Iñaki Oregi Goenaga (eu)

    Sorapediatik
    Iñaki Oregi Goenaga
    Iñaki Oregi Goenaga. Erretratua.gif
    Jaio Soraluze (1913/03/10)
    Hil Murgia (1989/02/02)
    Profila Albaitaria
    Politikaria


    Gerra aurreko urteak

    Lehen urteak

    Candido Oregi eta Marciala Goenagaren semea, Soraluzen jaio zen 1913.eko martxoak 10ean.

    Aita segituan hil zen, eta ama Bergarako jaiotetxera bueltatu zen, Bergarako baserrira.

    Heziketa

    Zaragozako Albairaritza Eskolan ikasi zuen (1930-1934) oso nota onekin, Patologia Kirurgikoaren Ohorezko Zerrendan sartu zela.

    Ikasle sasoian, beste lagun batzuekin, Euskal Ikasle Batza sortu zuen. Eta Zaragozan zela jelkidea egin zen (1933).

    Jarduera profesionala

    Ikasketak bukatu eta gero, Itziarren hasi zen lanean.

    1935.ean Zumarragako albaitari plaza atera zuten, eta Iñaki aurkeztu zen, beste bi lagunekin batera. Baina ez zuen plaza lortu[1]:


    Bide estraofizialetik, hiru lehiakideen nota zehatzak eskuratu ditugu:

    Ignacio Oregui Goenaga, Bergarakoa: 4 ohorezko matrikula, 11 bikain, 5 oso ongi eta 2 ongi.

    José Agustín Guezala Bidegain, Errenterikoa: 3 ohorezko matrikula, 10 bikain, 4 oso ongi eta 4 ongi.

    Venancio Recalde Berrondo, Tolosakoa: 4 ohorezko matrikula, 5 bikain, 4 oso ongi eta 9 ongi.

    Ikusten denez, hirurek dute ikasketa-orri bikaina, baina eskasena Recaldek dauka eta Zumarragako udal albaitari plaza oparitu diote, monarkikoei esker.



    1936.eko gerra eta eragina

    1936.eko uztailak 18ko estatu kolpearen ostean, euskal milizietan izena eman zuen.

    Euzko Gudarostean teniente albaitaria izan zen, eta bere lana abere gehienak etsaien eskutik gordetzea izan zen. Horregatik, Bilbao erori arte frontetik oso gertu aritu zen (Otxandio, Ubidea edota Aramaio), Santoñan Italiako faszistek harrapatu zuten arte.

    12 urteetara kondenatu zuten, eta espetxe asko ezagutu zituen: Kantabriako El Dueso (urtebete), Cadizko El Puerto de Santa María, Sevilla, Osuna eta Sevilla berriro.

    Berak kontatzen zuenez, Osunan ez ziren horren gaizki pasatzen:


    ...herriko espetxe bat, bertan ondo pasatzera iritsi ginela, presozain bakarrak 1,5 pezeta ematen zizkigulako bazkaria egiteko; andre batek egunero egiten zizkigun erosketak, eta guk geuk prestatzen genuen janaria.


    Azkenean, Sevillako espetxean zegoela askatu zuten, 1940.eko uztailak 6an.

    Baina, zigor gisa Udal-Ikertzaileen zerrendan bost urte atzeratu zuten, eta galerazi zioten Bizkaian zein Gipuzkoan lan egitea.


    Araban albaitari

    1941.ean Zigoitian hasi zen lanean, Udal-Ikuskatzaile Albaitari moduan.

    Handik bi urtetara Murgiara pasa zen, baina behereala "separatista" moduan salatu zuten. Ezagunen eta lagunen bidez salaketa sahiestea lortu zuen, eta 1943.ean bertako plaza eman zioten.

    Lanbidea bermatuta, 1947.ean Miren Julene Lizarralde Ezpeleta bergararrarekin ezkondu zen, eta hiru seme izan zituzten: Iñaki (abadea), Rafael (albaitaria) eta Luis María (albaitaria ere).

    Jubilatu artean (1983/03/10) Murgian aritu zen.

    1951 urtean Arabako Centro de Inseminación Artificial Ganadera sortu zuen, eta bertako zuzendaria izan zen (1951-1983). Honetaz gain, hogei urtetan Radio Vitoriako abelzainentzako programa batean parte hartu zuen, El chato vitoriano liburua argitaratu zuen (1948) eta Arabako Albaitarien Kolegioaren lehendakaria izan zen (1954-1956).


    Jarduera politikoa

    Gerra aurrekoa

    Jelkidea 1933.etik, aurreko urteetan Euskal Ikasle Batza sortzen lagundu zuen.

    Senataria

    Francisco Franco hil eta gero, senataria aukeratu zuten (1977-1979), hainbat batzordetan parte hartu zuela:

    • Arrantza produktuen komertzializaziorako batzorde berezia (1978/02/10 - 1979/01/02, bigarren lehendakariordea).
    • Nekazaritza eta Arrantza (1977/11/18 - 1979/01/02).
    • Osasuna era Gizarte Segurantza (1977/11/18 - 1979/01/02).
    • Gizarte Segurantzaren balizko jarduera okerrak ikertzeko batzorde berezia (1977/11/18 - 1979/01/02).
    • Nekazal produktuen komertzializaziorako batzorde berezia (1978/02/10 - 1979/01/02).
    • Doñana parke nazionala (1978/11/30 - 1979/01/02).

    Zuiako alkate (Murgia)

    1979.eko apirilean Zuiako alkate aukeratu zuten (1979-1983).

    Gainera, 1981-1983 Eudel[2] lehendakaria izan zen.

    Arabako batzarkidea

    1987-1991 legealdian Arabako Batzar Nagusien partaidea aukeratu zuten, eta batzorde hauetan hartu zuen parte:

    • Nekazaritxa, Abeltzaintza eta Mendiak.
    • Bateraezintasunak.
    • Foru Plana eta Toki-Erakundeak.
    • Foru Erregimena.


    Heriotza

    Murgiako bere etxean hil zen (1989/02/02), minbiziaz.

    Berak esaten zuenez: Nire bizitzan inori kalte egin badiot, edozer gauzagatik izan daiteke, fede txarrez izan ezik.


    Erreferentziak

    • Diccionario de veterinarios guipuzcoanos (1831–1976). José Manuel Etxaniz Makazaga (Gipuzkoako Albaitarien Legezko Elkarte Gorena 2020)
    1. El Día (1935/07/27).
    2. EUDEL. Euskadiko Udalen Elkartea.