Kortazarreko Haitza (eu)

    From Sorapedia
    (Redirected from Munetako Haitza (eu))
    Kortazarreko Haitza / Kortazar
    Munetako Haitza / Karakate / Arpoto
    Altuera 756 m
    Buzoia Bai
    Mendilerroa Muskiritzu
    Bailara/ Herria Ezozia / Elgoibar
    Soraluzetik Ordu bat 30 m.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Mendi baten izena ezagutzeko, gainean sakatu)

    Mapa kargatzen...


    Hegoaldeko ikuspegia (Gillermo Ansola 2017)

    Azalpenak

    Izen asko duen mendia: Kortazarreko Haitza, Kortazar, Muneta edo Karakate. Jatorrizkoa lehena da, Kortazarreko Haitza, eta Muneta baserriaren jatorrizko izenetik dator. Dena dela, gaur egun izen zabalduena Karakate da, Soraluzen ere.

    Mendia Soraluze eta Elgoibar artean dago, Maltzaga bidegurutzearen gainean, eta Mazelaegi mendilerroaren hasiera da. Bertatik Elosuraino doan mendigain nahiko laua dago eta han Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa dago.

    756 metroko altuera du, eta Euskal Mendigoizale Federazioaren Ehun Mendien lehiaketaren zerrendan dago.

    Bertan pinua eta pagoa tartekatzen dira, iratze, larre eta otez osatutako bide-bazterretan, han-hemenka sakabanatutako haiz mutur bakan batzurekin. Haitz mutur horiei begira otuko zitzaien beharbada historiaurreko jende haiei hainbeste monolito eraikitzea bizkar horretan barrena, izan ere asko dira tarte horretan aurkitutakoak.


    Gurutzea. Atzean Kortazarreko Haitza (Inaxio 2006)

    Igoera

    Bide ohikoena Ezoziatik San Roke ermitaraino joatea zen, eta gero zuzenean mendian gora Muneta baserriraino. Baserria ezkerrean lagata, aurrera segi Munetako Gurutzeraino eta bertatik Kortazarreko Haitzera bost minutu besterik ez daude.

    Beste bide batek, Gabolatsetik hasita, Legardatik eta Mendotzetik igotzen du.

    San Andresetik datorren errepidea erabil daiteke ere, bertaraino igoz edo, bestela, Urkiazelairaino, bertan ibilgailua laga eta tontorreraino oinez segi. Errepideari esker era guztietako mendizaleen eskura gelditzen da Kortazar eta Irukurutzeta arteko bizkar luzea eta; esan beharra dago edozein adinetako ibiltarientzat aproposa dela eremu hori, izan ere bide luzea egin daiteke gora-behera gutxirekin bide garbi eta erosoetan barrena.

    Azkenik, Elgoibartik (ordu t'erdi) eta Maltzagatik ere igo daitekeela aipatu behar da.


    Ekialdera ikuspegi zabala (Jose 2007)

    Kontuak

    Inguruko herriei telebista seinalea ganoraz helarazteko, tontorrean antena jarri zuten. Handik urteetara, kate pribatuak sortu zirenean, antena handiago batez ordeztu zuten, nahikoa ez zela eta. Gaur eguneko antena oso altua da eta leku guztietatik ikus daiteke. Praktikoa bai, baina zatarto egiten dio mendiari.

    Maltzaga gainean eta Arrateko mendiei begira orientazio taula dago, inguruko mendiak antzemateko.

    Metro batzuk beherago Munetako Gurutzea dago; bertarako bidean eskumara jo eta gero iturria da.

    Tontorretik oso gertu Antxoka Martínez arkeologoak erromatar kanpamentu baten aztarnak aurkitu zituen 2016an. Kanpamentua txikia zen, defentsarako lerro bakar batekin; lerro hori lurrez egina dago eta horrek erromatarra dela erakusten du. Kanpamentutik Deba Harana kontrolatzen zuten.

    Gerra garaian, 1936eko irailetik 1937ko apirila arte frontea Soraluze inguruan eratu zen. Kortazarreko Haitza fronte lerroan egon zen, eta nazionalek blokao bat eraiki zuten bertan, eta lubakiak zabaldu (Indalecio Ojanguren hainbat argazki hartu zituen). Oraindik ikus daitezke lubakien aztarnak.


    Informazio osagarria

    Kortazarreko Haitzari buruzko informazio gehiago hainbat web gunetan topa daiteke:

    Eta bertatik pasatzen diren ibilbideak:


    Erreferentziak