Bilakaera urbanistikoa. Kañoi fabrikak (eu)

    Sorapediatik
    Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)

    Aurrekariak. XVIII eta XIX mendetako herri lanak

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. XVIII eta XIX mendeetako herri lanak (eu)

    XVIII mendeko garaiak oso oparoak izan ziren, Espainiako Armadak bitartekari bakarra izendatzerakoan ( Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia aurretik eta Filipinetako Errege Konpainia gero) ekoizpena handitu zen eta ordainketak askoz fidagarriagoak bihurtu.

    Oparotasun hau herri lanetan nabarmendu zen: gaur eguneko zubi berria eraiki zen, hiru arkuduna; errebote-frontoia ere (1788), eta Erregetxe berri bat egiteko proiektua izan zen (1785) baina ez zen gauzatu.

    1794 urtean, Frantziako Konbentzio gerrarekin, herriaren gainbehera hasi zen. Dena dela, hamar urte geroago, 1804 urtean, Erregetxe berriari ekin zioten.

    Urte guzti hauetan, 1776etik 1816 arte gutxienez, lanak egin zituzten erregebide berria Maltzagatik zabaltzeko, Iruretik eta San Roketik pasatzen zirenak ordezkatuz. Ordaintzeko ardau eta mistelei zerga berezia ezarri zieten.

    XIX mendea oso zaila izan zen: Frantziako Konbentzio gerraren ostean Espainiako Independentzia gerra (1808-1814) etorri zen, lehen karlistada gero (1833-1840), 1834ko ufal handia, Oviedo eta Trubiako lantegien konkurrentzia...

    Baina, 1831 urtean herri lan garrantzitsuak egin ziren: Kalebarreneko hiru etxe bota ziren Plaza Barria egiteko (1831), Ipiñarrietatik ura ekarri zuten plazara, bertan iturri ederra eraiki, eta Udaletxe aurreko plaza azpian Labaderoa egin zen.

    Eta 1834ko ufalaren eraginak konpontzeko, apurtutako zubiaren bi arkuak arku zabal batekin berreraiki zuten eta Santa Ana komentuko hegoaldean babes borobil potorra egin zuten.


    Fabbrika zaharra

    Fabrika zaharra

    XIX mendearen erdialde arte gremioek eta Espainiako armadak zuzenean negoziatzen zituzten eskaerak, eta gero gremioek beren kideen artean banatzen zuten lana. Baina garesti fama irabazia zuten, eta sistema desegiteko gogo bizia zegoen.

    Soraluzen José Ignacio de Ibarra e Iribecampos jauna izan zen aintzindari. Armagile ospetsu eta indartsua izateaz gain, herriko alkatea ere bazen. Sistema gremiala desegin zutenean enpresa handi eta modernoa egitea erabaki zuen. Horretarako, 1860ko urriak 16an Villalegre eta San Millán-go markesari (Luciano Porcel y Valdivia jaunari) txara inguruko lurrak erosi zizkion, gaur egun kiroldegia dagoen tokia, hain zuzen.

    Hurrengo urtean La Euscalduna enpresa sortu zuen, eta Fabrika zaharra eraiki[1]. Euscalduna fabrika ere esaten zioten.

    Eraikina 1976eko apirila-maiatza bitartean eraitsi zuten. Orubean Arane kiroldegia eraiki zuten.


    Soraluzeko geltokia (paisajes Españoles 1959)

    Trenbidea eta geltokia

    XIX mende bukaeran Durango-Eibar-Bergara-Zumarraga trenbidea eraiki zuten. Soraluzeko tartea 1888 urtean zabaldu zuten.

    Trenbidea ibaiaren eskumako ertzetik egin zuten. Herri kaskoa sahiesteko, ibai-kotatik nahikoa gora egin zuten trenbidea. Elizaren atzekaldean geltokia eraiki, eta aurrean enparantza zabaldu zuten.

    Geltokira bertara heltzeko Erregetxetik hasita Kotxebidea zabaldu zuten.


    Zubi berriak

    Zubi Nagusiaz gain, ibaia zeharkarzeko harpasoak erabili izan dira mendeetan. Ordezteko, XX mende hasieran bi zubi berri egin ziren, oinezkoentzat biak ala biak: Errekaldeko zubia eta Gabolatseko zubia.

    Urteekin, Gabolatsekoa ibilgailuentzat egokitu zuten.


    Baltegietako aldapa berria

    Herriko zeharbidean, Baltegietako aldapa oso gogorra suertatzen zitzaien garai bateko ibilgailuei: Baltegieta jauregitik Intxaurdieta etxeraino joaten zen.

    Horregatik, aldapa luzatu zuten Intxaurdietatik SAPAren babestokiraino. Garai bateko errepidea albo batera geratu zen, bertakoek Bidetxiki esaten zitzaiola.


    Fabrika berriaren bulegoak

    Fabrika berria

    Fabrika zaharrean leku falta zela, eta irisgarritasun eskasa zuenez, The Placencia de las Armas Company Limited jabeak lantegi berri bat (Nueva Fábrica de Placencia de las Armas) eraikitzea erabaki zuen. Horretarako, Maltzagatik etorrita herri sarreran zeuden lursailak aukeratu zituzten, Benta-txuri eta Benta-zarra inguruetan.

    1916-1926 urteetan fabrika berriaren eraikin nagusiak sortu zituzten (bi nabe, bulegoak, prensa lantegia eta ajuste lantegia). Gerra ostean eraikin laguntzailekin osatu zuten: biltegia (1938), ekonomatoa (1941), babes antoaereoa (1942) eta kainoi probalekua (1946-1953).

    Gaur egun eraikinak hutsik daude.


    Bestelako lantegiak

    Gerra aurretik, eta ostean ere, lantegi txikiak hazten hasi ziren, eta eraikin berriak egin zituzten: Sacia, Amuchastegui, Aranguren...


    Erakunde publikoak

    Aldi honetan bi erakunde publiko sortu eta beren egoitzak egin zituzten.

    Bata, Babesetxe-Ospitalea. XIX mende bukaeran urtetan ibili ziren ospital berria egiteko ahaleginetan. Azkenean, eta Isidoro Iturriagak indianoak emandako diruari esker, 1896 urtean Atxuri kaleko Mendizabal etxea erosi zuten eta Babesetxe-Ospitala antolatu.

    Bigarrena Maristen ikastetxea izan zen. Elizburu kalean eraiki zuten, 1909 urtean, tren geltokiaren ondoan.


    Hurrengoa. Desarrollismoa

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Desarrollismoa (eu)

    Gerra osteko estuasunak arinduta, 1950tik aurrera Soraluzen industria loratu zen, batez ere torlojugintza. Ordurako martxan ziren lantegiak hazi ziren, ehundaka langile hartuz: Amuchastegui, Aranguren, Arizaga, Barrenechea, Gol, Lete, Oruesagasti, Sacia, Ucin… Lantegi hauek gero eta handiagoak egin ziren. Eta beste lantegi berri asko zabaldu ziren, asko eta asko etxeazpietan.

    Gerora begira, 1970 hamarkadan enpresari batzuek Mendiola industrialdea sustatu eta egin zuten baina, 1973eko krisia zela eta, enpresek urteak eman zituzten hara mugitu arte.

    Euskal Herriko beste hiri era herri askoren moduan, Soraluzera etorkin asko etorri ziren 1950 eta 1960 hamarkadatan. Biztanle kopurua bikoiztu egin zen eta, nahiz eta herriko etxe askotan solairu bat edo bi gehitu, oraindik ez zen nahikoa.

    Hurrengo hogetamar urteetan auzo eta kale berriak sortu ziren: 1950 hamarkadan Gabolatsen (iturri inguruan), Alejandro Calonge eta Serafin Achotegi, Sagar-erreka, Arraikua eta Loralde; 1960 hamarkadan Gabolats garaia, Ezozibidea eta Zeleta; 1970 hamarkadan Estaziño kalea, Errekalde bukaera, Gipuzkoa etorbidea eta Santa Ana komentuaren lurretan eraikitako etxeak.

    1973 urtean trena kendu zuten, eta trenbidea errepidea bihurtu zuten, Ezozibidea eta Estaziño kalea zuzenean lotuz, herrigunetik pasa beharrean. Gainera, Arraikua eta Loralderako irismena asko hobetu zen.


    Erreferentziak

    1. LARRAÑAGA, R.: La “Euscalduna” una importante fábrica guipuzcoana, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Donostia 2004, LX–2004-1 alea, 262 orrialdea.