Umorezko istorioak (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search

Herriko kanpaiak

(Ignacia Mugica Zangituk kontatuta)

Elizako kanpandorrea egin zenean, abadeek dirua eskatu zuten kanpaiak jartzeko. Apurka apurka, denon artean bi kanpai handi erosi zuten, baina herriko aberatsek, bere aldetik, kanpai txikiagoa erosi zuten.

Lehenak jotzen zuen: Beti misere, beti misere eta bigarrenak Izango ere, izango ere. Aberatsen kanpaiak erantzuten zien: Hor konpon, hor konpon!


Eibarko sorrera

Herriko nagusiek kontatzen dutenez, duela ehunka urte Eibarko herria eraikitzea erabaki zen. Soraluzeko eta Ermuko herriak jada eginda zeuden eta bertako biztanleek Eibarko hiribildua sortzea erabaki zuten, Villanueva de San Andres de Eibar izenekoa.

Beraz, lana nola egin erabakitzen hasi ziren. Bi herrien kokapena kontuan hartuta, bakoitza bere aldetik hasiko zen lanean: Soraluze ekialdeko ertzetik eta Ermua mendebaldekotik.

Eta lanean hasi ziren, bakoitza bere aldetik. Ermuarrek, egun asko pasa ondoren, ez zuten lan askorik egin, ixa hasi egin zuten, eta hortik Isasi izena.

Soraluzetarrek, ordea, bestelakoak ziren: asi ta ein, Azitain izenaren jatorria.


Itzularria

(Ignacia Mugica Zangituk kontatuta)

Eibartarrek kontatzen dutenez, behin Soraluzera zezenak ikustera zetozela, emoidazu bueltia idatzia zuen harri handi bat topatu zuten. Soraluzen abisua emanda jende mordoarekin itzuli ziren, alkate jauna eta agintari nagusiak barne.

Guztion artean, ondo nekez, harriari buelta ematea lortu egin zuten eta bukatzerakoan bestekaldean zera agertu zen idatzita: Oiñ ondo naok

Hau dela ta, Eibarkoek zezena galdu egin zuten.


Eibarko txitia beti oilo

(N. Gantxegik kontatuta, eta Jose Migel Barandiaranek 1920 urtean jasoa)

Eibarko zezen plazan, orain dela hamarkada asko gertatu zen istorio hau.

Eibarko zezen plaza inguruan oilategi pila omen zeuden eta zezenketak ziren egun batean, inguruan zebilen txita bat irten zen plaza erdira. Orduan, herriko alkateak honela esan zuen:

Kenduizue oilo hori plaza erditxik mesedez!

Eta ondoan zegoen soraluzetar batek, eibartarren izaera harroputzari erreferentzia eginez esan omen zuen:

Eibarko txitia beti oilo!


Zorristro

(Algel Alberdik kontatuta, eta Fernando Alberdik 1970 urtean jasoa)

Zorristro, Plaentxian bizi izan zen gizon bat zen. Hain zen zikina eta horrenbeste zorri omen zituen buruan non Zorristro deitzen zioten.

Herritarrak kokoteraino zeuden Zorristro ez zelako inoiz dutxatzen, eta denak zorriz betetzen zituelako.

Honela, ufala zegoen egun batean, ibaira botatzea erabaki zuten. Eta baita egin ere: denen artean altxatu eta ibaira bota zuten.

Bukatu dira zorriak- pentsatu zuten; baina bat batean, uretatik irteten Zorristroren burua agertu zen, eskuak bertan zituela zorriak kentzen.