Errukia serorategia (eu)

From Sorapedia
(Redirected from Errukia ospitalea (eu))
Jump to: navigation, search
Errukia serorategia
Errukia serorategia (Juan Carlos Astiazarán 2019).jpg
Estiloa Gotikoa
Mendea XV-XVI
Kokapena Herrigune historikoa
Mota Eraikina


Azalpena

Atxuriko 5 zenbakian dagoen etxe hau gotiko tankerakoa da, XIV-XVI mendeetan egiten ziren estilokoa.

Sotoa (errekara ematen duena) eta beheko solairua Soraluzen hain ugari den otaharriz eginak dira. Hortik gora egurraz eta adreiluaz.

Garaiko etxe gehienen moduan, beheko solairuko etxaurrean bi zatitan antolatuta daude: ezkerrekoan atea, erdipuntuko arku ederraz; eta eskuman leiho txikia, jatorrizko tamaina gordetzen duela. Goiko pisuak ondo aldatuta daude sasoi hartatik.


Kokapena

(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

Loading map...


Historia

Jeronimo de Irure

Ramiro Larrañagaren arabera[1], XV mende bukaeran eta XVI hasieran Jeronimo de Irure eta Maria de Eizagirre senar emazteak bertan bizi ziren. Herriko jauntxoak ziren, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Andres Ibañez de Irure (Carlos Iren medikua eta Arregia jauregira ezkondu zena), María de Irure (Eibarko Martin de Ibarra y Orbearekin ezkondua) eta Martin Ibañez de Irure (herriko eskribaua, Juan Ibañez de Irure abadearen aita).

Hiltzerakoan (1.515 urtean?), Jeronimok diruak laga zituen ospitalea egiteko. Testamentuak dioenez:

Ospitala egiteko bera bizi zen etxeetan, hiribilduaren arrabalean, Errukia izenekoa, sei neska gazte Jaungoikoari erregutzen bizi izateko.

Nabarmentzekoa da bera bizi zen etxeetan zatia. Izatez, Iruretarren herriko etxea Ormaetxea jauregia zen eta.

Testamentu-betearazleak Juan Perez de Ezkiaga eta Juan Ibañez de Irure izan ziren, azken hau Jeronimoren biloba.

Serorategi berria

Eta 1.531 inguruan sei neska soraluzetar sartu ziren serorategi berrian, mantu eta buruko zuriz jantziak, gainontzeko andreak ez bezala: Maria San Juan de Yturbe, Gracia de Aldasoro, Martina de Muguruza, Dominga de Arregia, Maria Lopez de Urruzkarate eta Catalina de Larreategi.

Urte batzuk geroago, Juan Ibañez de Irure abade berak Ormaetxea eta ondoko ortua utzi zizkien serorei, bertan klausura-monastegia sortzeko: priorea, priore-azpikoa eta beste hamaika moja.

Ormaetxeara

Denbora asko pasa ziren beharrezko baimenak lortu arte. 1.584ko urtarrilak 30an Juan Ochoa de Salazar jaunak, Kalagorri-La Kaltzadako apezpikuak, lizentzia eman zuen. Mojek bizi behar zuten Logroño hiriko Lilien San Pedroren moja erlijiosen moduan.

Eta otsailak 17an mojak Ormaetxeko serorategi berrira aldatu ziren, Errukia utziz: Maria Lopez de Yturbe (priorea), Brigida de Igeribar (azpipriorea), Berta Marina de Irure, Magdalena Perez de Mendiola, Ursula de Bagozkoitia, Clara de Churruca eta Francisca de Aritzaga, soraluzetarrak denak.


Erreferentziak

  • Soraluze. Monografía histórica. 146 orrialdea. Ramiro Larrañaga (1993).