«Agustinak (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak
No edit summary |
No edit summary |
||
92. lerroa: | 92. lerroa: | ||
* [[Datos inéditos de Santa Ana (eu) | Datos inéditos de Santa Ana (eu)]]. Javier Elorza (Soraluzeko jaiak 1981) | * [[Datos inéditos de Santa Ana (eu) | Datos inéditos de Santa Ana (eu)]]. Javier Elorza (Soraluzeko jaiak 1981) | ||
[[Kategoria: | [[Kategoria: Erlijiosoak]] |
22:28, 30 iraila 2019(e)ko berrikuspena
San Agustinen Erregeladun Laterandar Kanonigak ziren, Madres Canónigas Regulares Lateranenses de San Agustín.
XVI mende hasieran serorategia zabaldu zuten Atxuriko etxe batean, 6 serorekin. Mende bukaeran, berriz, Ormaetxea jauregira pasa zituzten, erregela aldatuta klausura monastegia bihurtzeko. XVII mendearen erdialdera Santa Anako komentua egin zuten, eta bertan egon ziren 1.975 urtean alde egin zuten arte.
Aurrekariak: Errukia serorategia
Jeronimo de Irure jaunak, XVI mende hasieran hil zenean, diruak laga zituen ospitalea egiteko. Testamentuak dioenez:
- Ospitala egiteko bera bizi zen etxeetan, hiribilduaren arrabalean, Errukia izenekoa, sei neska gazte Jaungoikoari erregutzen bizi izateko.
Juan Perez de Ezkiaga eta Juan Ibañez de Irure, Jeronimoren biloba azken hau, izan ziren testamentu-betearazleak. Eta 1.515 inguruan sei neska soraluzetar sartu ziren Errukia serorategi berrian, mantu eta buruko zuriz jantziak, gainontzeko andreak ez bezala: Maria San Juan de Yturbe, Gracia de Aldasoro, Martina de Muguruza, Dominga de Arregia, Maria Lopez de Urruzkarate eta Catalina de Larreategi.
Ramiro Larrañagaren arabera[1], Errukia edo La Piedad serorategia Atxuri 9 inguruan egon zen.
Ormaetxeako serorategia
Urte batzuk geroago, Juan Ibañez de Irure berak Ormaetxea eta ondoko ortua utzi zizkien serorei, bertan klausura-monastegia sortzeko:
- ...San Agustinen ordenaren klausura-mojentzat monastegia sortu eta ezartzeko, eliza eta guzti, Ormaetxea bere etxea eta alboko ortuan, gehienez hamairu mojentzat; eta Kalagorri eta La Caltzadako Apezpikutzaren adiera, aldaketa eta zaintzapekoak izateko, eta priorea eta azpipriorea egonda bizi izateko, eta Jeronimo Batxillerrak serorak biltzeko sortu zituen etxe eta ospittalean daudenak bertan hartzeko...
Dena dela, urte asko pasa ziren beharrezko baimenak lortu arte. 1.584ko urtarrilak 30an Juan Ochoa de Salazar jaunak, Kalagorri-La Kaltzadako apezpikuak, lizentzia eman zuen. Mojek bizi behar zuten
- ...Logroño hiriko Lilien San Pedroren moja erlijiosen moduan.
Eta otsailak 17an mojak Ormaetxera pasa ziren: Maria Lopez de Yturbe (priorea), Brigida de Igeribar (azpipriorea), Berta Marina de Irure, Magdalena Perez de Mendiola, Ursula de Bagozkoitia, Clara de Churruca eta Francisca de Aritzaga, soraluzetarrak denak.
Behin betiko komentua
XVII mende erdialdera komentu berria eraikitzeko erabakia hartu zuten, Irusagarreta baserriaren lurretan. Aukeratutako tokia Ormaetxeatik hegoaldera zegoen, 100 bat metrotara.
1.692 urtean Kalagorriko Apezpikuak ortuaren esparrua erosteko baimena eman zuen. Ordurako komentuaren lanak ondo aurreratuak ziren, ze lehen kanpaia 1.698 urtean jarri zen. Ortuetara pasatzeko Santa Ana arkua 1.738-1.742 urteetan eraiki zen.
1.794 urtean frantses errepublikazaleek herrian sartu zirenean[2] mojek alde egin zuten, eta Miranda de Ebro komentuan babestu ziren.
(handitzeko, sakatu gainean)
Bizimodua
Mojek oso bizi estu eta latza eramaten zuten. Horregatik, XVIII mendean bertako Arautegia laxatzeko eskatu zuten, beti kalgorriko Apezpikuaren baimenaz. Manuel de Larramendi[3] jesuita famatuak bisitatu zituenean, hunkituta geratu zen zer nolako bizimodua zutela ikusterakoan:
- Valladolideko Kongregaziora bueltatu nintzenean Soraluzetik pasa nintzen, Agustina haiekin nire kontura sartu zen moja berri bat ikustzeko. Nire izena jakitzerakoan Kongregazio guztia jetsi zen eta, esneberbetan hasi beharrean, beren bizimoduaz galdetzen hasi nintzaien, disimuluan. Nire intenzioaz konturatu zirenean Mendaron ezarritako Arautegi berriaz oso itxaropentsu zirela esan zidaten. Esan nien horregatik Jaungoikoaren eskua ez zela laburragoa izango, hango harri eta burdin-sareetatik mojak egin zitzakeela berdin-berdin, baina agian komentu hartan ez zela besteetan zegoen premia bera.
- "Nolatan ezetz?" esan zidan prioreak. "Entzun beza Agurgarri Horrek eta ikusiko du dagoen ala ez". Eta azaldu zizkidaten egiten dituzten gauza guztiak, jaikitzen direnetik oheratu arte eta zerrenda hura entzurerakoan, ni honen gogorra ez banintz, odol-malkoak isuriko nituzke.
Dena dela, moja berriek ekarritako doteak zirela eta, XVIII mende erdian komentuak ondasun dezente zituen. Besteak beste, bereak ziren Korta, Iribe, Muneta, Osuma eta Azalia baserriak.
Santa Ana komentuko Agustinen agiritegian herriko umeen matrikulak gordetzen ziren. Txikitatik egokitzen zitzaien armagile gremio bat eta honela, gainontzeko gremiokide guztiekin, prozesio eta ekitaldi guztietara agertzen ziren. Urteekin ikasle hasiko ziren, ofizialak gero eta, sorte pixka batekin, maisu izatera pasako ziren.
1.834 urteko ufala
1.834 urtean Soraluzen izandako ufal handiena izan zen. Garai hartako agiri baten arabera[4] ur mailak hamalau bat metro egin zuen gora, eta hainbat eraikin eraman zituen aurretik: 15 bat etxe, 6 bat lantegi, arraindegia, zubi nagusia bera, San Salvador ermita...
Ufalaren ostean mojak Mendaroko komentura joan ziren, eta bertan hiru urte egon, Soraluzeko komentua konpondu artean.
XX mendea
1.936eko gerran miliziano batek komentua dinamitaz lehertzeko asmoa izan zuen, baina geldiarazi zuten.
XX mendearen bigarren erdiko bokazio-krisiak Soraluzeko komentuan ere jo zuen: gero eta moja gutxiago geratzen ziren, eta horiek gero eta zaharragoak.
Horregatik, 1.975 urtean komunitateak Mendaroko komentura aldatzea erabaki zuen, betiko. Mendaron ere arazo berbera zegoen, eta handik urte batzutara Mendaro utzi eta Astigarragara joan ziren moja guztiak.
Liburu eta artikuluak
Mojak komentutik joan eta gero, 1.998 urtean Mª Rosa Ayerbe Iribar andereak agustindar mojen dokumentu-fondoa katalogatu zuen, agiri zaharrena XVI mendekoa dela. Emaitzak San Agustinen Erregeladun Laterandar Kanonigen artxibo agiri zerrenda: 1511-1990 liburuan jasota daude.
Honetaz gain, badaude agustindar mojei eta Santa Ana komentuari buruzko beste artikuluak ere:
- Monasterio de Santa Ana de la villa de Placencia. José Garmendia (1974)
- Monasterio de Santa Ana. Ramiro Larrañaga (1979)
Kokapenak
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Erreferentziak
- Datos inéditos de Santa Ana (eu). Javier Elorza (Soraluzeko jaiak 1981)
- ↑ Soraluze. Monografía histórica. 146 orrialdea. Ramiro Larrañaga (1993).
- ↑ Konbentzio gerra (1.793-1.795).
- ↑ Manuel Larramendi. Wikipedia (euskaraz).
- ↑ Inundación del 30 de junio de 1834. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1978).