Santanak (eu)

From Sorapedia
(Redirected from Santiago-santanak (eu))
Jump to: navigation, search

Santa Ana eguna betidanik ospatu da herrian, XX mendean kaleko jaiak ziren eta. Baina 1977tik aurrera, abuztuko jaietan gero eta jende gutxiago geratzen zela, Santiago eta Santa Ana egunak aprobetxatu ziren herriko "ordezko" jaiak sortzeko.


Egutegia

Jaien puntako egunak uztailak 25 (Santiago) eta 26 (Santa Ana) dira. Honetaz gain, eta egutegiaren arabera (inguruko domeka nola geratzen den), jaiak egun batzuk aurretik hasi edota geroxeago bukatzen dira.


Antzinakoak

XX mendean uztailak 25a jai eguna izan da, Espainiako jaia hain zuzen, Santiago apostolua Espainiako patroia zelako.

Batez ere gerra ostean, Udalak ondo ospatu izan du eguna: Udaletxeko balkoia Espainikao banderaren kolorekin apainduta, banderak zabal zabalik balkoian bertan, Meza Nagusia elizan...

Biharamuna, Santa Ana eguna, lan eguna izaten zen. Iluntzean jai giroa sortzen zen Santa Ana kalean: txistulariekin kalejira eta, ostean, dantzak.


Danborrada

1960 hamarkadan Allegro elkarteak danborrada antolatzen zuen, Santiago bezperan irtetzeko. Jantziak eta danborrak erosteko diru bilketa egin zuten (garai bateko crowdfunding) eta sobratutako dirua Zaharren Egoitzari eman zioten.

Uztailak 25 jaia bazen, astebete lehenago beste jai nazional izaten zen, uztailak 18a[1]. Bezperan berbena izaten zen frontoian, eta bertan danborradako erregina eta damak aukeratzen zituzten, horretarako herriko elkarte bakoitzak bere hautagaia aurkezten zuela.

Uztailak 24an danborrada egiten zen, eta karrozan erregina eta damak joaten ziren. Ostean, frontoian beste berbena bat ospatzen zen.

1963 urtean ume danborrada ere antolatu zuten. Ume danborrada hau hiruzpalau urte iraun zuen.


Indarra hartzen

Sasoi batean, abuztuko oporrak ez ziren, eta hastekotan astebetekoak izaten ziren. jende asko biltzen zen Andramarixetan, herrikoa zein kanpokoa.

Gero, bi, hiru astetakoak… etorri ziren. Ondorioz, abuztuan gero eta jende gutxiago geratzen zen: etorkinak beren herrietara bueltatzen zirelako, eta bertakoak oporretara joaten zirelako.

Horregatik, 1960 hamarkadatik aurrera uztaileko Santiago jaia egundoko indarra hartzen ari zen. 1977 urtean herriko jai paraleloak antolatzen hasi ziren: Santiago-santanak, eta herriko jai nagusiak dira.


Gaur eguneko jaiak

Txupinazoa, 24ko eguerdian izaten da, eta berau botatzeko urtero herritar bat edo talde bat aukeratzen da, omenaldi gisa. Jaiak aurretik luzatzen badira, zapatuan izaten da txupinazoa.

1993etik aurrera Lizarrako dultzaineroak etortzen dira jaietara. Aurretik, 1979 urtea arte, Andramarixetara etortzen ziren.

Antolatutako ekintzen artean, Ezoziko Ama Abesbatzak ematen duen kontzertua, eta danborradak. Azken urteetan bakarra izan da, baina hasierako urteetan bi izaten ziren: bata nagusiena eta umeena bestea.

Iluntzean, egunero, berbenak/ dantzaldiak izaten dira, edota kontzertuak.

Goizetan salda eta txorizoa banatzen da, eta bazkari herriko ere antolatzen da. Makailau lehiaketa ere izaten da.

Santa Ana egunean, San Roke txikiren antzera, sokamuturra izaten da goiz eta arratsaldez, kalejiraz alaiturik.

Azken urteetan Galtzagorri txarangak izen bereko gunea antolatu du, gazteentzako txoko modutan, bertan kontzertuak etab. antolatzen dituztela.


Erreferentziak

  • Aniversario del Glorioso Alzamiento Nacional.