Izurriteak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Izurri beltzaren hedapena Europan (1347-1351)

Joan diren mendeetan hainbat izurritek kolpatu dute herria, eri eta hildakoak eraginez eta herriaren betiko bizitza irauliz.

1348.eko izurri beltza

Izurri beltza[1], XIV mendearen erdialdian garatu zena, Europak eta Asiak jasan zuten epidemia suntsitzaile gogorrenetarikoa izan zen. Itxura denez, munduan 75 miloi lagun hil zituen; eta Europari dagokionez, biztanleen herena edo bi herenak eraman zituen aurretik.

Uste da Zetaren Bidearen bitartez iritsi zela kutsadura Asiatik tartaroen lurraldera. 1347.ean Caffa hiria (Krimea, gaur egun Teodosia izenez ezagutua) setiatu zuten mongoliarrek katapulta bidez izurriaz hildakoen gorpuak jaurti zituzten hiri barnera eta barruan zeuden genovatarrak kutsatu zituzten. Hauek ihes egindakoan izurritea Europa zehar zabaldu zuten[2].

Izurri beltzak sortutako hileta kopuruak eragin latzak izan zituen Europan zehar. Auzo, herri eta hiriak hustu, asko eta asko desagertu ere egin ziren; nekazarien faltan uztak galdu ziren, eta gosea zabaldu zen; ekonomiaren atzerakada etorri zen... Baina jopu askorentzat askatasuna ere ekarri zuen: batzuetan, kapareak behartuta izan zirelako haien bizi baldintzak nasaitzera eta, bestetan, beste herri eta hirietara alde egin zutelako.

1348.eko udarako Euskal Herrira heldu zen eta, orduko iturrien arabera, bertakoen %40 edo %60 hil zuen. Soraluzen ere, bide garrantzitsuen alboan kokatuta, hilkortasun tasa antzekoa izango zen.

Gogoratu behar da Soraluze hiribildua bost urte lehenago jaio zela, eta izurri beltza agertu zenean herri "berria" antolatzen ariko zirela: kaleak zabaldu, harresiak jaso, etxeak eraiki... Hala ere, herriak aurrera egin zuen, nahiz eta biztanleen erdiak galdu.


Sagarraga baserriaren ondarrak (Eli Lakuesta 1975)

1598.eko izurritea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Izurrite hau 1597. urtean agertu zen Euskal Herrian. Barrutik sartu beharrean, kostaldetik sartu zen, portuetatik. Urte hartan portuak kutsatu zituen, eta neguarekin batera desagertu omen zen... baina hurrengo udan barrukaldeko hainbat herritan agertu zen, Oñati eta Soraluze gogorren kolpatuz.

Inguruko herriek neurriak hartu zituzten: Logroñok eta Gasteizek Soraluze zerrenda beltzean sartu zuten, merkarariek bertara ez joateko, Eibarkoek eta Bergarakoek zaintza taldeak antolatu zuten, Soraluzekoei sarrera debekatuz, Mugarriko parean bidea itxi zuten...

Soraluzetarrok hilabete gogorrak bizi zituzten. Kutsatutakoak etxeetan ixten zituzten, bere familia eta zerbitzariekin; inork ez zien janaririk eramaten, medikuak eta eskribauak ere nekez gerturatzen ziren... azkenean hil edo sendatu arte.

Hildakoak lurperatzeko arazoak izaten ziren. Eta kutsadurak ekiditzeko beren erropak era oheak erretzen zituzten, inoiz etxeak ere: Sagarraga etxea bi aldiz erre zuten.

Kutsatu gabekoen bizitza ez zen erraza ere: kutsatzeko berdurraz gain, gosea zabaldu zen herrian uztak jaso ez zirelako eta kanpoko garia falta zelako. Lanaren aldetik ere arazo latzak: izurriteak iraun zituen hilabetetan ezin lan egin ganoraz, eta ostean isunak etorri ziren, agindutako lana ez betetzeagatik.

Izurriteak aztarnak laga zituen herrian. Alde batetik, urte haietan egin ziren izurrite kontrako bi santuen irudiak, San Roke Txiki eta San Sebastian, gaur egun San Roke ermitan gordetzen direnak. Eta bi izen berri sortu ziren: Sagarraga etxea ospital moduan erabili zutenez, Nafarranekua esaten hasi zitzaion (izenak nafarreriarekin lotura izan dezake), eta handik gertu dagoen Kukupe iturriari Ospittal iturria.


San Roke Txiki irudia

1700.eko izurritea

1700. urte hasieran beste izurritea heldu zen Soraluzera.

Eragindako hildakoez kezkatuta, otsailean armagileen gremioek eskatu zuten San Roke Txiki herrira ekartzeko, eta hala egin zuten, lau gremioek prozesioan antolatuta. Nahikoa ez zelakoan, martxoan Ezoziako Andramaria eta San Sebastian ere ekarrik zituzten.

Izurritearen eraginez, gosea zabaldu zen herrian. Gremioek diputatuak izendatu zituzten, orduko parrokoarekin batera Gasteizera joateko garia erostera.


1765.eko izurritea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

1765. urteko udazken hasieran beste izurritea zabaltzen hasi zen, nafarreria edo baztanga segururena.

Soraluzetarrak, kezkatuta, San Roke Txiki ekartzea erabaki zuten, irailak 29an, betiko moduan bederatziurrena egiteko:

Eliz-batzarrari baimena eskatu eta horrek eman ondoren, hiri honetako gaixotasun gaiztoekin bukatzeko, hainbeste jende hiltzen dutenak, Gurutze Santuko ermitatik San Roke jauna ekartzea erabaki da, gaixotasunen abokatua baita, eta bera parrokiako elizan daukagunean bederatziurrena egingo zaio, gaixotasun horiekin bukatzeko.

Baina txarrena oraindik hasi gabekoa zen: urrian eta azaroan izurriteak hildako asko eta asko eragin zituen, batez ere ume eta gaztetxoak, eta abenduan apaldu zen. Urte berrirako izurritea pasatua zen, baina guztira 113 hildako eragin zituen, 69 gizon eta 44 andra. Soraluzen inoiz izan den izurrite hilgarriena izan zen.


1785.eko izurritea

1785.eko otsailean nafarreri edo baztanga beste izurritea izan zen.

Bergara inguruko herriak izurriteak hartuta zirenez, Bergaran lehen kasuak agertu orduko bertako ilustreek beren seme-alabak inokulatu zituzten, kutsadura saihesteko asmoz. Inokulatutakoen artean Soraluzeko Erret Lantegiaren zuzendariaren semea zegoen.


1788.eko izurritea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

1788.eko martxoan baztangak berriro jo zuen Soraluzen, eta hurrengo 40 hilabetetan 140-190 hildako eragin zituen herrian.

Guztira, lau olatu izan ziren. (1790.eko udaberrian, hirugarrena gogorren jotzen ari zela, San Roke, Ezoziako Ama eta San Sebastian ekarri zituzten parrokiara eta handik hilabetetara izurria asko apaldu zen.

Baina 1791.eko martxoan laugarren olatua etorri zen, hiru hilabetetan 50 hildako eragin zituena.


1856.eko izurritea

Hirurogetamar urte geroago beste izurritea zabaldu zen, kasu honetan Asiako gaitza edo morbo asiático.

Itxura denez, Soraluzen ez zuen kalte handirik egin, 1856ko abuztuaren 22an Udalak honako agiria sortu zuen eta:

Hiri honetako Udalak joan den urtean eta San Roke bitarteko izan delarik, Asiako morbo kolera izeneko epidemia izugarritik hiri hau libratzeagatik Ahalguztidunari eskerrak emateko, herri honetako babesle den santu horren ohorez bederatziurrenak egingo duela erabaki du, datorren igandean hasita.


1897.eko izurritea

1896. urtean Babesetxea zabaldu zutenean, hiru moja mertzedaria etorri ziren bertara. Zazpi babestuak zeuden bertan.

Hurrengo urteko izurritea zela eta, babestuen kopurua dezente handitu zen. Laugarren moja ekarri zuten.


Ospitalaren eritegia (V. Zabala 1925)

1918.eko gripe izurritea

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Izurrite hau Estatu Batuetan agertu zen, 1918. urtean, eta aurki mundu guztian zabaldu zen. Lehen Mundu Gerra puri-purian zegoen (1914-1918), eta Europako herri gehienek parte hartzen zuten. Propaganda zela eta, datuak ezkutatu zituzten, Espainian ezik (neutrala zelako). Horregatik spanish flu edo gripe espainiarra esan zitzaion.

1918.eko udaberrian bertan heldu zen izurritea Euskal Herrira. Bapatean agertu zen, aste gutxitan goia jo zuen, biztanleen erdia baino gehiago gaixotu zen eta milako 12 hil ziren. Etorritako abiadarekin apaldu zen, eta azken hildakoak 1919.ekoak ziren.

Gripea irailean sartu zen Soraluzen. Aldi gogorrena 28an hasi zen. Urriak 10a arte, 13 egunetan 26 lagun hil ziren. Egun gogorrena urriak 4a izan zen, 5 lagun hil zirela. Guztira 36 pertsona hil ziren, 22 gizonezko eta 14 andrazko; Euskal Herriko eragina baino zertxobait handiagoa.


2020.eko COVID-19 pandemia

Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

Pandemia Txinan hasi zen, 2019ko bukaeran, eta hurrengo udaberrirako mundu guztian zabalduta zegoen. Eguraldi ona lagun, eta hartutako erabakiei esker (lantegiak, eskolak eta tabernak itxi, herriak konfinatu...), udarako lehen olatua pasa zen.

Baina abuztuan gogor hasi zen berriro hainbat herrialdeetan. Urriak 25ean Espainiako gobernuak alarma egoera indarrean jarri zuen, eta elkarte autonomoei kudeatzeko ardura eman.

Soraluzen lehen olatua modu nahikoa arin pasa zen, 12 kutsatu besterik ez zituela egin. Baina uztailetik aurrera berriro hasi ziren kutsatuak, tantaka hasieran, maizago gero eta urrian oso bizkor hasi zen: hiru asteetan bikoiztu egin zen kasuen kopurua (Eusko Jaurlaritzaren arabera, urriak 25erako 133 kasu guztira). Ordurako hiru hildako ere eragin omen zituen gutxienez, nahiz eta estatistiketan jasota ez egon.


Erreferentziak

  1. Izurri beltza. Wikipedia (euskaraz)
  2. Dekameron liburu famatuak izurri beltzetik ihes egindakoek hamar lagunen iouinak biltzen omen ditu.