Alberdi Hermanos (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: Oleako_presa._Alberdi_01.jpg | Oleako presa eta Alberdi zaharra Oleako_presa._Alberdi_05.jpg | Oleako presa. Atzean Alberdi Hermanos XIX mendean labanak otorduetan...)(r)en berrikusketa, ordua: 22:15, 12 abuztua 2020
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
      Oleako_presa._Alberdi_01.jpg | Oleako presa eta Alberdi zaharra
      Oleako_presa._Alberdi_05.jpg | Oleako presa. Atzean Alberdi Hermanos 
    

    XIX mendean labanak otorduetan erabiltzeko ohitura zabaldu zen, eta eskaria nabarmen igo zen.

    Merkatuari erantzuteko, eta fabrikazio teknologiak ezagutzen zituenez, enpresa Francisco Alberdi elosuarrak 1870 aldera sortu zuen, Soraluzen. Lantegia Deba ibaiaren ezkerraldean egin zuen, Errekalde inguruan, gaur egun Oleako zubia dagoen tokian.

    Familiak kudeatu zuen enpresa Magefesa taldeak erosi zuen arte. Gutxienez hiru marka erabili zituen: Aiztolandia, Asa eta Vencedor. Bere ondorengoek familiako jarduerari duela urte gutxi arte jarraitu diote.

    Labanagintza Euskal Herrian eta Espainian

    Hamarkadetan, Albesa lantegia Euskal Herriko labana lantegi garrantzitsuenetako bat izan zen[1].

    Alberdi Hermanos enpresaz gain, Juan Mora (Donostia), Julian Goenaga (Alesbes), Juan Wolmer (lehenbizi Durangon eta gero Irunen) eta Daniel Apaolaza (Zumarraga) aritu ziren labanak egiten, azken hau lanbideetarako labanetan espezializatua zen. Soraluzen, Rufino Gallastegik ere, Santa Ana kale bukaeran zuen lantegian, labanak egin zituen.

    Espainia mailan, sona handia izan dute (eta dute) bartzelonatarrak eta, batez ere, albacetetarrak.


    Soraluzeko Alberdi anaien enpresako trasmisio-sistemaren xehetasunak. (Argazkia Juan Manuel Berrueta 12/1(96). Beharrezko energia lortzen XX. mende hasieran, enpresariek zuten arazo nagusia beharrezko energia lortzea zen. Arazo hori konpontzeko, Francisco Alberdik presa bat eraiki zuen Deba ibaian, lantegiaren ondoan, horrela bere instalazioak eragiteko beharrezko energia lortzeko (gaur egun, presa horrek oraindik zutik dirau). Hasiera batean turbina hidrauliko bat jarri zuen. Uhal baten bidez, energia zuzenean lantegira eramaten zen, bertan polea eta ardatz sistema bat mugiarazten zuen, eta horrek makinak. Aldi berean, sabaian zegoen ardatz luze batek energia edo mugimendua ondoko lokaletara eramaten zuten. Lokal horiek beste lantegi txikiei alokatzen zitzaizkien, horrela behar zuten energia izan zezaten. Sistema hori ibaiaren emariaren araberakoa zen. Beraz, lehorte garaian, presaren maila jaisten zenean, lan egiteari uzten zitzaion, berdin zion zein ordu zen, eta laneguna bukatutzat ematen zen. Langileek ez zuten inolako ordainik jasotzen lan egin ezinagatik, eta ezin zuten lanera itzuli presak berriz ere ura izan eta energia lortu arte. Argi dago garai gogorrena uda izaten zela. Lan ordutegi aldaketak ere ohikoak izaten ziren, betiere ibaiaren emariaren araberakoak. Hori zela eta, ohikoa zen goizeko lauetatik eguerdiko hamabietara lan egitea. 1917 edo 1918 aldera, Alberditarrek, energia elektrikoa lortzeko alternadoreak jarri zituzten (75 eta 90 Kilovolt-ampere). Hala ere, beti ez zuten potentzia hori lortzen, batez ere udan edo sikutian.

    Okako presa, Soraluzeko Alberditarrek hamarkadetan zehar erabili dutena (Argazkia Juan Manuel Berrueta 96/12).
    

    Labanak egiteko prozesua

    XVIII mendeko prozesu artesanala

    Ondoko grabatuak, seguru asko XVIII. mende bukaerakoa, ederki asko ilustratzen du sasoi bateko prozesu artesanala. Ezkerrean sutegi bat ikus daiteke, suburu handi batekin. Suari haizea emateko bi hauspoak sabaian zintzilik daude. Langile batek, soka bat tira eginez, hauspo bati eragiten dio.

    Langile horren aurrez aurre, beste langile batek, amantal luze bat duela, pieza bat ingude gainean jarrita dauka, eta mailuz hori lantzen ari da. Atzean beste sutegi bat dago, hau ere bere suburuarekin.

    Erdialdean, atzean, hainbat langilek piezak karrakatzen dituzte, horiek tornuziletan helduta. Denak leihate handi baten aurrean ari dira lanean, horrela kanpoko argiak zuzenean piezetan jo dezan. Lehen planoan, lau gizon bi gurpil biratzen ari dira. Gurpil horiek, uhalen bitartez, mugimendua eskuineko poleei helarazten diete. Polea horien aurrean lau leuntzaile daude, piezak zorrozten edo distira ateratzen.

    Garai hartan, oraindik ez zen lurrun-makina erabiltzen manufaktura industrietako aplikazioetan. Hori zela eta, horrelako lantegietako energia-iturri mota bakarrak hidraulikoa eta pertsona edo animaliek sortutakoa ziren.

    Tarteko oinean, bi langile piezak zorrozteko erabiltzen diren egurrezko edo trapuzko diskoak gordetzen ari dira. Leuntzaile bakoitzaren aurrean ohol bertikal batzuk daude, piezak zorrozten sortzen zen hauts metalikoa jasotzeko erabiltzen zirenak. Aipatzekoa da leuntzaileek ere leihate handien aurrean ari direla lanean, horrela behar duten argia izateko.

    Garai hartako argiztapen-sistemak nahiko eskasak zirenez, leihateen aurrean egin behar izaten zuten lan, horrela eguzkiaren argia zuzenean jasotzeko. Euskal Herriko lantegietan, duela gutxi arte, langile askok leihate aurrean egiten zuten lan, batez ere zehaztasun handia, eta ondorioz, argitasun handia behar zuten lanak egiteko: besteak beste doitzaileek, trokelgileek eta leuntzaileek. Armagintza industrian ere nahiko ohikoa zen horrela lan egitea.

    Alberdi Hermanos: XX mende hasierako prozesua

    1920 aldera, labanak egiteko, lehenbizi 1,5 milimetroko lodiera zuen karbono-altzairuzko txapa zerrenda edo pusketak mozten ziren, lortu nahi ziren labanen formakoak. Horretarako forma egokiko prentsak eta trokelak erabiltzen ziren, minutuko 40 kolpe ematen zituztenak.

    Jarraian, altzairu puska horiek tenplatu egiten ziren. Horretarako, labanak, ahoaren aldetik, fuel-olioz berotzen zen labe batean sartzen ziren, eta jarraian, labanak ez deformatzeko, kurrika batzuekin ondo helduta, olioz betetako ontzi batean sartzen ziren.

    Piezak tenplatu ondoren, arbastatu eta leundu egiten ziren. Labanak arbastatzeko, leuntzaileek piezen xafla ahoaren aldetik mehetzen zuten, polea eta uhal sistemak eragindako harri urratzaile handietan estutuz. Jarraian xafla osoa leuntzen zen eta ahoa zorrozten zen, dena eskuz. Horretarako egurrezko poleek mugiarazten zuten larruzko uhal bat erabiltzen zuten, kola eta hondar urratzaile geruza bat zuena. Tresna horrekin lan egiten zutenean, ordu gutxitan uhalak hondar guztia galtzen zuen, eta uhala berritu behar izaten zen.

    Horretarako, uhalaren perimetro osoan kola jartzen zen, eta ondoren hondar urratzailez betetako ontzi batean biratzen zen, hondarra ondo itsatsi zedin. Ordu batzuk lehortzen utzi eta berriz ere erabili ahal izateko prest izaten zen. Horrenbeste egurrezko polea eta uhal erabiltzen ziren, non langile bat horiek prestatzen bakarrik aritzen zen.

    Xaflak eta kirtenak hainbat fasetan leuntzen ziren, bakoitzean hondar urratzaile finagoak erabiliz, azkenean nahi zuten akabera lortu arte. Fase bakoitzak izen ezberdina zuen: xafla leuntzeko faseak harria, latza eta fina ziren; eta kirtenarenak, berriz, latza, fina eta zapia (distira emateko).

    Hobekuntzak

    1940 arte, harri urratzailez eta poleaz osaturiko instalazioek ez zuten xurgagailurik izaten, hautsa eta bestelako partikulak jasotzeko. Kaxa babeslerik ere ez zuten izaten (kartoizko babeskiak bakarrik), harriren bat hautsi eta langilea abiadura handian irteten ziren pusketatik babesteko. Hori guztia zela eta, leuntzaileen lana oso neketsua eta arriskutsua zen.

    Langilearen jarrera, eta horrek pieza heltzeko zuen modua oso garrantzitsuak ziren ahalik eta ahalik eta ahalegin gutxiena eginez ekoizpen handia lortzeko. 1950 inguruan, Solingen inguruko labanagintza lantegietara bisita egin ondoren, leuntzaileei gomendatu zitzaien ukalondoak belaunetan jarrita lan egitea. Horren ondorioz, nekea asko gutxitu eta ekoizpena nabarmen handitu zen. Baita ere saiatu ziren, langileek, gurpilaren goialdean, ohol baten gainean etzanda, labanak 1,5 m diametroko gurpiletan leuntzea, Frantzian edo Ingalaterran egiten zen bezala. Teknika horri esker, ukipen-azala handiagoa zen, eta oholak langilea zipristinetatik babesten zuen.

    Labanak leundu ondoren, lantegian bertan nikeleztatu edo kromoztatzen ziren, eta ahoaren hortzak prozedura erraz batekin egiten ziren, Alemaniako lantegi batzuetan egiten zen modu berean.


    Teknologia berrikuntzak

    1925 inguruan, AEB-tan erortze libreko forja-mailua erosi zuten. Soraluzetar zaharrenek gogoan dute ingude oina tren-geltokitik Alberditarren lantegiraino eramateko izan ziren arazoak. Izan ere, piezak 13.000 kg pisatzen zituen, idiek tiratuta garraiatu behar zen, geltokia Soraluzeko goiko aldean zegoen, eta lantegira iristeko herriko kale nagusiak iragan behar izan ziren.

    Makina berriari esker, labana forjatuak egiten hasi ziren, xafla eta kirtena estanpazio bidez eginez. Horretarako 8, 9 eta 10 milimetroko hagaxkak hartu, muturrak fuel-oliozko labe batean berotzen ziren, eta jarraian, hotzean arbastatzen ziren. Forjatu baino lehen, hagaxkak gabian luzatzen ziren.

    Garai hartan, Ingalaterran labanak arbastatu eta ahoa mehetzeko bi makina pare erosi zituzten. Makina horiek erostea teknologia-berrikuntza garrantzitsua izan zen, eta inguruko lantegietan teknika bera erabiltzen hasi ziren, betiere beren produktuetara egokituta. Labanak mahai baten gainean jartzen ziren, eta mahaiak bere ardatzean biratzen zuen eraztun formako harri urratzaile bat ukitzen zuen. Mahaia mugitzean, harriak labanaren xafla arbastatzen zuen, eta nahi zen ahoa egiten zion. Makinak, simetrikoak zirenez, binaka erabiltzen ziren. Bakoitzak xaflaren aurpegi bat arbastatzen zuen, eta gehienetan emakumeek maneiatzen zituzten. Harrien neurri bereziak zirela eta, makinak lantegian bertan eraiki behar izaten ziren.

    Aurreko makinarekin batera leuntzeko makina bat ere jarri zuten lantegian. Makina horrek aldez aurre zeuden bi polea zituen, eta horien artean labana sartzen zen, bertikalean. Makinari eragiten zitzaionean, poleak elkartu eta aldi berean labanaren bi aurpegiak leuntzen zituzten.

    1932tik aurrera, altzairu herdoilgaitza erabiltzen hasi ziren (ordura arte karbono-altzairua bakarrik erabiltzen zen). Altzairu hori Alemaniatik inportatzen zen, zumitz ijetzizko zerrendetan. Zerrenda horiek albo bat bestea baino finagoa izaten zuten, labanaren ahoa errazago egin ahal izateko. Nahiz eta horrenbeste teknologia-berrikuntza izan, materialen kalitatea betiko moduan egiaztatzen zen: labanak limoietan sartu eta herdoiltzen ziren ikusita.

    1930eko hamarkada hasieran, Alberditarren lantegiak honako sailak zituen: forja-atala, mekanika-atala (trokelaketa lantegia, bertan bost espezialista aritzen ziren jardunean), eta 20 langile baino gehiago zituen leunketa-atala. Horrez gain, bainuen departamentua, bidalketa biltegia eta administrazio-zerbitzua zituzten.

    Labanen kirtenak egiteko, modelo batzuetan, behintzat, xaflarekin batera forjatzen ziren. Beste modelo batzuetan, Debako Reinerren erosten zituzten bakelitazko kirtenak jartzen zitzaizkien. Halaber, aluminiozko kirtendun labanak ere egiten zituzten. Kirten horiek egiteko, aluminioa urtu eta molde batean isurtzen zuten, eta molde hartan bertan altzairuzko xaflaren mutur bat sartzen zuten. Egurrezko kirtenak Eibarko Moisés Ibañezi erosten zizkioten.


    Lan antolaketa: somara

    Ohikoena somara lan egitea zen (egindako labana bakoitzeko diru-kopuru bat kobratzea). Leuntzaileen kasuan, 1932 edo 1933 aldera, ehun laban bakoitzeko 5 pezeta irabazten zituzten, eta ehun sardexka bakoitzeko 2,50 pezeta. Zortzi orduko lanegun batean, eskarmentu handiko profesional batek 9 pezeta inguru irabazten zituen, eta eskarmentu gutxiago zutenek, berriz, 8 pezeta inguru. 1936an, eguneko 12 pezeta irabazten zituzten.

    Pieza bakoitzeko prezioak langileak afiliatutako sindikatuekin hitzartzen ziren, eta lan beragatik prezio ezberdinak hitzartzera iritsi ziren. Soraluzen, (kanoi) lantegia zen beti erreferentzia. 1934 edo 1935 aldera, lehen mailako ofizial batek eguneko 12 pezeta irabazten zituen, bigarren mailakoak baino bi pezeta gehiago. Hirugarren mailako ofizialek, berriz, 9,25 pezeta irabazten zituen eguneko. Peoi espezialistak 8,75 pezeta irabazten zituen.

    Deba ibaia, Soraluzetik igarotzen den lekuan. Ibaiak ez zuen energia bakarrik sortzeko balio izan, estropadak eta bestelako kirol ekintzak ere egiten baitziren bertan. Horren adibide argazki hau, 1960ko hamarkada erdialdekoa (Juan Manuel Berruetak utzitakoa). XVIII. mende bukaerako lantegi aurreratuak

    Grabatuak, seguru asko XVIII. mendeko lantegirik aurreratuenetako bat aurkezten digu. Frantziako labana eta bizar-xafla lantegi bat da, lehen ezan dugun bezalaxe, XVIII. mende bukaerakoa.


    Erreferentziak

    • Gremios, Oficios y Cofradías en el País Vasco. Juan Garmendia Larrañaga. (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa 1979).
    • Atlas etnográfico de Vasconia. La alimentación doméstica. Etniker Euskalerria.
    1. 1953an, Información de la Camara de Comercio, Industria y Navegación de Bilbao aldizkarian Juan Jesus Pontek idatzitako artikuluaren arabera, labanagintzan jardunean zebiltzan langile kopurua bi mila inguruan ibiliko da, urtean 100 milioi pezeta baino gehiago irabaziz, kopurua horren erdia baino gehiago Gipuzkoan egindako ahaleginari esker.