lehen pisua egur eta adreiluz egindakoa.

Hiribilduak harresia eta ateak zituen; arrasto bakarra agiri zaharretan geratu da. Nahiz eta erregeak halaxe agindu, ez zuten eliza berririk egin, aurretik zegoena aprobetxatu zutelako (Soraluzeko monastegiarena).


Erreferentziak

  1. Kortazar mendiko erromatar aztarnak.
  2. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
  3. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)
  4. Ibaizabal esaten zitzaion inguruari.
  5. El castillo.