EAJ-PNV (1923 arte) (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Oharra: Sarrera hau sortzeko, El Partido Nacionalista Vasco en Guipúzcoa (1893-1923): orígenes, organización y actuación política liburua erabili izan da (Mikel Aizpurua Murua 2021).
Oharra: Sarrera hau alderdiari dagokio. Sasoiko jeltzaleei buruzko sarrera irakurtzeko, sakatu hemen.


Euzko Alderdi Jeltzalea Bilbotik Bizkaira hedatu zen, eta handik Gipuzkoara, XX. mendearen lehen urtetan batez ere Debarroan zabaldu zela. Baziren beste taldeak: Beasain, Azkoitia, Tolosa eta Donostia, esateko.

Soraluzeko jeltzaleen lehen aipamena 1894.ekoa da. 1905. urtean Soraluzeko ordezkaria izendatu zuten. Eta batzokia 1908.ean zabaldu zuten. 1923.ean, berriz, Primo de Riveraren diktadurak jeltzaleen jarduera politiko guztiak eten zituen.


Aurrekariak

Jeltzaleek Arrigorriagan egin zuten lehen ekitaldi publikoa, Euskeldun Batzokijak antolatua (1894/07/08). Bazkari hartan 50 lagun bildu ziren, horietatik hiru gipuzkoarrak: Luis Aranguren soraluzetarra eta Debako José María Esnaola eta Atanasio Basagoiti[1].

1897.ko maiatzean Baserritarra astekari abertzalea sortu zuten Bilbon, urte bereko abuztuan itxi zena. Hilabete hauetan harpidedun bat izan zuen Soraluzen[2]

1899.ean Soraluzeko jeltzaleen artean beste Aranguren agertzen da, Timoteo[3]. Hainbat artikulu idatzi zituen Bilboko aldizkari nazionalistetan dantza lotuaren edo baltseoaren aurka, Soraluzen zabaltzen ari ziren ohitura lizunen jatorria zelakoan; ostean herriko liberal batzuek jipoitu zuten, beraiek aipatu zituelakoan. Ondorioz, Timoteo Aranguren Soraluze laga eta Ameriketara joan izan behar zuen[4].

1905. urtean, berriz, Soraluzeko lehen ordezkari nazionalista izendatu zuten, Ignacio Aranguren[5].

1906.ean jeltzaleek Gipuzkoako lehen mitin nazionalista antolatzeari ekin zioten, Azkoitian. Urriaren bukaerako nahi bazuten ere, 1907.eko martxoak 31an egin zuten. Prestaketak iragartzerakoan, "...Soraluzek… eta Gipuzkoako beste herri askok jeltzale sutsu mordoa hornituko dute" zioen aldizkariek[6].


Uri Buru Batzarra

Jeltzale soraluzetarren kopurua gero eta handiago zenez, herrian beren egoitza zabaltzea pentsatu zuten.

Hasiera batean Etxaburuetan biltzen ziren zen, 2. zenbakian, Daniel Múgicaren gozotegiaren gainean, eta handik Baltegieta kalera pasa omen ziren.

1907.eko ekainean, Engracio Aranzadi buruzagi jeltzaleak Gipuzkoan zortzi ordurako Centro Vasco zirela eta aurki beste bost zabalduko zirela idatzi zuen, tartean Soraluzekoa[7]. Eta urte bukaerako, Batzoki Soraluzetarra zabaldu zuten (1908/10/01), Kalegoen 9ko lehen solairuan, sarrera Galipotetik zuela. Arautegia bi aste beranduago onartu zieten (1908/10/16).

Nahiz eta ordurako Gipuzkoako Buru Batzarra eratuta izan, Uri Buru Batzarrek (herrietako taldeek) gobernatzen zuten alderdia. Halaxe, 1910.ean Antzuolako batzokiaren lehendakariak inguruko[8] batzoki eta udal batzarren lehendakariak deitu zituen uztailak 7rako, ekintzak elkarrekin antolatzeko[9]. Eta hurrengo urtean Soraluzeko lehendakariak antzeko deialdia egin zuen[10]. Azpimarratzekoak dira Soraluze eta Azkoitiako jeltzaleen arteko urteetan izandako harreman sendoak.

1913.ean jeltzaleek lau biltzar handi egin zuten Gipuzkoan: Zumaia (ekainak 15), Elgeta (uztailak 31), Azpeitia (abuztuak 24) eta Eibar (urriak 4). Elgetakoa antolatzeko Bergaran bildu ziren Elorrio, Ermua, Eibar, Soraluze, Elgeta, Arrasate era Bergarako batzoki zein Uri Batzarren ordezkariak[11].

1914.eko abenduak 21ean Euzko Alderdi Jeltzaleak Biltzar Nazionala egin zuen Zumarragan. Gipuzkoako 11 ordezkari agertu ziren bakarrik, tartean Soraluzekoa[12].


Comunión eta Aberria

Sortu zenetik Euzko Alderdi Jeltzaleak bi joera bildu ditu bere baitan. Bata independentzia zalea, eta pragmatikoa bestea, autonomista.

Azken hauek lasaitzeko, alderdiaren izena Comunión Nacionalista Vasca aldatu zuten. Baina ez zen nahikoa izan eta, 1915ean autonomistak gailendu zirenean, Engracio Aranzadi buru zutela, Luis Arana y Goiri bera alderditik egotzi zuten.

Hasiera batean emaitza onak lortu zituzten (7 diputatu Espainiako Kongresuan, autonomia lortzeko aukerak…) baina 1919.rako autonomia gero eta urrutiago ikusten zen. 1919/01/26an Juventudes Vascas-ekoek mitin erraldoia antolatu zuten Bilbon proiektua aurrera ateratzeko. Hurrengo bi hilabeteetan mitin maratoiari ekin zioten biru probintzietan, tartean Soraluzen.

Baina Espainiak ez zuen jarrera aldatu; are gehiago, errepresioa areagotu zen. Independentzia zaleak gero eta haserreago, 1921.etik aurrera Aberria aldizkariaren inguruan bildu ziren, Sabino Aranaren ortodoxia jarraituz: erlijioa eta foruak bai, liberalismoa eta autonomia ez.

1923.ean bi bilera deitu zituzten aberrianoek Gipuzkoako beren gotorlekuetan: bata Zarautzen eta Soraluzen bestea (bertan zegoen ‘’Mendigoizale Eldu Nai’’ izeneko elkarte aberrianoa). Soraluzeko bilerara Bergarako barrutiko Uri Batzarrak deitu zituzten, eta GBBren burukide batek zuzenduko zuen[13].


Batzokiko jarduera

Bizitasuna

Herriaren tamaina kontutan hartuta, Euzko Alderdi Jeltzalea ondo errotuta zegoen Soraluzen. Lehen hogei urtetan (1904-1923) guztira 139 ekitaldi antolatu zuen, urteko zazpi bat; Gipuzkoa osoan bakarrik bost herri ibili ziren parean edo gainetik: Elgoibar (139), Errenteria (158), Bergara (187), Eibar (215) eta Donostia (465).

Hala ere, sasoi guztiak ez ziren berdinak. Euzkadi aldizkariaren berriemaile soraluzetarra kexu agertu zen 1921.ean: Gure jel-batzokiyan ez da gauza andirik aspaldian egiten, jokua batian eta jokua bestian, itxuraz orregaz dena amaitzen da[14].

Ekonomia

Diru aldetik Soraluzeko batzokia ondo kudeatuta egon zen. Esateko, 1920.eko lehen seihilekoan 1.200 pezeta irabazi zituen[15].

Martxa honek, bestea beste, 1930. hamarkadan Plaza Zaharreko Batzoki berria eraikitzea ahalbidetu zuen.

Toribio Altzaga Soraluzen (1927)

Antzerkia

Herriko jeltzaleek antzerki taldea zuten. Zaila zen euskarazko lanak topatzea, eta zeuden gutxiek politikoki oso “zuriak” ziren, ez zuten ideologiarik[16]. Egile erabilienak Martzelino Soroa, Avelino Barriola, Toribio Altzaga[17], Buenaventura Zapirain...

Horregatik, Euzkadi aldizkarian Soraluzeko berriemailea kexu agertzen zen lan aberkoyak eta euzkerazkuak jiratzeko zailtasunez, eta halakoak idazteko eskatzen zuen[18].

Ikastaroak

Ikastaroak ere antolatzen ziren Soraluzeko batzokian, musikakoak esateko[19].

Prentsa

Soraluzeko batzokian euskal prentsa (jeltzalea) irakurtzen zuten: Patria, La Patria, Aberria, Euzkadi… Bertako berriemailea ere bazen, Juan Garmendia ‘’Zeleta’’.

1922. urtean ‘’Kaiku’’ sortu zuten Donostian, bere inguruetan irakurtzen zena batez ere. Soraluzen 5 harpidedun zituen, baina urte berean itxi zuten.

1921.etik aurrera independentistak ‘’Aberria’’ren inguruan bildu ziren, astekaria zena egunkaria bihurtuz. Gipuzkoan ezin zen kalean erosi (Donostia, Pasaia eta Eibarren ezik), harpidetzen bidez zabaltzen zen. Soraluze ‘’aberrianoen’’ gotorlekua izanik, irakurleak bakarrik ez, egunkariak berriemailea ere bazuen bertan (10 bat Gipuzkoa osoan).


Langileak eta sindikatua

XX. mende hasieran euskal sindikalismoa indarra hartzen hasi zen. Ezkerreko zein sindikatu katolikoak baziren, eta jeltzaleek ere beren ildokoak sortu nahi zituzten, Policarpo Larrañaga abadeak lagunduta.

Soraluzen antolatu zen Solidaridad de Obreros Vascos lehen elkartea. Girotzeko, 1912.eko azaroak 31an Ramon Belaustegigoitiak "Euskal Gizarte Ekintza"[20] izeneko hitzaldia eman zuen Bergarako batzokian. Eta abenduak 9an 50 bat langile soraluzetarrek elkartea sortu zuten[21], "tornulari eta antzekoek". Estatutak, berriz, 1912/12/30an onartu zituzten.

Euzko Alderdi Jeltzalea eta Solidaridad de Obreros Vascos arteko harremanak oso estuak ziren. Esateko, 1914/12/06an sindikatuak hitzaldia antolatu zuen batzokian. Eta Valerio Gardoki batzokiaren lehendakari ohia, lan istripu batean bi hanka galdu zituena, sindikatuaren lehendakaria izan zen[22].

Bitartean, sozialistek kanpaina egiten ari ziren elkarren babesarako elkarteak sortzeko, eta Gipuzkoarra aldizkari jeltzaletik beste horrenbeste egiteko eskatu zuen. Horrela, 1914.ko bukaeran Zintzotasuna izeneko elkarren babesarako elkartea sortu zuten Soraluzen, gaixotasun gastuak estaltzeko. 1926.ean 92 bazkide zituen.

Soraluzeko Solidaridad de Obreros Vascos ez zen bakarra, eta 1918.ko azaroan Gipuzkoako Euskal Langileen Elkarteen Federazioa sortu zen. Soraluzekoaz gain, Eibar, Bergara, Antzuola, Zumarraga, Elgeta, Beasain, Elgoibar, Azkoitia eta Oñatikoa bildu ziren.

Eta 1920.etik aurrera solidarioek ere Maiatzaren Lehena ospatzen hasi ziren. Hurrengo urtean Soraluzekoak, Elgoibarkoak eta Eibarkoak Arraten bildu ziren[23].


Gaztedia

1915.koak dira Soraluzeko gaztedi abertzalea antolatzeko lehen saiakerak, batzokiak Juventud Vascaren talde bat sortzeko asmoa iragarri zuenean[24], baina asmoak ez ziren gauzatu.

1919.eko hasieran Juventudes Vascas-ekoek autonomiaren aldeko mitin maratoia antolatu zuten, tartean Soraluzen. Paraleloan, Donostian Lartaun[25] taldea sortu zuten gaztetxoak antolatzeko. Arrakasta ikusirik, urte hartan bertan Lartaun taldeak antolatu ziren hainbat herritan, tartean Soraluzen.

Hurrengo urtean Euskal Gaztediaren II. Batzarra ospatu zen Bilbon, 300 bat gazte eta 30 erakunde baino gehiago bildu zirela. Soraluzeko batzokiko gazteak ere bertan egon ziren.

1923.eko hasieran Donostiako ‘’aberrianoak’’ Mendigoizale Aberri izeneko talden bildu ziren, eta Gipuzkoako antzeko taldeekin mendi txangoak egiten zituzten; Soraluzen ere ‘’Mendigoizale Eldu Nai’’ izeneko taldea antolatu zuten. Talde hauek Kalamuan egin zuten topaketan Federazio berria eratu zuten, eta Soraluzeko elkartea aukeratu zuten idazkaria: ‘’Mendigoizale Eldu Nai’’.


Garaiko jeltzale batzuk

Geiago jakiteko, sakatu hemen.
  • Aranguren, Luis. Jeltzaleen lehen ekitalde publikoan (Arrigorriaga 1894) parte hartutakoa.
  • Aranguren, Timoteo. Dantza lotuen artikulu batzuen ondorioz liberaleek jipoitua, Ameriketara alde egin izan behar zuen (1899).
  • Aranguren, Ignacio. Soraluzeko lehen ordezkari nazionalista (1905).
  • Gardoki, Valerio. Batzokiaren zein sindikatuaren (1915) lehendakaria Soraluzen.
  • Garmendia, Juan ‘’Zeleta’’. ‘’Euzkadi’’ aldizkariaren berriemailea, mitinetako hizlaria (1916-1923).
  • Larrañaga, Policarpo. ‘’Solidaridad de Obreros Vascos’’ sindikatoaren bultzatzailea.
  • Lete, Juan Jose. Artikulugilea, ipuingilea eta antzerki lanen egilea.


Hauteskundeak

Udal hauteskundeak

Udal hauteskundeak bi urtetan behin egiten ziren, udalbatzaren erdia berrituz.

Soraluzen, jeltzaleak 1909.ko abenduan aurkeztu ziren lehen aldiz, baina ez zuten zinegotzirik eskuratu.

Hurrengoan (1911/11/09) lehen zinegotza lortu zuten. Eta osteko bi hauteskundetan (1913/11/09 eta 1915/11/14) zinegotzia mantendu zuten.

1917/11/11ko hauteskundeetan ematzak hobetu zituzten, bi zinegotzi eskuratuz. Ordunko honetan integristekin batera aurkeztu ziren, karlista-kontserbadore eta liberaleen aurka[26].

1920/02/08an beste bi zinegotzi irabazi zuten, eta Jose Sesma jeltzalea alkatea izendatu zuten.

Baina bi urte geroago ifrentzua etorri zen. Jose Sesma alkatearen kudeaketaren ondorioz, Soraluzeko Uri Batzarrak erabaki zuen 1922/02/05eko hauteskundeetan parterik ez hartzea eta, gainera, 1920.ean hautatutako bi zinegotziak erretiratzea[27].

Espainiako Kongresua

Lehengo urteetan Euzko Alderdi Jeltzalea, hainbat aldiz, ez zituen hauteskunde mota honetan hautagairik aurkeztu. Alde batetik, esparru arrotza zitzaiolako ("atzerria") eta, bestetik, hauteskunde haietan alderdi handien aldeko iruzur asko egiten zirelako.

Hala ere, 1918.ean aurkeztu zen lehen aldiz (1918/02/24), eta Bergarako barrutian Eizagirre hautagaia diputatua atera zen. Soraluzen 251 boto lortu zituen. Jeltzaleen Gipuzkoan lortutako lehen diputatua izan zen (guztira 7 diputatu lortu zituen).

Hurrengo urteko hauteskundeetan (1919/06/01) Eizagirre aurkeztu zuten berriro Bergara barrutian. Nahiz eta Soraluzen irabazi 213 botoekin (eta Gatzaga eta Zumarragan), barrutian Jose Maria Juaristi jaimista (karlista) irten zen.

Hauteskundean 1920.ean egin ziren atzera (1920/12/19). Bergarako barrutian jeltzaleek Zelaia aurkeztu zuten, baina ez zen atera. Soraluzen 217 boto eskuratu zituen.

Hurrengo hauteskundeak 1923.ean egin ziren, Miguel Primo de Riverak estatu kolpea eman eta bi asteetara (1923/04/29). Jeltzaleek ezin izan zuten aurkeztu.


Beste alderdiekiko harremanak

Alderdi berria izanik, aurretik zeudenek ez zuten konkurrentzia berria begi onez ikusten.

Lehengo urteetan liberalek izan zuten aurka, erlijioa zela eta ez zela. Timoteo Aranguren liberalek jipoitu zuten, dantza lotuen artikulu batzuk idatzi eta gero. Ondorioz Ameriketara alde egin izan behar zuen (1899). Herra hau urtetan mantendu zen; 1914. urtean Euzkadi aldizkariaren berriemaileak Liberalekoen aurka idazten zuen: Soraluzeko Círculo Liberalean denetik sartzen da, erligio kalte egitekua bada, liberalak (gutxi), sosialista, errepublikano eta anarkistak[28].

Eta 1910.eko hamarkadan, eskumako (betiko) alderdiei kalte egiten hasi zirenean, presioak eta mehatxuak etorri ziren: lantegi edeta tailerretik botatzeko arriskua, txistukadak... Nazionalista asko ez zituzten ideiak erakusten, eta jeltzaleen prentsa izkutuan irakurtzen zuten. Soraluzeko berriemaileak halaxe idazten zuen Gipuzkoarra aldizkarian: Hemen ere, zuriek zein beltzek, euskaldunek zein atzerritarrek, ideia nazionalista jazartzen dute; guztiek gerra deklaratu diete, kuartelik gabe, EAJri, batzokiari eta bazkideei[29].

Nazionalistena eta tradizionalisten arteko liskarrak gero eta gogorragoak ziren. 1918.eko udan ere, bi aldeek autonomiaren alde lanean ari zirela, Zaldibia, Soraluze edo Debako jaietan istiluak izan ziren[30]


1923.etik aurrerakoak

1923.eko irailak 13an Miguel Primo de Rivera jeneralak estatu kolpea jo zuen Espainian. Ondorioz, Comuniónekoek egoera onartu zuten, politika egiteari laga zioten eta euskara zein euskal kultura landu zituzten. Aberrianoak, berriz, jazarria izan ziren diktadura iraun bitartean.

1930.eko urtarrilan Primo de Riverak amore eman zuen, eta Parisa erbesteratu zen. Urte hartan politika gori gorian egon zen, tartean errepublikarrek Donostiako ituna sinatu zuten, hurrengo urtean errepublika ekarriko zuena.

Abertzaleek, bere aldetik, apirilean Biltzarra egin zuten Bergaran, eta bi adarrak batu ziren: Comuniónekoek jendea zuten, eta aberrianoek indarra. Hala ere, denak ez ziren konforme geratu, eta azaroan zatiketa berri bat suertatu zen, Acción Nacionalista Vasca sortuz: akonfesionalak eta halako liberal kutsu batekin.


Erreferentziak

  • El Partido Nacionalista Vasco en Guipúzcoa (1893-1923): orígenes, organización y actuación política. Mikel Aizpurua Murua (Euskal Herriko Unibertsitatea 2021).
  • Las organizaciones juveniles del nacionalismo vasco. Política, cultura y ocio (1893-1923). Nicolás Ruiz Descamps (Euskal Herriko Unibertsitatea 2011).
  • Biografia de Arana-Goiri’tar Sabin e Historia Gráfica del Nacionalismo Vasco. Ceferino Jemein (Bilbao 1935).
  • Historia del nacionalismo vasco en sus documentos. Javier Corcuera eta Yolanda Oribe (Bilbao 1991).
  • Segur aski Timoteo Maria Aranguren Aizpiri (1876/05/21).
  • Euzkadi (1921/04/25).
  • Patria (1905/08/08).
  • Aberri (1907/03/16).
  • Engracio Aranzadiren eskutitza (1907/06/18). José María Lardizabal Artxiboa.
  • Zumarraga, Ormaiztegi, Beasain, Arrasate, Oñati, Bergara, Azkoitia, Azpeitia, Soraluze, Eibar, Elgoibar eta Deba.
  • Gipuzkoarra (1910/07/07).
  • Gipuzkoarra (1911/04/22).
  • Euzkadi (1913/06/11).
  • Euzkadi (1914/12/21).
  • Euzkadi (1923/04/04).
  • (Euzkadi 1921/11/15).
  • Euzkadi (1920/07/09).
  • Euskal antzerkiaren lehen lan politikoa Juan José Lete soraluzetarrak idatzi zuen: Gurutzepe (1932).
  • Toribio Altzaga. Wikipedia (euskaraz).
  • Euzkadi (1915/12/02).
  • Euzkadi (1917/08/31).
  • Acción Social Vasca.
  • Gipuzkoarra (1912/12/21).
  • Euzkadi (1915/10/03).
  • Euzkadi (1921/05/04).
  • Euzkadi (1915/01/21).
  • Elezaharren arabera, Ernion erromatarren aurka borrokatu zuten kantabriarren buruzagia izan zen.
  • Euzkadi (1917/11/14).
  • La Voz de Guipúzcoa (1922/02/05) eta Argia (1922/04/22).
  • Euzkadi (1914/05/12).
  • Gipuzkoarra 1910/06/11).
  • Euzkadi (1918/08/17).