Komunikabideak. Saihesbidea (eu)

    From Sorapedia
    Komunikabideak historian zehar ikusteko, Komunikabideak (eu)

    Aurrekariak

    XVIII mendean errepide berria egin zenetik, Soraluzeko zeharbidea Deba ibaiko ezkerraldetik pasatzen zen, Errekaldetik Iturbururaino.

    XX mendean, herria handitu zenean, zeharbidea gero eta luzeagoa zen. Gerra ostean kilometro t'erdi neurtzen zuen, Txurrukenetik Igarateraino.

    1943.ean idatzi zen Gipuzkoako Plan Urbanistikoa saihesbidea proiektatu zuten, gaur eguneko trazadoarekin; hau da, Deba ibaieko ezkerreko hegaletik.

    Trafikoa ere ugaritu zen, eta ibilgailu astunak, kamioi zein autobusak, gero eta handiagoak ziren. Kaleak lehen bezain estuak ziren eta, ondorioz, egunero egunero trafikoa trabatuta geratzen zen, batzuetan ordu luzez.


    Saihesbidea Soraluze gainean (Mikel Valero 2019)

    Saihesbidearen eraikuntza

    Proiektua

    1960. hamarkadan saihesbidea egiteko asmoa berpiztu zen, baina oraingoan Deba ibaiko eskumaldetik: Irukurutzetako errebuelta inguruan ibaia zeharkatu, Zeleta eta Bozkoitxi bitartetik sartu, Ezozibidea gainetik pasa eta gero, errepideraino jaitsi Igaratetik aurrera.

    Egitasmoa urte batzuetan ez aurrera ez atzera egon zen, 1970 hamarkadaren hasieran enkantera artea zuten saihesbidearen eraikuntza.

    Eskaintza guztien artean, enpresa batek proiektu merkeagoa eta azkarragoa aurkeztu zuen: Deba ibaiaren ezkerreko aldetik egitea, Txaratik alegia; hau da, 1943.ean aukeratutako trazadoa. Aurrekontua 349 miloi pezetakoa zen (2.098.000 bat euro, gutxi gora behera).

    Hasiera batean proiektua mesfidantza handiekin hartu zen, Txarako lur sailak egonkorrak ez direlako[1] baina, ondo aztertu eta gero, azkenean onartu zen.

    Lanak 1983 urtean hasi ziren, eta bi urte geroago gaur eguneko saihesbidea zabaldu zuten, 1985ko martxoak 17an hain zuzen. Benetako kostua 550 miloi pezetatik gorakoa izan zen (3.306.000 bat euro, hasierako aurrekontua baino ia %58a garestiagoa).

    Trazadura

    Mapa kargatzen...

    Ezaugarriak

    Inguruko herrietako saihesbideekin alderatuta, Soraluzekoa askoz zuzenagoa eta aldapatsuagoa da: herria albotik baino goitik saihesten du eta. Horregatik hiru errail ditu trazabide guztian, bikoitza igotzekoa eta batekoa jaistekoa.

    1.830 bat metro luze da, eta bi muturretan ditu lotuneak, Txurrukenen eta Igaraten. Leku faltagatik erdi-lotuneak dira; hau da, behin saihesbidea pasata aurrera egin behar da derrigorrez, handik ezin da herrira sartu.

    Saihesbideak zubi bat dauka, Erlei erreka gainekoa. 102 metro luze da, eta 27 metrotako altuera. Behin baino gehiagotan ‘’puenting’’ egiteko erabilia izan da.

    Azpiko hiru pasabide ditu:

    Honetaz gain, San Martzialeko oinezko zubia dago, Zupide jauregitik San Martzialeko bideari jarraipena emateko eraikia.

    Ez dago tunelik, baina Erleiko zubiaren bi muturretan lubakian sartzen da.

    Erlei zentrala (J.C. Astiazaran 1979)

    Eraikuntzari buruzkoak

    Saihesbidea egiterakoan, Erlei errekako zubia egiteko Erleiko zentrala bota izan behar zuten. Gaur egun presaren aztarnak besterik ez dira geratzen.

    Industutako lur guztiak Erlei erreka gainean laga zituzten, Erleiko zubia baino gorago.

    Aurre ikusitako moduan, Txarako lurren (ez) egonkortasunak ez zuen arazorik eman. Dena dela, eraikuntza lanetan dinamita erabili zuten, eta inoiz Txaratik harriak erori ziren inguruko teilatuetara. Gehienetan ez ziren oso handiak izaten, baina 1984/02/22 egunean lau toneladako harri potorra, metro bateko pilota modukoa, Errabaleko 19. zenbakiaren teilatu gainean jauzi eta barrura sartu zen. Apurtzeko, produktu kimikoren bat erabili omen zuten.


    Arazoak eta hobekuntzak

    Igarateko erlaitza

    Igarateko erlaitza

    Saihesbidearen Igarateko lotunean, Maltzagatik etorrita badago atzera jotzeko aukera: saihesbidea hartu beharrean eskumara jo, azpitik pasa eta ezkerrera berriro hartu, Maltzagara edo Mendiola industrialdera joateko.

    Baina saihesbidea egin zutenean, ez zuten kontutan hartu autobusak eta kamioiak. Bide hori egiteko (saihesbidea edo zeharbidea itxita zeudelako, edo gaur egun herrira edo industrialdera sartu ahal izateko) maniobrak egin behar zituzten, trafikoa oztopatuz eta arriskua jarriz.

    2009 urtean, Igarateko zubiaren parean erlaitza egin zuten, autobusak eta kamioiak azpitik pasatzerakoan buelta erosoagoa egiteko, maniobra barik[2].

    Irukurutzetako biribilgunea

    Aurretik esan denez, lotuneak ez dira osoak; hau da, behin saihesbidea pasata ezin da herrira bueltatu.

    Herri osoa zeharkatu nahi ez duenak badauzka bi aukera. Maltzagako aldera, behin saihesbidea pasata eskumara jo Mendiola industrialdera eta bertatik herrira sartu. Osintxu aldera berriz, behin saihesbidea pasata ezkerrera jo eta Mendizabal industrialdearen zubi muturrean buelta eman Txurrukenetik herrira sartzeko.

    Biek bere arriskua dute, batez ere bigarrenak. Horregatik, 2001 urtean, Izartu planerako Soraluzek aurkeztutako proiektu bat bertan lotune osoa eraikitzekoa izan zen. Oso konplikatua eta, batez ere, oso garestia zenez, bertan behera geratu zen proiektu hau.

    Baina 2018 urtean arazoari beste irtenbidea eman zitzaion. Irukurutzetako errebueltan biribilgunea egin zuten, eta nahikoa da Txurrukeneko irteera bi norabidetan erabiltzeko, Maltzagatik etorrita errotondara eta atzera herrira, edo herritik errotondara eta atzera saihesbidera.

    Mendiola industrialdeko biribilgunea

    Irisgarritasuna eta seguritatea hobetzeko, Udalak behin eta berriro eskatu dio Aldundiari beste biribilgunea egiteko saihesbidearen beste ertzean; hau da, Mendiola industrialdeko zubiaren parean.

    Dena dela, ez da ezer lortu oraindik.


    Bitxikeriak

    Saihesbidea egin aurretik, eta kamioi handien eraginez, zeharbideko balkoi guztiak desagertu ziren.

    Soraluze oso ezaguna izan zen, eta ez onerako, Espainia guztiko kamioilarien artean, autostop egiterakoan egiaztatu zitekeen moduan.

    Saihesbidea zabaldu eta egun berean (1985/03/17) zeharbidea itxi zen, bazkari herrikoia bertan ospatu zelako.


    Ondorioak

    Alde batetik, Soraluze helmuga edo jatorria duen garraioa bertatik pasatzen ez delako, herriko trafikoa asko arindu zen (hala ere, geratzen dena ez da txikia).

    Baina, aldi berean, Soraluze jendearen mapa mentaletik desagertu egin da, ez bada bertan bizi, edota lan egin… edo garraio publikoaren erabiltzailea!


    Erreferentziak

    1. XVIII mende bukaeran behin baino gehiagotan lubiziak izan ziren, Erregetxe zaharra hondatuz eta, ondorioz, Erregetxe berria egin zuten.
    2. Los trabajos del voladizo de Sagar Erreka finalizarán en el mes de septiembre. Nerea Isasti (Diario Vasco 2009/07/31).