Agustinak (eu)

    Sorapediatik
    Sorapedia (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: Andre Maria Mesedetakoaren Lagundiaren Karitateko Mojek ziren, erdaraz ''Hermanas de la Caridad de la Congregación de Religiosas de Nuestra Señora de las Mercedes''. Ba...)(r)en berrikusketa, ordua: 23:55, 1 urria 2018
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Andre Maria Mesedetakoaren Lagundiaren Karitateko Mojek ziren, erdaraz Hermanas de la Caridad de la Congregación de Religiosas de Nuestra Señora de las Mercedes.

    Babesetxeaz arduratzeko ekarri zituzten 1.896ean. Soraluzen 11x urte eman zuten alde egin baino lehen. Urte horietan eskolak ere eman zituzten (1.896-1.972).

    Moja talde trinkoa egon da, 6-8 lagunekoa.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)



    Errukia serorategia

    Jeronimo de Irure jaunak, XVI mende hasieran hil zenean, diruak laga zituen ospitalea egiteko. Testamentuak dioenez:

    Ospitala egiteko bera bizi zen etxeetan, hiribilduaren arrabalean, Errukia izenekoa, sei neska gazte Jaungoikoari erregutzen bizi izateko.

    Juan Perez de Ezkiaga eta Juan Ibañez de Irure, Jeronimoren biloba azken hau, izan ziren testamentu-betearazleak. Eta 1.515 inguruan sei neska soraluzetar sartu ziren Errukia serorategi berrian, mantu eta buruko zuriz jantziak, gainontzeko andreak ez bezala: Maria San Juan de Yturbe, Gracia de Aldasoro, Martina de Muguruza, Dominga de Arregia, Maria Lopez de Urruzkarate eta Catalina de Larreategi.

    Ramiro Larrañagaren arabera[1], Errukia edo La Piedad serorategia Atxuri 9 inguruan egon zen.


    Ormaetxeako serorategia

    Urte batzuk geroago, Juan Ibañez de Irure berak Ormaetxea eta ondoko ortua utzi zizkien serorei, bertan klausura-monastegia sortzeko: priorea, priore-azpikoa eta beste hamaika moja.

    Urte asko pasa ziren beharrezko baimenak lortu arte. 1.584ko urtarrilak 30an Juan Ochoa de Salazar jaunak, Kalagorri-La Kaltzadako apezpikuak, lizentzia eman zuen. Mojek bizi behar zuten Logroño hiriko Lilien San Pedroren moja erlijiosen moduan.

    Eta otsailak 17an mojak Ormaetxera pasa ziren: Maria Lopez de Yturbe (priorea), Brigida de Igeribar (azpipriorea), Berta Marina de Irure, Magdalena Perez de Mendiola, Ursula de Bagozkoitia, Clara de Churruca eta Francisca de Aritzaga, soraluzetarrak denak.


    Behin betiko komentua

    XVII mende erdialdera komentu berria eraikitzeko erabakia hartu zuten, Irusagarreta baserriaren lurretan. Aukeratutako tokia Ormaetxeatik hegoaldera zegoen, 100 bat metrotara.

    1.692 urtean Kalagorriko Apezpikuak ortuaren esparrua erosteko baimena eman zuen (1692/07/16). Ordurako komentuaren lanak ondo aurreratuak ziren, ze lehen kanpaia 1.698 urtean jarri zen (1698/05/01), Pedro de Caminos kanpaigilearena. Kanpai-hormak bi zulo zituenez, bigarren kanpaia ere jarri zuten, baina ehun urte beranduago (1806/07/07), Bernardo de Venero kanpaigilearena hau.

    Ortuak bidearen bestekaldean zeudenez, ezin komentuarekin batera itxi, klausura-monastegi bati dagokion moduan. Horregatik, 1.738 urtean Catalina de Santa Rita eta Orbe prioreak Santa Ana arkua eraikitzea erabaki zuen, galeria eta guzti, eta ortuak harresiaz itxi. Lanek lau urte iraun zuten, eta 36.930 errealeko[2] kostua izan zuten.

    Erretaula, aldiz, mende bukaeran eraiki zuten, 1.791 urtean hain zuzen.

    Hiru urte geroago frantses errepublikazaleek herrian sartu zirenean[3] mojek alde egin zuten, eta Miranda de Ebro komentuan babestu ziren.


    Ondasunak

    Mojek oso bizi estu eta latza eramaten zuten. Manuel de Larramendi[4] jesuita famatuak bisitatu zituenean, hunkituta geratu zen zer nolako bizimodua zutela ikusterakoan.

    Dena dela, XVIII mende erdian komentuak ondasun dezente zituen. Besteak beste, bereak ziren Korta, Iribe, Muneta, Osuma eta Azalia baserriak.


    1.834 urteko ufala

    1.834 urtean Soraluzen izandako ufal handiena izan zen. Garai hartako agiri baten arabera[5] ur mailak hamalau bat metro egin zuen gora, eta hainbat eraikin eraman zituen aurretik: 15 bat etxe, 6 bat lantegi, arraindegia, zubi nagusia bera, San Salvador ermita...

    Ufalaren ostean mojak Mendaroko komentura joan ziren, eta bertan hiru urte egon, Soraluzeko komentua konpondu artean.


    Bukaera

    XX mendearen bigarren erdiko bokazio-krisiak Soraluzeko komentuan ere jo zuen: gero eta moja gutxiago geratzen ziren, eta horiek gero eta zaharragoak.

    Horregatik, 1.975 urtean komunitateak Mendaroko komentura aldatzea erabaki zuen, betiko. Mendaron ere arazo berbera zegoen, eta handik urte batzutara Mendaro utzi eta Astigarragara joan ziren moja guztiak.


    Liburu eta artikuluak

    Mojak komentutik joan eta gero, 1.998 urtean Mª Rosa Ayerbe Iribar andereak bertako dokumentu-fondoa katalogatu zuen, agiri zaharrena XVI mendekoa dela. Emaitzak San Agustinen Erregeladun Laterandar Kanonigen artxibo agiri zerrenda: 1511-1990 liburuan jasota daude.

    Honetaz gain, badaude Santa Ana komentuari buruzko beste artikuluak ere:


    Kokapenak

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak

    1. Soraluze. Monografía histórica. 146 orrialdea. Ramiro Larrañaga (1993).
    2. 36.93 reales de vellón.
    3. Konbentzio gerra (1.793-1.795).
    4. Manuel Larramendi. Wikipedia (euskaraz).
    5. Inundación del 30 de junio de 1834. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1978).