Esteban de Zudaire (eu)

    Sorapediatik
    Esteban de Zudaire
    Esteban de Zudaire. Brasilgo martiriak.jpg
    Jaio Zudairi, 1548
    Hil Brasil, 1570/07/15
    Profila Josulaguna eta misiolaria


    Bizitza

    Josulaguna

    Esteban de Zudaire[1] 1548 urtean jaio zen, Zegama izeneko etxean, Zudairin.

    Jostuna ofizioz, Josuren Lagundian sartu zen hemeretzi urterekin. Ikasketak Villarejo de Fuentes, Cuenca eta Alcalá de Henares-eko ikastetxeetan egin zituen.

    Azkenean, Plasenciako ikastetxera bidali zuten, eta bertan jostun aritu zen[2]; el vizcaino esaten zioten, euskaraz aritzen zelako.

    1570 urtean Ignacio Azevedo portualdarra eta beste berrogei lagunekin Brasilera abiatu zen, Ebangelioa bertakoei predikatzera. Horietako bat Donibane Garaziko Juan de Mayorga zen.

    Heriotza

    1570ko uztailak 5ean Santiago itsas-ontzian irten ziren Lisboatik.

    Kanaria irlak pasatzerakoan, Tazacorte parean (La Palma irla) Jacques Sourié de La Rochelle[3] korsaroarekin topo egin zuten. Dieppe-koa zen, kalbinista sutsua, eta bere burua Albreteko Juana Nafarroako Erreginaren almiranteordetzat zuen.

    Piratek ontzia hartu eta, Josulagun eta papista zirela konturatu zirenean, denak sastatu zituzten eta itsasora bota[4].

    Esteban de Zudaire bularrean sastatu omen zuten, lepo ondoan, eta itsasora bota zutenean bizirik zegoen oraindik.

    Beatifikazioa

    Ordutik aurrera 40 josulagun misiolariei Brasilgo martiriak edo Tazacorteko martiriak[5] esaten zieten. Gregorio XV (1623) eta Benedikto XIV (1742) martiritzat aitortu zituzten.

    Eta 1854 urtean Pio IXak beatutzat onartu zituen berrogei josulagunak. 1870 urtean Iruñako Artzapezpikuak lortu zuen Nafarroako elizbarrutian Esteban de Zudaire gurtzeko baimena, ofizioaz eta mezaz. Bere eguna uztailak 15a da.


    Nongoa zen?

    Soraluzekoa al zen?

    Lope de lsastik, Compendio historial de Guipúzcoa liburuan (VIII atala, 357 orrialdea), soraluzetarra zela jaso zuen:

    Esteban de Zuraire aita (‘bizkaitarra’ deitua) Josuren Lagundikoa, soraluzetarra, 1570.eko uztailak 15ean Ignacio de Acevedo eta beste berrogei lagunekin Brasilera zihoala, Ebangelioa predikatzeko betebeharrez, martirioa pairatu zuen itsasoan...

    Horregatik, Esteban de Zudairenganako debozioa aspalditik garatu zen Soraluzen. Parrokian pintura bat egon zen, inoiz egutegietan zabaldu zutela; eta XX mendeko bigarren erdian beiratea ezarri zuten (ate txikiaren gainean dagoena).

    ...ez, Zudairikoa (Ameskoabarrena)

    Zudairikoek bertakoa zela berresten dute. Agiriez gain, jaiotetxea ere erakusten dute. Gainera, abuztuko azken domekan herriko jaiak izaten dira, Esteban de Zudaire-ren omenez.

    Agian Plasencian egoteagatik placentino esango zioten, eta hortik nahasketa...


    Erreferentziak

    1. Zuraire agertzen da toki batzuetan.
    2. Erderaz, ropero.
    3. Inoiz Jacques de Sores moduan agertzen da.
    4. Halaxe aipatzen dute Cevallos-ek, eta Luis de Guzman aitak, eta Nicolas Orlandino aitak, historialaria azken hau.
    5. Mártires de Brasil. Wikipedia (gazteleraz).