Historia. Hiribildu berrien garaia (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!

    Hiribildu berriak

    XII. mendean hasi ziren hiribildu berriak sortzen. Mende honetan eta hurrengoan gehienak sortu ziren aurretik zeuden herrixkei hiri gutuna ematerakoan, baina XIV. mendean gehienak hutsetik sortutakoak ziren.

    Hau da Gipuzkoan sortutako erdien kasua (%48a), baina Placencia de Soraluce sortzeko bi herrixka erabili zituzten: Herlaibia eta Soraluce. Dena dela, hiribildua sortzerakoan gizarte egitura goitik behera aldatzen zen.


    Itsasertzeko hiribilduak, itsas merkataritza sustatzeko

    Itsasoko merkataritza...

    Milurteko berriarekin Kantauri itsasoan merkataritza loratu zen. Pirata normandoak desagertuta, eta teknika berriez baliatuta, kabotaje nabigazioa[1] asko garatu zen. Eta nabigazioarekin batera, portuak eta itsasertzeko herriak ere.

    Ordurarte, erregeek (Nafarroakoek zein Gaztelakoek) zeharkako kontrola izaten zuten, kapareen bidez. Baina merkataritzak ekarritako aberastasuna zuzenean kontrolatzeko gogoa eta beharra sortu zen. Horregatik, erregeek portu hauek hiribildu bihurtu zituzten, hiri gutunen bidez. Modu honetan kapareen menpean egon beharrean zuzenean bere menpean egongo ziren, honek suposatzen zuen guztiekin: aginduak, zergak…

    Modu honetan, Gipuzkoako lehen hiribilduak kostaldean edo inguruan sortu ziren, Nafarroako zein Gaztelako erregepean: Donostia (1180), Hondarribia (1203), Getaria (1209), Mutriku (1209), Oiartzun (1200 eta 1214 artean) eta Zarautz (1234).


    Bideondoko hiribilduak, portuetarako bideak zaintzeko

    ...eta erregebideen garrantzia

    Itsas garraioa merkeagoa eta azkarragoa izanik, komunikabideek ere goitik behera aldatu ziren. Aurreko mendeetan ardatz nagusia ekialde-mendebalde norabidekoa bazen (Santiobidea), hurrengo mendeetan ipar-hegoaldekoak indartu ziren.

    Barnealdea (Arabako lautada) eta Gipuzkoako kostalde artean bi ziren bide nagusiak: Arlabanetik Debarakoa, Debarrotik joaten zena, eta San Adrianetik Donostialdera eta mugarakoa.

    Behin itsasertzeko herriak Gaztelako erregepean jarrita, hurrengo urratsa bide hauek ere erregepera ekartzea zen, kapareen menpetik kentzeko.

    Horregatik, bigarren boladan (1256-1268) bideondoko hiribilduak sortu ziren. Hasiera batean Alfontso X.ak hiri gutuna urte berean eman zien Oria arrokoei: Tolosa (1256), Segura (1256) eta Villafranca (Ordizia 1256). Gero, Debarroaren ttanda etorri zen: Montdragon (Arrasate 1260) eta Villanueva de Vergara (Bergara 1268).


    Krisi garaiko hiribilduak, denetik pixkat

    XIII. mende bukaerako krisia

    Lehen boladan kostaldeko hiriak sortu baziren ere, oraingo honetan Gaztelako erregeek bideak eta mugak (Nafarroako erresumarekin eta Arabarekin) babestea lehenetsi zuten. Hasitako martxan jarraituz, hurrengo urteetan hiri berriak sortzea esperotakoa zen, bai Debarroan bat Oria aldean.

    Baina orduan, XIII. mendeko bigarren erdian, krisiak gogor jo zuen, eta batez ere nekazaritzari eragin zion; hau da, Araban eta Nafarroan. Ondorioz, hiribildu berriak sortzeko joera hau bertan behera geratu zen. 75 urte pasa izan behar ziren bideondoko biribildu berriak sortzeko.

    Aurreko mendean hainbat esparru luberritu ziren biztanle berriak ezartzeko. Prozesua ziklikoa zen: biztanle gehiago, esparru berriak luberrritu, uztak handitu, biztanle gehiago… Baina XIII. mende bukaeran zikloa geratu zen, eta ez zen luberri gehiago sortu; gainera, aurretik luberritutako esparru asko laga egin zituzten atzera. Baina biztanle kopurua gora jarraitzen zenez, ezinbesteko ondorioa gosea izan zen. Bai garia ekoizten zuten lurraldetan, Nafarroan eta Araban, bai Gipuzkoa eta Bizkaian, gari nahikorik sortzen ez zutena eta kanpotik ekarri behar zutela. Gose honek XIV. mendeko erdirarte iraun zuen.

    Uztak apalduta, jauntxo eta kapareei ordaindu beharreko errentak ere jaitsi ziren, eta gosearen gosez askotan nekazariek ezin izan zituzten errentak ordaindu. Ondorioz, kapareak saiatu ziren bere sarrerak lehengoratzen modu guztietatik: zerga zaharrak berpizten, menpekoak bortxaz erabiltzen, hiribilduak erasotzen, beren artean borrokatzen[2].

    Jauntxoei kontra egiteko, Gaztelako erregeek hiribilduak antolatzeari ekin zioten berriro, baina helburu oso desberdinekin: Monreal de Deva (Deba 1296), Santa Cruz de Salvatierra (Azpeitia 1310), Villa Nueva de Oyarço (Errenteria 1320), San Martin de Iraurgi (Azkoitia 1324) eta Ondarroa (1327) eta Salinas de Leniz (Leintz Gatzaga 1331).

    Bitartean, Soraluze herrixka Markinako merindadean zegoen, jauntxoen eskuetan.


    Krisiaren irteera

    Orokorrean, krisi honen eraginez Araba eta Nafarroa atzean geratu ziren. Baina Euskal Herriko ipar isurialdean hobeto eutsi zioten krisiari eta, batez ere, azkarrago errekuperatu ziren. Horretarako itsasoko nabigazioa ezinbestekoa izan zen: nahiz eta Araban, Nafarroan edota Gaztelan oso uzta txarrak izan, Europatik zetorren "itsasoko ogia".

    Krisi honen azken ostikada Izurri Beltza izan zen. Euskal Herrira 1348. urtean heldu zen, eta hiru biztanletik bat hil omen zuen. Toki batzuetan gogorrago jo zuen: Nafarroan, esateko, bitik bat hil zen.

    Ezbehar hau, aldi berean, jopuentzat bizi baldintzak hobetzeko aukera izan zen: jauntxoek menpekoak behar zituztenez, eta hauetakomasko eta asko hil zirenez, bere lurretatik ihes ez egiteko kapareak baldintzak malgutzera behartuta egon ziren.


    Burdinolak

    Burdina aspalditik lantzen zen Euskal Herrian, baina erabilitako teknologia (haizeolak) ez zen oso emankorra, eta ekoizpena eskasa zen, kalitatean zein kopuruan.

    Baina XIII. eta XV. mendeen artean iraultza modukoa gertatu zen. Alde batetik, uraren energia erabiltzen hasi ziren, eta burdinolak Gipuzkoa osora zabaldu ziren; ondorioz, ekoizpena asko handitu zen. Bestetik, teknologia berriak zabaldu ziren, oso burdin ona sortzen ahalbidetu zutena.

    XVI. mende hasieran, berriz, martineteak[3] sortu ziren, burdinola nagusietan sortutako totxoak luzatzeko. Soraluzek bi ezaugarri zituen burdinolak sortzeko: mendiko erreka ugari eta oparoak alde batetik, eta aldapak (Gipuzkoa osoko herri aldapatsuena da). Beraz, oso toki egokia zen burdina lantzeko.

    Honetaz gain, lehengaia landu beharrean, arma zuriak ekoizten hasi zen, inguruko herrien modua; hau da, balio erantsia handiagoa zen. (Zaharrenak aipatu hemen)


    Erreferentziak

    • La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
    • Erdi Aroko euskararen historia kanpotik eta barnetik (Historia apur bat). Urtzi Reguero Ugarte (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 2021).
    • La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
    1. Kabotaje nabigazioa itsasertzearen ondoko nabigazioari dagokio, portutik batetik ondoko portura, alegia. Frantsesezko mailegua da, «caboter» lurmutur bien arteko nabigazioa da eta.
    2. Agian orduan sortuko ziren “Ahaide Nagusien borrokak”.
    3. Burdinola txikiak edo tiraderak.