Ondare txikia. Balkoiak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Udaletxea (J.C. Astiazarán 2021)

Etxeek, eraikinek, hutsuneak izaten dituzte hormetan, oinarrizko bi funtzioekin: barrukoa argitu, kanpoko argitasunari bide emanez, eta barruko gelak egurastu, barne kiratsak aire freskoaz ordezkatuz. Bi funtzio hauei hirugarren bat gehitu behar zaie, barrituk kanpokoa ikustea.

Leihoak asmatu ziren horretarako, txikiak gainera: neguan leiho handiek beroari ihesbide ederra ematen zioten, eta udako partean alderantziz. Puntu hauek pobreei eragiten zieten bereziki, eta leihoen kopurua eta tamaina maila sozialaren erakusleak bihurtu ziren.

Eta orduan balkoiak sortu ziren, leiho handiek baino hobeto adierazten zutela etxejabeen maila soziala eta ondasuna.

Soraluzeko balkoiak aztertzerakoan hiru punturi begiratuko diogu: atea, plataforma eta eskudelak (edo barandikak. Azken hauek burdinezkoak edo egurrezkoak izan daitezke.


Ateak

Ateei dagozkienez, garai bateko balkoiek bi orriko ateak zituzten, beiradunak. Jabeen ondasunen arabera, ate hauek landuagoak izan zitekeen, baina orokorrean nahikoa sinple izaten ziren.

Inoiz, ate hauek bikoitzak ziren, hotzaz babesteko. Guar egunean kanpoko ateak desagertu badira ere, Udaletxeko balkoietan oraindik nabarmentzen da haiek utzitako tokia.

Ate arruntez gain, balkoi barrokoen ateak daude. Ate bikoitzaren goiko aldean bi lehiatila dute, gelak aireztatzeko ateak zabaldu barik (eguraldi eskasa egiten duenean, edo eguzki gehiegi, edo…).

Soraluzen pare bat adibide daukagu, Baltegieta kalean biak: 6 zenbakian (Intxaurdieta etxea) balkoien ateak egur landua dute, eta 7 zenbakian (Zupide jauregia), berriz, soilagoak dira, perfil laukia dute eta.


Plataformak

Hasierako balkoiek ez zuten plataformarik, zoru arteko leiho luzeak ziren[1]. Gerora etorri ziren plataformak, etxeko biztanleei kanpora irtetzeko aukera ematen zietenak.

Plataformarik gabeko adibide barrokoak dira, esateko, Kalebarren 2 (Abadetxea), Santa Ana 1 (Udaletxea), Baltegieta 6 (Intxaurdieta), Baltegieta 7 (Zupide jauregia), Baltegieta 22 (Mendikute jauregia)...

Plataformak egiteko modu asko izan dira. Zaharrena, harburuak[2] erabiltzen duena, gero haien gainean plataforma zabaltzeko. Harrizkoak egiteko dirurik ez zenean, egurrezkoak erabiltzen ziren. Soraluzen ez dago harrizko plataformarik, baina bai egurrezko asko, XX mende arte erabili izan ziren eta.

Berpizkunde garaian hasita, forjazko kaiolak erabiltzen hasi ziren harrizko plataformen ordez. Merkeagoak izateaz gain, eraikitzeko askoz errazagoak ziren, horma barrutik etorri beharrean gainean josi daitezke eta. Forjazko kaiola hauen gainean harlauza zabalak jartzen ziren plataforma osatzeko. Azkenik, eta pisuari eusteko, balkoi azpian forjazko euskarriak jartzen zitzaien. Forjazko balkoi hauek, bai ala bai, forjazko eskudela izaten zituzten.

Soraluzen mota hauetako geratzen diren balkoi bakarrak Udaletxekoak dira. Forja oso landua dute. Honetaz gain, Santa Ana kaleko 6. zenbakian balkoi baten plataforma geratzen da, harlauza eta euskarri gabekoa; bere motan herriko bakarra da, forja oso sinple erabiltzen du eta.

Mota honetako beste balkoiei plataforma aldatu zitzaien aspaldi, porlanaz betetzen; gehienetan forjako euskarriak eta eskudela gorde izan dituzte. Etxaburueta 4, Santa Ana 9...


Burdinezko eskudelak

Forjazkoa

Kalitate gorenekoak forjatuak dira. Soraluzen bilduma polita dago: Udaletxea (Santa Ana 1), Santa Ana 7, Irusagarreta (Santa Ana 20), Abadetxea (Kalebarren 2), Intxaurdieta (Baltegieta 6), Pintorekoa (Etxaburueta 4)… Gehienak XVII eta XVIII mendekoak dira.

Fundidokoak

Forjako eskudelak kalitate onenetakoak ziren... baina garestiak! XIX eta XX mendetan eredu industrialak zabaldu ziren, eta burnizko eskudel merkeagoak agertu ziren, horien artean urtutakoak.

Fundidozko eskudelak, merkeagoak izateaz gain, forjakoek baino aukera gehiago eskaintzen zuten forma zein diseinu aldetik. Soraluzen hainbat tokitan gordetzen dira: Abadetxea (Kalebarren 2), Santa Ana 4, Errabal 7, Atxuri 13... Industrialak izanik, diseinu berbera behin eta berriz erabili izan zen.

Tirazkoak

Beste teknologi merkeagoa burdin tirena[3] zen. Badaude adibideak Soraluzen: Santa Ana 4, Errabal 4, Errebal 6, Gabolats 28, Gabolats 30...

Karratutxozkoak

Baina teknologia zabalduena eta erabiliena karratutxoena[4] zen. Soraluzen nunahi topa ditzakegu karratutxoez egindako balkoiak: Kalebarreneko ia osoak...


Egurrezko eskudelak

Burnizko eskudelak guztion eskura ez zeudenez, etxe askotan egureezko eskudelak jarri zituzten, askoz merkeagoak zirelako. Burnizkoen imitazioak dira, baina material eskasago batean. Hala ere, hemen ere mailak zeuden.

Torneatutakoak

Egurrezko eskudelen artean torneatutakoak maila gorenekoak zuren, eskudel forjatuen kopia. Mota honetako asko eta esko daude Soraluzen.

Sekzio laukidunak

Apalagoak ziren sekzio lauko egurrak erabiltzen zutenak, esateko Zupide jauregikoak (Baltegieta 7).

Oholezkoak

Apalenak oholezko eskudelak ziren. Eskudel forjatuen antza emateko, oholak trokelatzen edo profilatzen ziren.

Sistema merkeena izanik, garai batean oso zabalduta zeuden; baina maila ekonomikoa gora etortzearekin batera hainbat "hobekuntza" egin izan ziren etxeetan eta ia guztiak desagertu dira. Adibide polita geratu zaigu Goikokaleta kalean, Kalebarren 5 etxeko atzeko aldean.

Honetaz gain, Batzokia eraiki zutenean (Kalebarren 26) mota honetako balkoiak ipiñi zituzten (1932 urtean); baina kasu honetan arkitektoak halaxe erabakita, kutsu herrikoia emateko. Lehen solairuko terraza kendu zutenean bere eskudela ere desagertu zen, baina balkoiarena oraindik hor dago.


Erreferentziak

  1. Ingelesez halaxe dute izena: french windows, leiho frantsesak.
  2. Modillón. Horman sartutako harrizko hagak.
  3. Fleje. Burdinazko xafla estua eta luzea.
  4. Kuadradilo. Burdinazko barra, bi eta hiru zentimetro arteko sekzioa duena.