Soraluzeren bandera (eu)

    Sorapediatik
    Soraluzeren bandera Udaletxean

    Bi dira udal gehienek dituzten ikurrak: armarria (eta sigilua, logoa...) eta bandera (eta koloreak). Bandera historikoak, Soraluzerena kasu, 1952. urte aurrekoak dira, eta gainontzekoei "sortuberriak" esaten zaie. Herri bandera gehienak sortuberriak dira eta, Gipuzkoan behintzat, askotan zuriak izaten dira, erdian herriaren armarria daukatela..


    Azalpena

    Soraluzeren bandera zuria da, erdian Borgoinako gurutze gorria zabalik duena, eta gurutzearen erdigunean herriko armarria erakusten du.

    Bandera gutxik moduan, ingurune osoan banda zabala du, gorria eta zuria tartekatzen direla.

    Udaletxeko armarria (Zarateman 2014)

    Bandera armarrian

    Bandera berdinak (edo oso antzekoak) Soraluzeren armarrian lau aldiz agertzen dira. Alde batetik, gaztelutik irtetzen diren bi bandera mota honetakoak dira. Bestetik, lehoien atzean zabaltzen diren beste bi bandera zuriek ere Borgoinako gurutzea dute.

    Ramiro Larrañagaren esanetan, bandera armarria baino lehenagokoa omen da… hala balitz, badaiteke armarriak agertzen diren banderak Soraluzerenak izatea (eta ez alderantziz, Soraluzeren bandera armarritik kopiatutakoa izatea).

    XXI. mendean armarritik eratorritako logoan bi bandera besterik ez dira gerafzen, eta ez dute gordetzen Soraluzekoarenarekin inolako antzik.


    Banderak. Borgoinako gurutzea.png

    Borgoinako gurutzea

    Forma eta jatorria

    San Andres apostolua gurutziltzatua hil omen zuten, baina ez gurutze arrunt batetan, baizik eta X forma zituzten bi enborren gainean. X forma honi San Andres gurutzea esaten zaio. Honen bertsio bat, adar moztuen aztarnak erakusten dituena, Borgoinako gurutzea da (Borgoinako patroia San Andres da).

    Urteen eraginez, eta brodatzeko, marrazteko... errezago delako, hasiera batean Borgoinako gurutzea izsn zena bandera askotan San Andres gurutzea bilakatu da.

    Erabilera

    Gurutze hau Joan I.a Borgoinakoaren (Joan Beldur Gabea) tropek Ehun Urteetako Gerran erabili zuten ikurtzat. Handik Europan barrena zabaldu zen: Franche-Comté, Herbehereak, Belgika...

    Gaztelako erresumara Felipe Ederrak ekarri zuen, Joana printzesarekin ezkondu zenean (1496). Carlos I. semeak Paviako guduan (1525) erabili omen zuen lehenbizikoz. Ordutik aurrera Gaztelako erresuman zein menpeko lurraldetan asko erabili izan zen Borgoinako gurutzea, herrietako banderetan zein gudarostean.

    Gaztelako itsasontziak

    XVI eta XVII. mendeetan kolore eta diseinu asko erabili ziren. Baina Felipe V.aren aginduz (1704) errejimiento baten lehen batailoaren (koronelak agintzen zuena) banderak zuria izan behar zuen, Borgoinako gurutzearekin, eta errejimiento eta batailoiaren ikurrekin. Hortik izena: "bandera coronela".

    Urteekin, gainontzeko batailoien banderek ere, "ordenantza bandera" izenekoek, Borgoinako gurutzea erabili zuten.

    Honetaz gain, Espainiako erregeek ere Borgoinako gurutzea erabili zuten bere armarri eta ikurretan. Ondorioz, nahiz eta bestelako erabiltzaileak izan, orokorrean Borgoinako gurutzea Espainiako erresumari lotua ikusi izan zen.


    Soraluzeren banderaren balizko jatorriak

    Soraluzeren banderak badauka ezaugarri bat, inguruan duen banda zurigorria, aintzinakotasuna adierazi dezakeena: orokorrean, honen moduko bandak herri bandera zaharrenetan agertzen dira eta: Huesca, Baztan, Antzuola, Zaldibar, Berriz...

    Bestetik, nahiz eta Borgoinako gurutzea XVI. mende hasieratik Gaztelan ugaritu, badira herri bandera batzuk (Logroño 1224) San Andres gurutze gorria lehenagotik erabiltzen zutena.

    Dena dela, ez da ezagutzen banderaren aintzinakotasuna, ez eta jatorria ere. Hala ere, teoria batzuk erabili izan dira.

    Bandera coronela <> Castroko Bolondresen Batailoia

    Herri miliziak

    XVII. mende bukaeran Carlos II.k probintziako miliziak birrantolatu zituen, eta antzeko bandera sistema ezarri zuen, Borgoinako gurutzea erabiliz.

    Gipuzkoako udaletan ere, bizilagunen konpainia militarrek "bandera koronela"ren antzekoak erabiltzen hasiko ziren, Borgoinako gurutzeari herri bakoitzeko armarria gehituz. Eta, hasiera batean herriko milizia ikurra zena, herriaren ikurra bilakatu zen. Han eta hemengo herri batzuk antzeko bandera izanak teoria honi pisua ematen dio.

    Hau da Ramiro Larrañagak onesten zuen teoria.

    Armarritik banderara

    Soraluzeren armarria bandera baino zaharragoa balitz, badaiteke hasiera batean armarrian agertzen diren banderak errejimientoetakoen antzekoak izatea; hau da, zuriak era Borgoinako gurutzea erdian.

    Gero, halako lau bandera herriko armarrian agertzen zirela, herriaren bandera aukeratzerakoan horietako bat kopiatzea gerta zitekeen.

    Bizkaiako banderetatik

    Bizkaiak ez du bandera ofizialik 1988. urte arte. Hala ere, eta garaiko akuarela batzuek erakusten dutenez, XVII era XVIII. mendeetan Bizkaiako itsasontziek bandera gorria erabiltzen zuten, Borgoinako gurutze zuriarekin.

    Aldi berean, Bilboko Kontsulatuak ere bandera propioa zuen, kolore zurikoa eta Borgoinako edo San Andres gurutze gorriarekin. Soraluzeko bandera hauetako batetik etor zitekeen, edo biak nahasteagatik.

    Rochesterko ara

    Varduloen garaikoa

    Rochester (Ingalaterra) inguruan aurkitutako ara batean lauki luze baten barruan San Andres gurutzea agertzen da. Idazkunaren arabera, III. mendeko ara horrek Cohors I Vardulorum Equitataren ikur militarra jasotzen du[1].

    Barduloen jatorria kontutan hartuta, barduloen ikur hau oso oparoa dela Euskalerrian eta inguruan (Huesca, Errioxa, Soria, Guadalajara), eta herri bandera askotan agertzen dela, Mario Ruiz Encinar ikerlari errioxarrak teoria aztertzeak merezi duela uste du[2].

    Nahasmenduak

    Bada uste izan duena Soraluzeren bandera erreketeena edo karlistena dela, baina ez da halaxe inondik inora.

    Karlistek 1935.ean hartu zuten bandera zuria, Borgoinako gurutzearekin, beren miliziak (erreketeak) antolatzerakoan. Soraluzeko bandera, berriz, inguruan banda zabala izateaz gain, askoz zaharragoa da.


    Antzeko banderak munduan

    Koronel banderak

    Gaztelako eta Espainiako gudarosteen "bandera coronela" historiko askok Borgoinako gurutzea daramate ere, baina orokorrean, kolore desberdinak erabiltzeaz gain, askoz osagai gehiago dituzte.

    Ameriketetako herri banderak

    Herri banderatan, berriz, antzekoak Ameriketan ere topa daitezke asko: Mexiko Hiria, Valdivia (Txile), Alabama (E.E.B.B.) edo Florida, esateko. Nahiz eta gaur egun batzuk San Andres gurutzea erabili, historian Borgoinako gurutzea erabili izan dute (Alabama eta Florida, esateko).

    Inguruko bandera zaharrak

    Gertuago, Huesca, Otsagabia, Baztan eta Antzuolakoen moduko bandera zaharrak dauzkagu, Borgoinako gurutzeaz baina fondoa "aberatsagoa" dutenak. Bandera hauek banda bat dute inguruan, Soraluzerenak bezela.

    Berez oso zaharrak dira (Antzuolakoa 921.etik omen dator, Valdejunquerako guduan erabilia), baina ezin da bermatu diseinua ez dutela egokitu banderak berritzerakoan; beraz, ezin esan noiztik erabiltzen duten Borgoinako gurutzea.

    Inguruko antzeko banderak

    Azkenik, Soraluze inguruan badira herriak Borgoinako gurutze gorria (edo San Andres gurutzea faur egun) erabiltzen dutela banderan. Tafalla, Oñati, Hondarribia, Logroño eta Gasteizkoa aipatzeak merezi du.

    Bandera zuriak dira, Borgoinako (edo San Andres) gurutze gorria daramate eta herriaren armarria daukate erdigunean. Soraluzeren banderaren oso antzekoak direnez, agian jatorria ere antzekoa izango dute... baina gehiago sakondu beharko zen.

    Eibarko armarria

    Azkenik, bandera ez baina Eibarko armarria aipatzea ere komeni da, erdialdean San Andres gurutze gorria duelako.


    Erreferentziak

    1. Barduloak Gipuzkoa eta inguruetan bizi ziren eta, historiak jasotzen duenez, erromatarren legio laguntzaileak osatzen zituzten: beren ofizialak zuten, beren jantziak eta armak gordetzen zuten, beren hizkuntzan aritzen ziren...
    2. Banderas municipales de La Rioja: los pendones históricos. Mario Ruiz Encinar (Hidalguía, 368 zbk. 145-226 orrialdeak, 2015)