Patria (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Patria. Zubia.jpg


Eleberria

Liburua

Eleberria[1] Fernando Aramburu idazle donostiarrarena da.

2016 urtean agertu zen (Tusquets argitaletxea), eta egundoko arrakasta lortu zuen; orokorrean kritika onak, sari asko eta ale mordo-mordoa saldu ere.

Kritikak ere jaso zituen, batez ere Euskal Herrian, euskal gatazka marrazterakoan alde bat bestearen gainean jartzen omen zuelako.

Argumentua

Bittori alargunak gizonaren hilobia bisitatzen zuen noizean behin Polloeko kanposantuan. Senarra, "Txato", ETAk eraildako Gipuzkoako herri txiki bateko enpresaburua zen.

ETAk su-etena iragarri zuenean (2011 urtea), Bittorik Txato berriro bisitatu zuen eta herrira itzultzeko asmoa duela esan zion. Izan ere, alargundu ondoren familiarekin batera alde egin behar izan zuen, errepresio abertzaleak inguruan sortutako tentsio giroagatik.

Hala ere, eta ezkutuan bueltatu arren, Bittoriren itzulerak bere garaian auzokide eta lagun izandakoen arteko bake faltsua astoratu zuen, egoerak bere familia jazartzea eragin zuen arte.

Eleberri grafikoa

Patria eleberria oinarrituta, Toni Fejzula-k eleberri grafikoa (komikia) osatu zuen (Planeta 2020).


Telesaila

Eleberriaren entzun-ikusteko eskubideak Aitor Gabilondok[2] erosi zituen, telesail bat egiteko asmoz. Alea Mediak ekoiztu zuen HBO España-rako.

Parte hartzaileak

Zuzendaria Felix Viscarret nafarra izan zen.

Protagonisten artean antzezle ezagun asko daude, batzuk ingurukoak: José Ramón Soroiz, Elena Irureta, Mikel Laskurain bergararra, Ane Gabarain, Jon Olivares osintxuarra[3].

Errodajea

2019 urtean egin zen.

Gehien bat Soraluzen izan zen. Aitor Gabilondoren esanetan, herri txiki bat behar zuten “oso fotogenikoa, baina ez herri xarmangarri horietako bat, izaera handiko herria behar genuen, beste askoren ordezkari izan zitekeena”[4].

Soraluzez gain Elgoibarren, Donostian, Zumaian, Donibane Lohitzunen eta San Martín de la Vegan (Madrilen) errodatu zuten.

Estreinaldiak

Frantzian (telebistan), maiatzak 17an estreinatu zen.

COVID-19 pandemia zela eta, Espainian atzeratu zen irailaren 27a arte (Telecincon aurreko atala, doan, eta HBOn gainontzekoak, ordainduta). Telesailaren kartelak polemika sortu zuen, gatazkaren bi aldeak parez-pare jartzen omen zituelako (eta batzuk ez zuten oso gustoko).

Patria. Iragarkia.jpg


Soraluzekoak

Patria. Guardasol gorria Soraluzen.jpg

Harrera

Patria telesaila Soraluzen grabatuko zela zabaldu zenean, denetariko harrerak izan zituen herrian.

Batzuk pozik hartu zuten: herriari ospea emango ziola, dirua ekarriko zuela, figurante gisa lan egiteko aukera izango zela… Kontrako iritziak ere izan ziren: Soraluze aukeratu zutela 1980 hamarkadatik aldatu ez zelako, Soraluzek ezin zuela lagundu “euskal gatazkaren kontakizun aldebatekoan”…

Herria itxuraldatu

1980ko hamarkadaren giroa lortzeko, herrigunea itxuraldatu behar izan zuten.

Jorge Noguerales-en hitzetan (telesailaren kokapen-arduraduna): "historia 80ko eta 90eko hamarkadetan kokatuta dago, hiri-altzari garaikideek ez dute zerikusirik ordukoarekin, eta, beraz, esku-hartze handia egin behar izan zen 'arte'tik: asfaltoa margotzetik hasi eta farolak, zakarrontziak eta negozioetako kartelak kentzera... sartu ginen elefantea kristaldegian moduan!"[5].

Itxura aldatu zuten denda eta bestelako batzuk: Marimar harategia, Bolintxo okindegia, Goiki erreformak, BBVA… Honetaz gain, Kontzupean Txatoren garajea egin zuten, eta Batzokia Mirentxu taberna bilakatu zuten.

Grabaketak

Soraluzen egindako grabaketak martxotik ekaina arte luzatu ziren; gehienak lehengo bi hilabeteetan gauzatu ziren.

Barruko grabaketak hainbat lekutan izan ziren: Errabal 22 (BBVAren hirugarren pisua), Errabal 24 (Jabier Alberdi harategia), Santa Ana 1 (Kontzupea), Kalebarren 26 (Batzokia) eta Ezozibidea 8 (garajea eta lehen solairua).

Kanpoko grabaketak ere izan ziren: Zubi Nagusian (Txatoren hilketa), Kalebarrenean (manifestazioa), Etxaburueta kalean (Bolia tabernaren parean), Plaza Zaharrean, Oleako ortuetan eta Errelalde tailerretako teilatuetan.

Eta Korta baserria ere aipatu behar: kasualitatez, baina grabaketak egin eta urte erdira erre egin zen[6].

Orokorrean, pozik geratu ziren herrian jasotako tratuarekin[7].

(handiago ikusteko, sakatu gainean)


Errabal kaleko lanak

Eragina

Patriaren grabaketak eragin ekonomikoa izan zuen soraluzetar batzuengan: egindako alogerak (lokalak zein etxebizitzak), figuranteei ordaindutakoa eta etorritakoei zerbitzuak eman zietenak.

Trabak ere izan ziren, pertsonen zein ibilgailuen mugimenduan: erdiko kaleak beltzez pintatzerakoan, aparkalekuak murrizterakoan, grabaketak prestatzerakoan eta, azkenik, grabatzerakoan.

Honez gain, grabaketak hasterakoan Errabal kaleko lanak[8] puri purian zeuden. Grabaketak errazteko lanen erritmoa aldatu behar izan zuten: zati batzuk azkartu, besteak atzeratu...

Azkenik, ekoizleek Udalari emandako 47.000 € (45.000 € agindu omen zituzten) kale batzuen zoruak lehengoratzeko (eta hobetzeko) erabili ziren: erdiguneko kaleak berriro gorriz margotu ziren (Santa Ana, Zubi Nagusia, Kalebarren eta Plaza Zaharra) eta beste batzuk berriro asfaltatu (Txurruken ingurua, Mendiola industrialdea, Ezozibideko zati bat, eta barne saiesbidea Ezozibideko biribilgunetik gora).

Hortaz gain, Soraluze agertu da turismo munduko goi mailako aldizkari batean, argazki eta guzti[9].

Eta 2020 urtean Soraluze zine-platoa bihurtu zen bigarrenez, film bat kasu honetan: Érase una vez Euskadi.


Todo por la pasta

Bitxikeriak

Apirilak 19an, Soraluzen aspalditik ikusi gabekoa berriro gertatu zen: kamioi batek balkoia jo eta apurtu zuen. Kasu honetan, Gabolatsen izan zen eta erruduna, berriz, Patriako kamioia.

Grabaketarako euria sortzeko lau garabi erraldoi ekarri zituzten, goitik ura barreiatzeko.

Twitterreko txioa baten agertu zen egunkari bateko albiste laburra, HBO plataforma digitalak Soraluzen beste telesail bat grabatzeko asmoa zuela: T.P.L.P. (Todo por la pasta omen)[10]. Arrazoia, “Udalak, eta oro har, herriak egindako harrera ona” egin dietela. Gezurra zen, baina handik urtebetera beste pelikula bat grabatu zuten Soraluzen: Érase una vez Euskadi.

Martxoak 25ean Guardia Zibilaren patrola herrira etorri zen, eta Zubi Nagusian ondo lasai aparkatu. Jendeak inolako kasorik ez zien egin, Patriakoak zirelakoan[11].

Patria telesailaren Espainiako estreinaldirako Madrilgo Gran Vían egundoko karteltzarra jarri zuten, bertan Soraluzeko Zubi Nagusia “a tamaño natural” agertzen dela.


Erreferentziak

  1. Patria (novela). Wikipedia (gazteleraz).
  2. Kontakizunak kolektiboa eta multiplea izan behar du. Aitor Gabilondo (plaentxia.eus 2019/03/18).
  3. Jon Olivares: erronka handia da. (Plaentxia.eus 2019/03/22).
  4. ”Que fuera muy fotogénico, pero que no fuera un pueblecito con encanto, necesitábamos un pueblo con carácter, que pueda ser muchos pueblos representativos”. Viaje a 'Patria': dónde se rodó la serie. Irene Crespo (Condé Nast Traveller 2020/09/25).
  5. Viaje a 'Patria': dónde se rodó la serie. Irene Crespo (Condé Nast Traveller 2020/09/25).
  6. Korta baserria erre da. Egoitz Unamuno (plaentxia.eus 2019/10/03).
  7. Soraluzen oso ondo tratatu eta errespetatu gaituzte eta esan egin behar nuen. Aitor Gabilondo (plaentxia.eus 2019/10/08).
  8. Errabal 10etik Baltegietaraino zabaldu zuten, ur-tutak eta estolderia goitik behera aldatzeko; eta, ixterakoan, errepidea eta espaloiak maila berea jarri zuten irisgarritasuna hobetzeko.
  9. Viaje a 'Patria': dónde se rodó la serie. Irene Crespo (Condé Nast Traveller 2020/09/25).
  10. Patria eta notizia falsuak Plaentxia.eus (2019/03/28).
  11. Patria, Guardia Zibila eta gaizki-ulertzeak. Plaentxia.eus (2019/03/25).