Deba ibaia (eu)

From Sorapedia
(Redirected from Ibaizabal (eu))
Jump to: navigation, search
Deba / Ibaizabal
Nagusia Itxasora doa
Luzeera 5.130 m
Aldapa % 0koa (110 m > 75 m)
Eskumako adarrak Egotza
Urruzti
Orroaga
Keixeta
Altun
Arkaitzeta
Ipintza
Iturbe
Ezkerreko adarrak Joangoerreketa
Erlei
Sagar-erreka
Belakotegi
Ibarzabal
Bailara Debarroa


Soraluze herria, milioika urtetan Deba ibaiak higaduraren ondorioz sortutako bailara estu baten barnean kokatzen da. Bailara malkartsu hau, ibaiak berak eta inguruko mendiek osatzen dute, 600 metrotako sakonera duen zintzur estuan.

Ezaugarri orografikoez gain, Deba ibaia Soraluzeko herriaren erdigunea da zentzu askotan. Herria dagoen tokian eraiki izanaren arrazoi nagusia, ibaia eta ibia izan ziren; Soraluze ez zen sortuko Deba ibairik gabe: alboko lurrak erabili, ibaiaren indarra ustiatu, garraiobideak, arrantza eta aisialdia...


Hiruerreketa zubia sorburuan

Deba ibaia (orokorra)

Deba arroa

Deba[1] ibaia Gipuzkoako ibaia da, Leintz Gatzaga inguruan jaio eta Deban itsasoratzen dena.

Ibaia motza eta malkartsua da, %2,1ko bataz besteko aldaparekin. Itsasorako bere 62,4 kilometrotako bidean Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar, Mendaro eta Mutrikuko udalerriak zeharkatzen ditu. Arroak 518 km2 hartzen du.

Ezkerraldeko ibaiadar nagusiak Aramaio, Angiozar, Aranerreka, Ego (Eibarko ibaiadar nagusia) eta Kilimon (Mendaro) dira. Eskuinaldekoak, aldiz, Oñati, Urkulu eta Antzuola ibaiak.

Ez du oso emari handia, bataz beste 11,85 m3/s, baina urtean zehar aldaketa oso handiak izan daitezke. Esaterako, 1196 eta 2014 artean, gutxieneko emaria 0,95 m3/s izan zen, eta handiena 132,63 m3/s; hau da, 130 aldiz handiagoa. Gainera, ibai motza eta malkartsua izanik aldaketa hauek oso denbora gutxian gerta daizteke.

Garraiobidea

Debarroa betidanik erabili izan da Gaztela eta itsasoa Arabatik lotzeko. Erromatarren garaian, bazegoen bidea Veleia (Gasteizen ondoan) eta Tritium Tiboricum (Astigarribia, Deba ondoan) lotzen zuena.

Ertarotik aurrera Gaztelako artilea ere Debarrotik itsasoratzen zen: Altzolaraino gurdiz eta handik, alatan[2], Debako porturaino. Eta bide bera erabiltzen zen Soraluzetik Debara fusilak, arkabuzak eta gainontzeko armak eramateko.

XVIII. mendean, Argien mendean zehar, Mediterraneoa eta Atlantikoa Zadorra eta Deba ibaien bidez elkar lotzeko egitasmoa planteatu zen. 1776 eta 1790 artean Frantzisko Xabier Muniberen[3] aginduz zati batzuk egin bazituzten ere, proiektua ez zuten gauzatu ahal izan orografia zailak diru asko eskatzen zuelako.

Kutsadura

XX mendeko bigarren erdialdean Deba ibaia bihurtu zen Europako ibai kutsatueneko bat, kutsatuena ez bazen. Bertako industria izandako garapena alde batetik, eta garai hartako kutsadurarekiko ezaxolatasuna bestetik, egoera tamalgarrian jarri zuten ibaia. Soraluze ez zen salbuespena: Bergara aldetik zetorkion kutsadura jasatzeaz gain, bertako lantegiek kutsadura gehiago eransten zion ibaiari.

1980 hamarkadatik aurrera egoera bideratzen ari da: herrietako ur-araztaileak, lantegietakoak… Hala ere, oraindik asko geratzen da ibaia lehengoratzeko.


Kokapena

(Ibai edo erreka baten izena ezagutzeko, gainean sakatu)

Loading map...


Deba ibaia Soraluzen

Deba ibaiak Soraluzeko udalerria zeharkatzen du; hegoaldetik (Osintxu, Bergara) sartzen da udalerrira, eta iparraldetik (Maltzaga, Eibar-Elgoibar) irtetzen.

Soraluzeko tarteak 5 kilometro pasatxo ditu, eta horietan 35 bat metro jaisten da (110 metrotatik 75 metrotara). Soraluzeko tartea oso laua da (%0,7 vs. %2,1 aldapa orokorra). Hala ere, 35 metrotako altura alde hori nahikoa izan zen hainbat presa eraikitzeko: Alberdi, Ibaizabal, Olabarrena

Ibaia nahikoa nasaia da, 20-25 metrotako zabalera du leku gehienetan (inoiz 15 metro edo 30 metrotakoa ere).

Deba Ibaia Soraluzen, mendi artean

Orografia

Deba ibaia Soraluze udalerriko ardatz orografikoa da, eta honek ematen dio bailarari duen itxura eta forma.

Ibaia hegoaldetik iparraldera doa, bi mendilerroen artean: eskuman 800 metrotako altura duen Kortazar-Irukurutzeta mendi lerroa eta ezkerrean, berriz, Krabelinaitz-Topinburu mendigunea daukagu, 600 metro inguruko altuerarekin. Bi mendiguneak nahiko gertu direnez, eta ibaia 100 bat metrotako altura daukanez, bailara sakona eta estua da, eta aldapak oso malkartsuak.

Bergara-Mekolakde-Osintxu tartean Deba bailara nahikoa zuzena da, eta bailara ere nahikoa zabala. Osintxutik aurrera, berriz, bailara ixten eta bihurtzen da (Mugarri eta Irukurutzetako bihurguneak). Eta iparraldean Kortazar-Irukurutzeta mendi lerroa topatzen duenez, hortik aurrera ipar-mendebalde norabidea hartzen du, bailara luze eta estua zertxobait zabaltzen dela. Hor sortu zen Soraluze, eta hortik izena (Soraluze = soro + luzea). Sagar-erreka adarra biltzen den lekutik aurrera bailara estutzen da atzera, Maltzagara heldu arte.

Hidrografia

Udalerriko ardatza izateaz gain, Deba ibaia herriko hidrografiaren ardatza da.

Adar nagusia Sagar-erreka da, ezkerreko adarra hain zuzen. Honetaz gain, Lisiba/ Ozuma/ Orroaga erreka ere aipa daiteke, udalerriko adar luzeena delako.

Gainontzekoak bigarren mailakoak dira. Sagar-erreka alde batera utzita, Deba ibaiaren adar hauek malkartsuak, sakonak eta meharrak dira.

Gorago esan den moduan, Deba ibaiaren emaria ez da oso altua. Baina noizean behin, uda partean batez ere, ur maila asko igotzen da ordu gutxitan, ufalak sortzen. Soraluzeko ufal gogorrenak 1834, 1953, 1983 eta 1988 urteetan izan dira.

Estropadak zubi nagusiaren azpian (1965)

Ibiak

Udalerriko ibi garrantzitsuena Ibaizabal da, gaur egun zubi nagusia dagoen ingurua, hain zuzen. Bertan, ibaia zabalagoa denez, sakonera txikiagoa dauka eta, beraz, zeharkatzeko errazagoa da. Bergara aldetik zetorren bidea puntu horretaraino heltzen zen eta, Maltzagarainoko tartea malkarra eta estua zenez oso, hirutan banatzen zen. Eibarrerako adarra Deba ibaiaren ezkerretik segitzen zen, Irureraino igo eta Azitainera jeisten zen; bide nagusia, itsasertzera zihoana, Ibaizabal ibitik eskumako aldera pasa eta aurrera egiten zuen, San Rokeraino igo eta handik Elgoibarrera jeisten; bazegoen beste bide bat San Andresetik eta Pagobedeinkatutik Azkoitiraino joaten zena.

Bigarren ibia, askoz gutxiagotan erabilia, Iñasibar da. Irukurutzeta errebuelta ondoan zegoen, eta Txurrukako bailarakoek erabiltzen zuten gehien bat.

Azkenik, beste bi ibi urbano ere izan dira, harpasuak. Oinez erabiltzekoak ziren, bata Gabolatseko Altun erreka eta Baltegietako Malmero errota biltzen zituen, eta bigarrena Santa Ana komentu ostetik Atxurira joaten zen. 1915 urtean oinezko zubiak egin ziren inguruetan, eta harpasuak erabiltzeari laga zioten. Gaur egun aztarnak besterik ez dira geratzen.

Zubiak

XVI mendean eraiki zen lehen zubia, zubi nagusia, Ibaizabal ibian paraleloan.

XX mende hasieran beste zubi batzuk ere eraiki ziren, oinenzkoentzat. Alde batetik, eta harpasuak ordezkatzeko, Gabolats[4] eta Santa Ana zubiak. Bestetik zentral elektrikoetara pasatzeko zubiak: Orbea eta Maltzagako zentralekoak. Gainera, sokazko zubia egon zen Gabolats 4tik Baltegieta 12 arte.

1950 hamarkadan, Gabilondo enpresak Maltzagako zentrala erosi eta lantegia eraiki zuenean, zubia ordeztu zuen zabalagoa eraikiz; handik urteetara bigarren zubia egin zuten. 1970tik aurrera, Mendiola eta Mendizabal industrialdeak eraikitzerakoan bakoitzak bere zubia izan zuen. Eta Mendiola industrialdean Sagar-errekako oinezko zubia ere egin zuten. Embalajes Ansola lantegia eraikitzerakoan Orbeako zubia ere bota zuten zabalagoa eraikitzeko.

XX mende bukaeran, aldiz, Oleako zubia egin zuten eta Maltzaga-Gasteiz autobidearenak (Larreategi), eta Osintxuko sahiesbidearena[5].

Bergaratik hasita, gaur egun 13 zubi daude Deba ibaia zeharkatzen dutenak: Osintxuko sahiesbidearena, Mendizabal industrialdearena, Oleako zubia, Santa Anako zubia, Zubi Nagusia, Gabolatseko zubia, Sagar-errekako zubia, Mendiolako industrialdearena, Larreategiko bi zubiak (autopistarenak), Amillaga industrialdearena eta Aginagako industrialdearen biak.

Toponimia

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Herriko toponimian barruan, Deba ibaiak hainbat izen biltzen ditu inguruan: hondartzak, ibiak, zubiak, eraikinak, presa edota zentralak...


Ustiapena

Deba ibaiak garrantzi izugarria izan du mendeetan zehar Soraluzeko herritarrentzat, 60. hamarkadan guztiz kutsatu zen arte. Gaur egun, herriko paisaiaren erdigune izaten jarraitzen du, baina ezer gutxiago.

Malmero zentrala. Presa eta erretena

Indarra

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Ibaiaren ustiapen jarduera nagusia, bertatik energia eskuratzea izan zen, olek eta errotek beharrezkoa zuten mugimendua eta indarra lortu ahal izateko batipat.

Aro modernoan Ibaizabal presa (Malmeronekoa) eta Olabarrenakoak egin ziren. XIX mendean Malmeronekoa ogi-errota bihurtu zen, eta XX mende hasieran biak ala biak zentralak bihurtu ziren. Urte haietan ere beste zentral eta presa eraiki ziren: Oleakoa (Alberdi), Orbeakoa eta Maltzagakoa.

1970 hamarkadan azken biak desegin zuten, eta XX mende bukaeran Alberdiko presari altura kendu zioten. URAk (Uraren Euskal Agentzia) geratzen diren hiru presak kentzeko asmoa du, baina horrek Soraluzek berezkoa duen ur azalera irudia desagerraraziko luke.

Arrantza

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

1950 hamarkada arte Deba ibaia bizia zen, eta arrantza ugari hartzen zen, ibaiertzetatik edo txaneletatik: amuarrainak, barboak, loinak... Denbora pasa batzuetan, eta garai gogorrenetan etxerako janaria.

Ostean, industrializazioak ekarritako kutsadurak arrain ia guztiz desagertu ziren, eta arrainekin batera arrantza bera: Deba ibaia hilda zegoen.

2010 hamarkadan hasi dira berriro arrainak agertzen, baina arrantzarako zaletasuna ez da oraindik berreskuratu.

Nicomedes Bollain bere ur-bizikletan

Kirola

Deba ibaia igeritan egiteko aprobetxatu izan da betidanik, batez ere mutilek. Sakoneraren arabera, bazeuden toki bereziak igeritan ikasteko, jarduteko eta afanetan ibiltzeko, Maltzagako tren zubiaren azpian, esateko. Behin, zubitik salto egin zuen gazte bati oina harkaitzen artean trabatuta geratu zitzaion, eta han ito zen atera ezinik.

Estropadak ere izan dira, eta ez gutxi. Iñaki Letek kontatzen duenez[6], gerra aurrean Julio Herrerok eta Fausto Tejeruak txalupa estropada egin zuten jaietan. Gerra ostean batel estropadak egin dira hainbat urteetan: 1950, 1964, 1965, 1967... Azken urteetan udan piraguak ekarri izan dituzte, gazteen gozamenerako.

Eta Nicomedes Bollainek asmatutako uretako bizikleta ere aipatu beharko litzateke.

Deba ibaia kutsaduraren koloretan

Kutsadura

Mendeetan zehar, Deba ibaia asko aldatu da gizakien eraginez. Alde batetik uren kutsadura dago, eta bestetik eraldaketa fisikoa.

XX mendeko bigarren erdialdean Deba ibaia Europako ibai kutsatuena bihurtu zen. Soraluzek Bergara aldetik zetorkion kutsadura jasatzeaz gain, bertako lantegiek kutsadura gehiago eransten zion ibaiari.

1980 hamarkadatik aurrera egoera bideratzen ari da, herri guztiak beren ur-araztaileak dituzte eta: Soraluzeko ur zikinak Elgoibarren hartzen dituzte. Lantegiek ere beren araztaileak dituzte, baina oraindik inoiz ihesaren bat egoten da (nahita ala ez), eta ibaia koloreztatua agertzen da, edota arrainak hilda agertu izan dira.

Eraldaketa fisikoa, berriz, erabatekoa izan da: presak, zubiak, bi ibaiertzak ia osorik hormatuta Osintxutik Maltzagaraino... Baina uren kutsaduraren kasuan ez bezala, hemen askoz zailagoa da atzera buelta.


Ufala zubi nagusian (1953)

Ufalak

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Ufala ibaiko ur emariaren hazkunde bortitza da, denbora laburrean ematen dena. Soraluzeko berba da; batuaz eta gipuzkeraz uholdea esaten zaio, eta uriola bizkaieraz.

Ufalak ekaitz bortitzek sortzek dituzte eta normalki udara erdi edo bukaeran ematen da, abuztua eta urria artean. Eta Soraluzeko mendi magal aldapatsuetatik jaisten diren errekak Deba ibaia bezain arriskutsuak izan daitezke: ur mailaren igoera bortitzagoa eta azkarragoa da, eta kasu askotan, lokatza, harriak, enborrak eta antzeko hondakinak dakartza berarekin urak. Hortik erreka hauen arriskua ufala dagoenean.

Lau ufal handi gertatu dira azken bi mendetan gure herrian, orduko kronikek eta kontakizunek adierazten diguten bezala: 1834, 1953, 1983 eta 1988 urteetan, hain zuzen. Azken biak 1983ko abuztuaren 26an eta 1988 uztailaren 19an gertatu ziren, eta oraindik oso gogoan dituzte herritarrek orduko galera eta hondamendiak.


Hiztegia

Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Deba ibaiaren inguruan hainbat berba sortu dira Soraluzen, bakarrik bertan erabiltzen direnak edo gertuko inguruan... nahiz eta gaur egun berba asko ahaztuta egon: osiña, urapiak, ugarreziak, tapakuak, ufala, urakapiñak, amurgil, harpasua, txanala, harrazixa, txinga...

Esanahia eta adibideak Soraluzeko berbak izeneko sarreran jaso dira.


Erreferentziak

  • Ibar Oihar Gipuzkoako Urak soinu bidez (Gipuzkoako Urak 2016)
  • Deba ibaia. Wikipedia (euskaraz).
  • Ala. Ibaietan erabiltzen zen ontzi luze eta sakona, garraiorako aproposa.
  • Frantzisko Xabier Munibe. Wikipedia (euskaraz).
  • Gabolatseko zubia ibilgailuentzako egokitu zuten gero.
  • Berez, zubi hau muga gainetik eraiki zuten, hasiera Soraluzen dago eta beste aldea Osintxun (Bergarako udalerria).
  • Andramarixak. Iñaki Lete (Jai egitaraua 1974).