Bilakaera urbanistikoa. XVIII eta XIX mendeetako herri lanak (eu)

    Sorapediatik
    Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)

    Aurrekariak. Aro modernoa

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Aro modernoa (eu)

    1756 urtean Florencio Josepf de Lamot-ek, Erret Lantegietan kontulari berak, Mapa Topographica de Plasenciasortu zuen. Bertan herriaren orduko ikuspegia erakusten da.

    XV mendeko Soraluzerekin alderatuta, herria asko hazi zen. Etxe berriak erregebideen ondoan egin ziren, auzo edota kale berriak sortuz: Baltegieta, Errabal, Atxuri, Errekalde, Gabolats eta Elizburu.

    Etxe berri dotoreak eta jauregiak egin ziren: Uribarri dorretxea, Enparan jauregia, Zupide jauregia, Intxaurdieta etxea, Mendikute dorretxea eta San Salvador ermita.

    XVIII mendearen lehen erdialdean Udaletxe berria eraiki zuten ere, Kalegoeneko bi etxe botata. Eta Udaletxe berriaren aurrean hirugarren etxea bota zuten, enparantza sortzeko.

    XVI mende hasieran zubi berria ere egin zen, gaur egungo tokian, garai bateko ibitik 15 bat metro gorago.

    Auzo eta etxe berriak egiteaz gain, hiru eraikin-multzo handi sortu ziren: Erret Lantegia (Uribarri dorretxean), eliza nagusia (bere kapera, eliz-ataria eta dorrerarekin), eta Santa Ana komentua.


    XVIII mendeko herri lanak

    1734 urtean Espainiako Armadak Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia zena bitartekari bakarra izendatu zuen, eta halaxe izan zen 1784 arte. Orduan Filipinetako Errege Konpainia zenak ordezkatu zuen, beste hamar urtez, Frantziako Konbentsio Gerra sortu zen arte (1794).

    Soraluzeko armagileei prezioak ondo estutu bazizkien, ordainketak askoz fidagarriagoak izan ziren, lantegi txikien egoera ekonomikoa hobetuz. Gainera, ekoizpena handitu zenez, lan gehiago sortu zuen lantegiak ugaritzeko eta eskulana ere erakartzeko.

    Beraz, XVIII mendeko garaiak oso oparoak izan ziren, eta herrian egin ziren herri lanetan igarri zen.

    XVIII mendearen lehen erdian Udaletxe berria egin zuten, eta aurreko etxea bota enparantza sortzeko. Honetaz gain, zubi berria eraiki zuten, hiru arkuduna, gaur egunera iritsi dena (konponduta eta zabalduta). Errebote-frontoia ere 1788 egin zuten; Miguel Antonio de Jauregik proiektua egin zuen, eta bi familik ordaindu: Egizabaldarrek (indianoak) eta Aldasorotarrek.

    Hiru urte lehenago, 1785an, Miguel Antonio de Jauregi berak Erregetxe berri bat egiteko proiektua egin zuen, baina ez zen gauzatu.

    1794 urtean, Frantziako Konbentzio gerran, frantsesek Soraluze hartu zuten. Nahiz eta herria errespetatu (ez zuten erre, Eibar eta Ermua moduan) eraginak latzak eta sakonak izan ziren, oso orduan bukatu zire eta garai oparoak.

    Dena dela, hamar urte geroago, 1804 urtean, Erregetxe berriari ekin zioten. Lanek bost urte iraun zuten eta 1809an orduko gobernuari eman zioten.


    Erregebide berria

    Gehiago jakiteko, sakatu [Komunikabideak. XVIII mendeko errepide berria (eu) | hemen].

    Erregebideen trazadura aintzinatik zetorren, eta oso menditsua zen, batez ere iparraldetik: San Roketik Elgoibarrera joateko, Iruretik Eibarra joateko. Bide hauek hobetzeko lanak etengabe egiten ziren; esateko, 1761 urtean San Salvador ermitaren parean zegoen harkaitza apurtu zuten bidea nasaitzeko.

    Goitik beherako hobekuntza baten atzetik, 1776 urtean Soraluzeko Erret Lantegiek eta Soraluze, Bergara, Eibar eta Elgoibarreko Udalek erregebide berria egiteko eskatu zuten, Bergaratik Alzolako porturaino.

    Erregebide berri hau Maltzagatik egin zuten, Iruretik eta San Roketik pasatzen zirenak ordezkatuz. Ordaintzeko ardau eta mistelei zerga berezia ezarri zieten, gutxienez 1816 urte arte iraun zutela.


    1820ko kale izendegia

    Herriko biztanleen errolda batean (1820/10/15) orduko kaleen izenak agertzen dira:

    XX. mendearen bigarren erdia arte ez da kale berririk sortu Soraluzen.


    XIX mendeko herri lanak

    Frantziako Konbentzio gerrak gainbehera hasi besterik ez zuen egin. Ostera Espainiako Independentzia gerra (1808-1814) etorri zen, lehen karlistada gero (1833-1840), 1834ko ufal handia, Oviedo eta Trubiako lantegien konkurrentzia...

    Baina, 1830 hamarkada hasieran egoera ekonomikoa lasaitu zela aprobetxatuz, herri lan garrantzitsuak egin ziren: Kalebarreneko hiru etxe bota ziren Plaza Barria egiteko (1831), Ipiñarrietatik ura ekarri zuten plazara, bertan iturri ederra eraiki, eta Udaletxe aurreko plaza azpian Labaderoa egin zen.

    Hiru urte geroago, lehen karlistada hasi berria, egundoko ufala izan zen: hainbat etxe eta sutegi eraman zituen, San Salvador ermita eta zubi Nagusiaren bi arku. Gainera, urak Santa Ana komentua hartu eta guztiz hondatu zuen.

    Hurrengo urteetan zubia berreraiki zuten, arku zabal batekin. Ezin zuten segituan egin, bildutako dirua gudaroste liberalak eraman zuen eta. Santa Ana komentuko hegoaldean babes borobil potorra egin zuten, hurrengo ufaletatik babesteko.


    Hurrengoak. Kañoi fabrikak

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Kañoi fabrikak (eu)

    Sistema gremiala desegin zutenean José Ignacio de Ibarra e Iribecampos jaunak enpresa handi eta modernoa egitea erabaki zuen. Horretarako, 1860ko urriak 16an Villalegre eta San Millán-go markesari (Luciano Porcel y Valdivia jaunari) txara inguruko lurrak erosi zizkion, gaur egun kiroldegia dagoen tokia, hain zuzen. Hurrengo urtean La Euscalduna enpresa sortu zuen, eta Fabrika zaharra eraiki. Euscalduna fabrika ere esaten zioten.

    Durango-Zumarraga trenbidea 1888 urtean zabaldu zuten. Trenbidea ibaiaren eskumako ertzetik egin zuten eta, herri kaskoa sahiesteko, ibai-kotatik nahikoa gora egin zuten trenbidea. Elizaren atzekaldean geltokia eraiki, eta aurrean enparantza zabaldu zuten. Geltokira bertara heltzeko Erregetxetik hasita Kotxebidea zabaldu zuten.

    Fabrika zaharrean leku falta zela, eta irisgarritasun eskasa zuenez, lantegi berri bat (Nueva Fábrica de Placencia de las Armas) eraikitzea erabaki zuten. 1916-1926 urteetan fabrika berriaren eraikin nagusiak sortu zituzten (bi nabe, bulegoak, prensa lantegia eta ajuste lantegia). Gerra ostean eraikin laguntzailekin osatu zuten: biltegia (1938), ekonomatoa (1941), babes antoaereoa (1942) eta kainoi probalekua (1946-1953).

    Gerra aurretik, eta ostean ere, lantegi txikiak hazten hasi ziren, eta eraikin berriak egin zituzten: Sacia, Amuchastegui, Aranguren...

    Aldi honetan ere bi erakunde publiko sortu eta beren egoitzak egin zituzten: Babesetxe-Ospitalea 1896 urtean Atxuri kaleko Mendizabal etxean, eta Bigarrena Maristen ikastetxea 1909 urtean Elizburu kalean.


    Erreferentziak