Franko-espaniar Gerra (eu)

    Sorapediatik

    1638-1640 urteetan Soraluzek Kantabriako gudarostearen hainbat soldadu hartu behar izan zuen, eta beren mantenua ordaindu ere.

    Honetaz gain, gerra horrek 1638.ean Hondarribian sortutako kalteek eragina izan zuten Soraluzen larogei urte geroago.


    Getariako gudua (Andries van Eertvelt 1638)

    Franko-espainiar Gerra (1635–1659)

    Gerraren sorrera (1635)

    Franko-espainiar Gerra[1] Hogeita Hamar Urteko Gerraren[2] (1618-1648) barruan garatu zen.

    Hasiera batean Frantziak ez zuen Hogeta Hamar Urteko Gerran parte hartu, barne garazka ugari zituela eta.

    Baina 1635.erako Richelieu kardinalak egoera kontrolpean zeukan eta, Suediako alemaniar aliatuek Germaniako Erromatar Inperio Santuarekin bakea sinatu zutenean, Espainiari gerra deklaratu zion. Baziren urte asko bi herrien arteko gerra zuzenik ez zela, eta mugetako biztanleentzat arrisku handia sortu zen.

    Hondarribia Hendaiatik (1640)

    Gipuzkoako mugan gertatutakoak (1636-1638)

    Bake denboran lurralde bakoitzak bere soldadu saldoa mantendu behar zuen. Mendebaldeko Pirineotan Bizkaiak 400 gizon, Gipuzkoak 600, Arabak 400, Nafarroak 300, Aragoik 600 (Tarazona inguruan) eta Itsasertzeko Lau Hiribilduek[3] beste 300 gizon.

    Gerra sortu eta hurrengo bi urteetan (1636-1637) espainiarrek Bidasoa zeharkatu zuten pare bat aldiz, Frantzian sartzeko asmoz, baina atzera bota zituzten.

    Eta hurrengo urtean (1638) frantziarrek eraso egin zuten. Itsasoan beren ontziak espainiarren aurka aritu ziren Getaria parean, eta lehorrean Bidasoa zeharkatu ostean Hondarribia setiatu eta herria desegin zuten oso. Guztira 16.000 kanoi-bala erori ziren bertan; kalterik gabeko etxerik ez zegoen, eta horietako asko erorita zeuden; gaixo eta zaurituak bazter eta sotoetan etzanda zeuden... Ia ehun urte geroago herria ez zen lehengoratu oraindik.

    Kantabriako gudarostea (1638-1640)

    Egoera hari buelra emateko asmoarekin, espainiarrek Kantabriako gudarostea[4]izenekoa antolatu zuten, 18.800 soldadurekin, muga inguruan ezartzeko: Bizkaian, Araban, Errioxan, Nafarroan eta Gipuzkoan.

    Eratu zutenetik (1638) Kantabriako gudarostea pare bat urtetan egon zen Pirineotako mendebaldean, eta honenbeste gizon sartzeak arazo asko ekarri zituen, mota guztietakoak: lojistika aldetik (janariak eta alogera), lege hausteak (lapurretak, irainak, liskarrak, bortxaketak, zauriak, hildakoak…), jurisdikzionalak (soldaduak zeinek epaitu)...

    Hurrengo urteak (1640-1659)

    1639.eko bukaeran hasi ziren soldaduak Katalunia aldera mugitzen, hango frontean aritzeko. Eta 1640.ean, Kataluniako matxinaldia lehertu zenean, ia denak bertara eraman zituzten: espainarrak matxinoen aurka eta frantziarrak alde.

    Bi herrien indarrak ekialdean pilatuta, hurrengo urteetan mendebaldeko Pirineotan ez zen gauza handirik gertatu.

    Frantzia eta Espainia arteko gerra hau 1659.ean bukatu zen, Pirineotako bakearekin, Irun eta Hendaia arteko Konpantzia[5] irlan sinatuta.

    Felipe IV. eta Luis XIV. Konpantzian (Jacques Laumosnier 1759)


    Eragina Gipuzkoan (1638-1640)

    Bake denboran 400 gizoneko goarnizioa zegoenez, asko ez izateaz gain egoera egonkorra zen eta, beraz, arazo handirik ez zegoen.

    Baina Kantabriako gudarostea eratu zenean, Gipuzkoan 1.400 bat gizon ezarri ziren… gehi atzerik zetozen familia, saltzaile eta gainontzekoak. Hauei denei ostatua bilatu eta eman behar zitzaien, eta gero janarien arazoa zegoen... halako arazoei aurre egiteko ohiturarik ez zegoen. Eta gainera, urte haietako uztak oso eskasak izan ziren, gosea eta emigrazioa eraginez probintzian.

    Hortaz, gipuzkoarrek ez zuten gudarostea lagundu nahi (etxeetan hartu, jatekoa eman...), halako betebeharrik ez zutelakoan kapareak zirelako.

    Militarrek, aldiz, laguntza eskatzen zuten: Orain kontua ez da beren foruak, pribilegioak eta antzina-antzinateko ohiturak, beren etxeetan defendatzea baizik.[6].

    Bi urtetako tirabiren ostean, probintziak soldaduei ostatua ematea onartu zuen baina, 1640.ean Batzar Orokorrek azpimarratu zutenez, ez zuen nahi biztanleek gehiago ordaintzerik. Hortik gorakoa hiribildu bakoitzak "borondatez" emango zuen eta, bestelakoan, Aldundia jakinaren gainean jarri behar zuten, honek gauzak konpontzeko[7]

    Katalunian matxinada sortua, Kantabriako gudarostea bertara joan zen, arazo hauek desagertaraziz.


    Eragina Soraluzen (1638-1640)

    Soldadu gehienak muga inguruan ezarri bazituzten ere, 1638.tik Soraluzen soldado saldoren bat egon beharko zen, arma biltegiak zaintzen seguraski. Beraz, Batzar Orokorren agindu hauek zuzenean zegozkion herriari.

    Baina Aldundiak bizkor asko jan zituen Batzar Orokorren aginduak: zazpi egun geroago (1640/05/07), Tolosan zegoen Gerrako Aldundiak zera agindu zien Soraluze eta Elgoibar hiribilduei, soldadu arrunteei ohe erdia emateko, ohe osoa erreformatuei[8], eta sua zein egoztekoa guztiei.


    Santa Maria la Real parrokia. Dorrea frontoitik. Akuarela zaharra.jpg

    Eragina Soraluzen (1720)

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1638. urtean izandako setioan, frantsesek Hondarribia desegin zuten oso. Ia ehun urte geroago herria ez zen lehengoratu oraindik, eta besteak beste bertako elizak premia handiak zituen.

    Horregatik, Soraluzeko parrokiaren patroia zen José Manrique de Arana hiltzerakoan (1720), erregeak ez zion patronatoa honen semeari berretsi, baizik eta Hondarrabiako Santa Maria del Manzano parrokia-elizari eman, kobratutako hamarrenekin eliza konpontzeko.

    Soraluzeko parrokia eta udalak erabakiaren aurka agertu ziren, batez ere alde ekonomikoaz: Soraluzeko parrokiaren gastuei aurre egin behar zitzaien aurretik, eta geratzen ziren hamarrenak bi parrokien arteko banatu behar ziren. Auziak izan ziren 1728, 1741, 1747 eta 1761.ean.

    Legeak patroiak eta patronatoak desegin zituen arte (1837), Hondarribiako parrokia Soraluzeko parrokiaren patroia izan zen.


    Erreferentziak

    • «No se trata agora de sus fueros, sino de defenderlos en sus casas». El alojamiento del ejército de Cantabria en la frontera pirenaica occidental y los recursos de oposición locales (1638-1639) Anuario de Historia del Derecho Español, LXXXVII alea, 2017
    1. Franko-espainiar Gerra (1635-1659). Wikipedia (euskaraz).
    2. Hogeita Hamar Urteko Gerra. Wikipedia (euskaraz).
    3. "Las cuatro villas de la costa del mar": Castro, Laredo, Santander eta San Vicente de la Barquera.
    4. Ejercito de Cantabria.
    5. Konpantzia. Wikipedia (euskaraz).
    6. "No se trata agora de sus fueros, privilegios y costumbres inmemoriales, sino de defenderlos en sus casas..."
    7. Gipuzkoako Batzar Orokorrak Zumaian, 1640/04/21-30).
    8. Buruzagien laguntzaileak.