Artegieta inguruko lubakia (eu)

    From Sorapedia

    Soraluzeko gerrateko aztarnei dagokienez, Indalecio Ojangurenen argazki hauek izango dira gehien ikusi ditugunak. Azkenengoz Isiltasuna hausten liburuan[1] atera zituzten, bai azalean zein barrukaldean atal desberdinak bereizteko.

    Lubakia nazionalek egindakoa zen. Baina non zegoen? Zertarako egin zuten?


    Testuingurua

    1936ko irailaren 22an sartu ziren nazionalak Plazentzian Zeleta aldetik. Herriarekin batera, berehala okupatu zituzten inguruko mendiak, tartean Kortazarreko Haitza eskumako aldean eta Krabeliñatx ezkerrekoan.

    Baina orduan nazionalen martxa gelditu zen. Ordurako Gipuzkoa ia osoa hartu bazuten ere, Soraluze hartu eta gero ezin izan zuten aurrerago egin: Gipuzkoa galdu eta gero Eibar eta Elgeta geratu ziren Errepublikaren aldean.

    Hurrengo hilabeteetan (1936.ko irailetik 1937.ko apirila arte) Plazentzia frontean gelditu zen: herritik Maltzagaraino Deba ibaiaren eskuin aldea eta Igaratetik San Martzialera, eta mendian gora Krabeliñatxeraino nazionalen esku geratu zen. Errepublikarrak, ordea, Maltzagatik Illordo aldera eta goi samarretik Illordogaña, Lezeta, Intxuzabal eta Gaztandola azpitik jarraituz Elgeta/Azkonabieta aldetik zetozen lubakiekin bat egin arte.

    Alde bat eta besteko lubakiak elkarrengandik urruti zeudenez ez zen aktibitate handiko frontea izan. “Golpe de mano” bat edo beste izan zan baina gehienbat mortero eta hegazkinen erasoak izan zituzten. Plazentzian fronteak ez zuen aldaketarik izan 37ko apirilaren 24ra arte; orduan nazionalek Udala/Memaian (Arrasate/Aramaio) frontea hautsi egin zuten eta sartu ziren Bizkaian barrena.


    Mapa kargatzen...

    Kokalekua

    Lubakia Krabelinaitz[2] inguruan zegoen, Artegieta tontorraren[3] iparraldean, Soraluzeko udalerrian, beraz.

    Gaur egungo ikuspegia Illordogaineko lubakiak zeuden aldetik ikusita (X. Iñurrieta 2021)


    Krabelinatxeko lubakia (Indalecio Ojanguren)

    Argazkiek dioskuena

    Lubakia mendi bizkarrean egoteak esaten digu ez zirela defentsarako espreski egina baizik eta behatokitarako.

    Lehen planoan dagoen lubakirako sarrerak adierazten digu nora begira zegoen,Illordotik Topinbururaino aurrean dauka lerro osoa. Gaur egun baso ugari dago baina orduan mendi gehienak biluzik agertzen ziren (garaiko argazkietan agertzen denez) eta bistan izango zituen beste aldeko lubaki eta gotorlekuak.

    Lubakiei zerra baten forma ematen zitzaien hegazkinen aurkako defentsarako: zuzena izatera ez dago ezkutatzerik hegazkinak alboetatik erasotzen badute.

    Argazkian agertzen diren bi tontorrak, Artegieta atzekaldean daudenak, Soraluzeko lurretan daude. Tontorren alde bateko malda Sagar-errekara jeisten da, bestekoa Erlai errekara. Eta bigarren tontorretik behera zuzen joko bagenu, gutxi gora-behera, Zubi Nagusira jeitsiko ginateke.

    Atzekaldean Mazelaegi mendilerroa agertzen da, Atxolinetik eskumara.


    Bitxikeriak

    Indalecio Ojangurenen argazkiak lehenago ere azaldu izan dira, esateko Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica[4] liburuan. Baina, inprenta akatsez edo, ispiluan bezala atera zitzaien, ezkerrekoa eskuin aldean eta alderantziz.


    Bibliografia

    • "Los asaltos al monte Intxorta (1936-1937)" Pablo Beldarrain Olalde. Editorial Geu.
    • "La Guerra Civil en Eibar y Elgeta" Jesús Gutiérrez Arosa. Eibarko Udala-Elgetako Udala.


    Erreferentziak

    1. Isiltasuna hausten. Soraluze 1936 lan taldea (Soraluzeko Udala 2015).
    2. Krabelin, Krabelinaitz, Krabeliñatx, Galarraga edota Untzetako tontorra.
    3. Bertan Arteita/ Artegieta mugarria dago.
    4. Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993).