Santa Maria la Real eliza (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Santa María la Real
Santa Maria la Real parrokia. Eliza eta elizataria.jpg
Estiloa Gotikoa-Berpizkundea-Barrokoa
Mendea XVI-XVIII
Kokapena Herrigune historikoa
Mota Eraikina


Ramon Leturiondo historialari soraluzetarraren hitzetan: Gaur egun Soraluzen ezagutzen dugun Andre Maria Jasokundearen parrokia-eliza XVI. mendean hasi zen eraikitzen, eta atalez atal joan zen osatzen XVIII mendera arte. Hori dela eta, gaurko elizak Moderno Aroan zehar jorratu ziren estilo desberdinak barnebiltzen ditu: gotiko gardun berantiarra, euskal gotikoa edo kolumnarioa, barrokoa eta neoklasikoa; horrek guztiak, ordea, ez du oztopatu gure garaietaraino heldu zaigun elizak batasun estetiko taxuzko eta ederra lortzea.


Kanpo aldeko irudiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Barrualdeko irudiak


Santa Maria la Real barrutik (NeBi AIR 2020)


(handitzeko, sakatu gainean)

Alboko kaperen irudiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Elizburu kaleko profila (Xabier Barrutieta (2007)

Azalpena

Gaur egun Soraluzen ezagutzen dugun Andre Maria Jasokundearen parrokia-eliza XVI. mendean hasi zen eraikitzen, eta atalez atal joan zen osatzen XVIII. mendera arte. Hori dela eta, gaurko elizak Moderno Aroan zehar jorratu ziren estilo desberdinak barnebiltzen ditu: gotiko gardun berantiarra, euskal gotikoa edo kolumnarioa, barrokoa eta neoklasikoa; horrek guztiak, ordea, ez du oztopatu gure garaietaraino heldu zaigun elizak batasun estetiko taxuzko eta ederra lortzea.

Santa María la Real eliza oin lauki zuzena duen tenplua da. Jatorriz habearte bakarra zuen, baina gero beste bi erantsi zitzaizkion. Presbiterioa, abside oktogonala duena, eraldatu egin dute, baina gurutze ganga okerdura makurrekikoa XVI. mendekoa da. Habeartearen lau atalek gurutze ganga konplexuak dituzte, hiruertzeko arkuekin eta nerbio makurrekin, lore irudiak osatzen dituztela. Hiru zutabe sortek osatzen dituzte euskarriak, presbiterioan harroina dutenak eta kapitalak gotikoak.

Oinean koru bat du, dekorazio ederrez hornitutako karpanel arkuaren gainean; burdin landuko baranda bat du. Korupean, epistolaren aldean eta dorrearen azpian, bataio kapera zegoen, sarrera arku zorrotzekoa zuena.

Hutsarte gisa ditu ebanjelioaren oinetarako eta alderako sarbideak, goi koroan irekidura biribila eta leiho bat behealdean, ebanjelioaren aldeko lehenengo atalean leihoak eta baita epistolaren lehenengo hiruetan ere; nagusia bifora eder bat da, absidean dauden beste biren antzekoa, azken horiek, ordea, erretaulak ezkutuan uzten ditu. Leihoak beirategiekin daude apainduta.

Habeartea ilun samarra da. Aldeetako habearteak puntu erdiko arkuen bidez lotzen dira habearte nagusiarekin, eta atal bakoitzean aldare bat dute estilo desberdinetako erretaulekin. Epistolaren habeartea gangekin estaltzen da, ebanjelioarena, aldiz, estalkia laua du, hezetasun arrasto ugarirekin.

Erretaula nagusia, tamaina handikoa, neoklasikoa da, karez egina, eta diseinua Ventura Rodríguezena du.

Barrualdean hormak zarpiaturik daude, eta agerian gelditzen da nerbioetako, arkuetako eta oinarrietako hareharria.

Kanpoaldetik elizak horma bularrak ditu, barrualdeko euskarriekin bat datotzenak, eta absidean sei horma bular handi ikus daitezke, absidearen pentagonoaren bost aldeak bereizten dituztenak. Aurretik aipatutako leihoez gainera, absidean gargola bat du, mota horretako bakarra, eta XVI. mendeaz geroztik (garai hartan oraindik erabiltzen ziren) gorde dena gotikoaren oroitzapen gisa.

Kanpoaldean harriak kare harri eta ofitazko harlanduak dira; jatorrizkoak ez diren eraikuntzak harlangaitzezkoak dira eta epistolaren aldetik erantsi diren zenbait aretoak hormigoizkoak. Hormek harrizko erlaitzak dituzte. Dorreak, hegoaldeko eta mendebaldeko fatxaden angeluan dagoena, epai laukia du; goiko aldea oktogonala du eta kanpaietarako puntu erdiko hutsune bat du. Buruan lore handiak eta burdin landuko bola eta gurutzea du kupulak.

Oinean atrioa du, iparraldeko fatxadan luzatzen dena, alde batez, eta bi sarbideak babesten ditu horrela: nagusia arku eraldatukoa eta bigarrena arku beheratua. Oinetako hormak bi leiho bikote pare ditu, ajimez gabeak, eta puntu erdiko arkuarekin.

Aipagarria da arkupea, oso ederra, zurezko egituran eraikia eta apaindurazko motiboen ugaritasun handiarekin dekoratutako piezekin. Modiloi moduko batean honela dio: 1666. Atari hau Pedro de Aldazabalek egin zuen. Atariaren kalitatea dela eta, Monumentu izendatu zuten.

Elizaren ataria kultur ondasun kalifikatu izendatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren 1984ko uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez. 2011.ko maiatzak 26an, berriz, eliza sartu zuten Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko inbentarioa.


Artelanak

Aipatutakoak eta gehiago ditu:


Kokapena

(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

Loading map...


Aztarna zaharrak

Historia

Soraluzeko parrokiari buruzko lehen berriak herriari buruzko 1267ko dokumentu batekoak dira: agirian herri zaharrean monastegi bat zegoela eta bere patronatua Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak zeukala esaten da; urte horretan, erregeak Elgoibarko Olasotarren Etxeko Jaun zen Lopez de Ganboari eman baitzion.

Gaur egungo tenpluaren eraikitze lanak XVI mendean hasiak dira (erdiko habeartea, absidea eta gangak), eta baliteke, gehienetan gerta ohi den bezala, hasierako elizaren kondarren gainean egotea.

Ezaguna da 1532an Martin de Igarza maixuak traza bat burutu zuela eta urte batzuk geroago, Pascual de Iturriza, 1538tik 1544era bitartean eliza honetako lanekin erlazionaturik agertzen denak, beste traza bat eman zuela, 1541ean hain zuzen. Badirudi Kontzejuko partaideen artean eztabaidak izan zirela traza bat aukeratzeko orduan, azkenean ordea, Pascual de Iturrizarena hautatu zen Geometria artean maixu zelako.

Errekurtso ekonomikoak urriak zirela dirudi 1540eko hamarkadako dokumentu batzuen arabera eliztarrek konpromezua hartzen baitute elizako lanetarako dirua mailegatzeko. Beste dokumentu batzuen bitartez berriz, maiordomoek beren buruak maileguen zenbatekoa ordaintzera behartzen dituzte.

Badirudi elizako patroiarekin ere, Olasotarren Etxeko Jauna eskuarki, arazoak izan zirela, ezagutzen bait da eliza eta Kontzejuaren ahalmen bat 1545ekoa, patroi horren kontra aktuazio judizial bat burutzeko.

Lau ataleko nabe bakar eta abside poligonaleko saloi-oinplanoko eliza da. Nabe nagusia gurutze-gangarekin estaltzen da. Lanak kapera nagusia edo absidetik hasi ziren, nabe nagusiarekin jarraituz. Murruak harlanduzkoak dira, kontrahormekin kanpotik. Gangaren euskarriak gotiko estiloan hasi bazuten ere, metro batetik gora estilo errenazentistan jarraitu zuten.

Elizak nabe bakarra izan zuen, 1632an alboetako habearteak kaperak eraiki zituzten arte (Juan de Esnaola Ybaiguren). Eta 1686an dorrea eraikitzen hasi ziren (Juan de Aranzeta).

Korua eusten duen arku eskartzanoa, berriz, 1715. urtekoa da eta barrokoko estiloarekin landutako harearrizkoa da (Antonio de Anguiozar).

Zurezko atrioa edo elizataria 1666 urtean eraikia izan zen, Antonio de Aziondo Debako arotz-maixuaren trazari jarraituz. Bere piezen taila eta dekorazioa Pedro de Aldazabal, herriko tailistak, burutu zuen, eta badirudi hartutako obligazioak gainditu ere egin zituela. Elizatariaren burdinsarea Antonio Fernandez de Betolaza, Elgoibarko forjariak egina da.

Gipuzkoako bakarra da oparo tailaturiko bere egurrezko estrukturak duen balioarengatik, eta pilare eta habeen lantzeari dagokionez parerik ez du eta.

1983 urtean eliz ataria konpondu zuten, egoera txarreko piezak eta latak ordezkatuz lehen eta ondoren erreteilatuz eta euriuren kanalizatuz.

1999-2007 urteean artean zaharberritze lanak egin ziren elizan bertan, herriaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz[1]. Lanaren deskribapena: Eliz estalkiaren zurezko egituraren sendatzea, egoera txarreko piezak eta latak ordezkatuz eta ondorengo erreteilatzea eta euriuren kanalizatzea, dorrea birgaitzea eta alde bateko nabearen estalkiaren zati bat berritzea eta kanpoko hormak iragazgaiztea eta drainatzea. Barrualdea egokitzea. Erretaulu nagusia eta albokoak zaharberritzea. Urte tarte honetan Aldundiaren laguntza 1.019.550 €-takoa izan zen.

Arkitektoak Xabier Barrutieta eta Gudiker Beaskoa izan ziren[2]. 2007 urteko abenduak 15ean parrokia reinauguratu zuten[3].


Zaharberritzearen irudiak

(handitzeko, sakatu gainean)


Artikuluak


Erreferentziak

  1. Andre Mariaren Zeruratzea. Zaharberri (Gipuzkoako Foru Aldundia).
  2. Reforma iglesia Sta Maria la Real de Soraluze. Xabier Barrutieta y Gudiker Beaskoa, arquitectos.
  3. Santa Maria la Real parrokiaren reinaugurazioa. Lan Batzordea (Soraluze 2007).