Juan Josef Ussi Echagaray (eu)

    Sorapediatik
    Osasuna. Sendagilea.jpg

    Juan Jose Ussi Echagaray XVIII. mende bukaeran Soraluzen aritutako sasimedikua izan zen. Sasimedikua, titulua lortu ez zuelako: 1776.ean bere burua zirujau ikaslea aurkeztu zuen, eta urte berean salaketa izan zuen mediku lanak egiteagatik.

    Agirietan grafia askorekin agertzen da: Juan Josef, Josseph, Jose... Ussi edo Usi... eta Echagaray edo Echagarai.


    Lehen urteak eta ezkontza

    Gurasoak, Joan Ussi Arizpe eta Margarita Echagaray Aguirre, Oxirondoko Santa Marina elizan (Bergara) ezkondu ziren (1725). Lehengo alaba urte bereko bukaeran izan zuten, Gabriela Antonia, baina jaio eta egunetara hil zen (1725).

    Juan Josef gerora jaioko zen, Bergaran bertan segururena, baina Bergarako zein Gipuzkoako eliz artxiboetan ez da haren jaiotze agiririk agertzen.

    1770. urtean Maria Thomasa Larrañaga Aguirrebeiña (edo Aguirre Veina) soraluzetarrarekin ezkondu zen, Soraluzen bertan. Biak ondo helduak ziren ordurako: Maria Thomasak 37 urte zituen, eta Juan Josek berrogei inguru, gutxi gorabehera. Seme bi izan zuten, Josseph Bartolome (1771) eta Martin Hemeterio (1773).

    1776.ean bere kaparetasuna frogatzeko beharrezko informazioa eskatu zuen Bergarako Udalean[1]. Eskaeran bertan zirujau ikasle moduan aurkezten du bere burua.


    Odol-ateratzailea

    Soraluzeko lanak eta auziak

    Juan Josef Ussi sendagilea zen, eta Soraluzen urte askotan egin zuen lan, noiztik jakiten ez dela: ezkondu aurretik eta Maria Thomasa bertan ezagutu zuen, ala ezkondu eta gero herrira etorri zen.

    Herriko mediku zirujau ofizialek ez zuten oso estimu handian izan, bere zerbitzuak inolako titulu ofizialik gabe eskaintzen zituelako… eta bezeroak kentzen zizkielako.

    1776. urtean, esateko, Juan Bautista de Alzaa mediku zirujauak Soraluzeko alkatearen aurrean salatu zuen, zirujau eta odol-ateratzaile moduan lan egiten zuelako, titulurik gabe[2].

    Handik urte betera herriko mediku berriak, Francisco Antonio de Zubeldia izenekoak, berriro salatu zuen, oraingo honetan mutil gazte bati sei aldiz odola ateratzeagatik, titulu barik[3]. Gaztea, itxura denez, hil zen.

    Bi urte geroago (1779) beste mediku batek, Juan Francisco de Aranguren kasu honetan, berriro salatu zuen arrazoi bereberengatik[4].

    Ez du ematen salaketa hauek Juan Jose de Ussiren jarduerak geldituko zituenik: hil arteko hogetabost urteak Soraluzen eman zituen eta.


    Familia berria

    Maria Thomasa Larrañaga emaztea Soraluzen hil zen, 49 urtekin (1782).

    Hurrengo urtean (1783) Juan Josef bigarrenez ezkondu zen, Maria Ynes Ybarra Eleizaola andrearekin, Soraluzen ere. Emazte berri hau, Maria Ynesa Ybarra Leizaola, Mutrikun jaioa zen, ia hogetabost urte lehenago (1758).

    Lau seme-alaba izan zituzten, horietako bi umetan hilda: Juan Maria (1783), Juaquin Marcos (1785-1791), Josef Maria (1787) eta Francisco Cosme (1790-1791).

    Laurak Soraluzen jaio ziren eta beraz, nahiz eta medikuek demandak jarri, Juan Jose Soraluzen sasimediku moduan lanean jarraitu zela pentsa dezakegu.


    Heriotza

    Juan Josef Ussi Soraluzen hil zen (1794/01/30).

    Maria Ynes Ybarrak ia hamazortzi urte gehiago hartu zituen. Soraluzen hil zen, 53 urte zituela (1812).


    Seme zirujaua

    Jose Maria semea aitaren ildotik jarraitu zen. Baina Juan Josefek titulurik ez bazuen, Jose Maria mediku zirujau ofiziala izango zen.

    Horretarako Madrila joan zen zirujau ikasketa ofizialak egiteko. 31 urte zituela, Madrilgo Monserrate ospitalean[5] praktikak egiten ari zen, eta Manuel Antonio de Ibarra osaba motrikuarrari eskatu zion bere kaparerasuna frogatzeko agiriak eskuratzeko[6]. Ikasketak nahikoa berandu hasi zituen, segururena aurretik izandako Espainiako Independentzia Gerra (1808-1814) bukatu artean ezin izango zuen eta.


    Erreferentziak

    1. Información de hidalguía de Juan José de Usi, aprendiz de cirujano, contra el Concejo de Bergara (Bergarako Artxiboa. Udal azpifuntsa historikoa 1776/01/15).
    2. Querella de Juan Bautista de Alzaa, maestro cirujano de la villa de Placencia, contra José de Usi, residente en dicha villa, por ejercer sin título el oficio de cirujano y sangrador (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1776/11/18).
    3. Querella deFrancisco Antonio de Zubeldia, médico titular de la villa de Placencia, contra José de Usi, residente en la dicha villa, por hacer 6 sangrías a un mozo, difunto, sin poseer título médico (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1777/03/08).
    4. Querella de Juan Francisco de Aranguren, médico titular de la villa de Placencia, contra José de Usi, residente en la dicha villa, por ejercer de médico y administrar medicamentos, sin poseer título (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1779/02/09).
    5. Hospital de Montserrat. Wikipedia (gazteleraz).
    6. Información recibida a pedimiento de Manuel Antonio de Ibarra, vecino de la villa de Motrico, y a favor de José María de Usi Ibarra, su sobrino, natural de la villa de Placencia y residente en la villa y corte de Madrid, practicante de cirujano en el hospital de Monsarrate, de su filiación, nobleza y limpieza de sangre (Mutrikuko Udal Artxiboa 1818/12/10).