Deba ibaia. Kutsadura (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!

    Deba ibaia berez bizia eta aberatsa da ikuspuntu ekologikotik baina mendeetan zehar eman den jarduera industrialaren ondorioz eraldaketa sakonak eragin zaizkio, bai isurketen ondorioz eta baita presa eta zentralen eraikuntzarekin. Eraldaketa hauek gogorregiak izan dira Ibaiarentzat eta garai bateko itxura eta bizitza guztiz galtzera heldu gara. Ibaia, duela mendeak izokinak izatetik ia animaliarik gabeko ibaia izatera pasa zen. Kutsaduraren garai txarrenak 60. hamarkadatik aurrera etorri ziren muga eta kontrolik gabeko isurketa bortitzen ondorioz, herritarrek gogoan dituzte oraindik arrain hilez betetako ibaiaren irudiak. Ala ere, 2000. urtetik aurrera ibairen egoera ekologikoa nabarmen hobetu da hartu diren hainbat neurri zorrotzei esker.

    Uraren kutsadura

    Deba Ibaia izatez ibai bizia eta dinamikoa da, motza eta korrontetsua, berezko ezaugarri ekologiko aberatsak dituena. Duela mende asko hasi zen ibairen ustiapen jarduera eta honek eraldaketa prozesu bat eragin du gure ibaian. Gutxienez XVI. mendetik aurrera herrian jarduera industriala egon da metalaren lanketari lotua, beraz, esan daiteke mende horretatik aurrera ibaia kutsatzen hasi ginela. Buldinola eta sutegietan sortutako hondakinak ibaira isuriko ziren seguru aski. Ezin dugu jakin zehazki nolakoa zen ibaia garai hauen aurretik, ez baitago daturik. Baina adibidez, badakigu Deba Ibaia izokinak zeudela, XIX. mende arte behintzat. Beraz, gaur egungo Bidasoa Ibaiaren antza izango zuen garai batean Deba Ibaiak. Bi ibai horiek hidrografikoki eta orografikoki oso antzekoak dira eta egun Bidasoan oraindik izokinak daude, horretarako, urak kalitate oso ona eduki behar duelarik.

    Kutsadura historikoa

    Aurreko atalean aipatu dugun bezala, Deba Ibaiaren kutsatze prozesua, jarduera industrialarekin batera hasi zen, hau da, gutxienez XVI. mendetik aurrera. Ala ere, XX. mende arte ibaia nahiko ongi kontserbatu zen, jarduera industriala ordu arte ez baitzen izan oso handia; lan gehienak artisautzakoak ziren eta ez ziren horren beste produktu kimiko erabiltzen. Honez gain, bada beste kutsadura iturri garrantzitsu bat, pertsonek sortzen dituzten hondakinak, batez ere garbiketarako produktu kimikoak. Hauek ez dira hondakin industrialak bezain kutsakorrak, baina gure bailarak duen populazio dentsitate handia dela eta, ibaia ez da gai horren beste hondakin disolbatzeko.

    XX mendeko kutsadura

    Asko dira Deba Ibaiaren berezko egoera ekologikoa aldatu duten faktoreak, ez dira soilik Soraluzeko herrian egin diren ekintzen ondorio. Ala ere, herrian eta bailaran egon den hondakinen kudeaketa desegokiak batetik, eta ibaiaren eraldaketa fisiko desegokiak bestetik, atzera bueltarik ez dituen zauriak ireki dizkio gure ibaiari.

    Dakigun bezala, Ibaiaren gain behera ekologiko garrantzitsuena aurreko mendeko 50, 60. eta 70. hamarkadan etorri zen, industria eta populazioaren garapenarekin izugarriarekin batera. Jada garai hauetan, amuarrainak desagertzeko zorian zeuden eta ibaiak oso galduak zituen garai bateko berezko itxura eta izaera naturalak. Hamarkada hauetan, hondakin industrial oso kutsakorrak isuri ziren behin eta berriro gure ibaira, inongo kontrolik gabe, askotan azaldu ziren ibaian milaka arrain ur azalean hilda. Hondamendi naturala izan zen. Ordu arte, ibaia kutsatua egon arren posible zen bertan bainatzea, ordutik aurrera ezinezkoa bilakatu zen, 80. hamarkadarako, Deba Ibaia Eurapako kutsatuenetakoa zen.

    Gaur egungo egoera

    Gaur egungo egoera nahiko ezberdina da, ibaiaren egoera ekologikoa nabarmen hobetu baita, 2000. urtetik aurrera batez ere. Gizartea eta gobernuak konturatu ziren eragindako sarraskiaz, baita beharrezkoak zirela hainbat neurri hartzea. Ala ere, ibaiaren osasun ekologiko egoki bat lortzeko oraindik asko dago egiteko.

    Garai batean, guztiz arrunta zen industria hondakinak ibaira isurtzea, 80. hamarkadatik aurrera neurriak hartzen hasi ziren legeen bitartez, isurketen aurkako neurriak gero eta zorrotzagoak bilakatuz. Ala ere, isunak eta neurri zuzentzaileak ez dira nahikoa izan, 2018-ko otsailean adibidez, Soraluzen ehunka arrain azaldu ziren uretan hilda ibaira egindako isurketa kutsatzaile baten ondorioz.

    Isurketen arazoan, hobekuntzak ez dira etorri soilik neurri zuzentzaileen ondorioz, gizartearen kontzientziazioa ere oso garrantzizkoa izan da zentzu honetan. Ibaiak duen garrantzi ekologikoa aintzat hartzea eta honen hobekuntza sustatzen jarraitzea oso garrantzizkoa da. Ibaiaren egoera ekologikoa hobetu duen beste neurri garrantzitsu bat, araztaileen instalazioa izan da. Araztaileen bitartez, ur fekalen bilketa eta garbiketa egiten da, ondoren ibaira isurtzeko.

    1958 urtean, Aranzadi Elkarteko Iktiologia Sailak halaxe esaten zuen[1]:

    DEBA IBAIA. Arantzazu eta Ergina mendikateetan sortzen da, Gipuzkoa eta Araba mugako mendietan. Urak hainbat presa eta ubide hidroelektrikoetan ustiatzen dira, eta horregatik oso motel mugitzen dira. Iturburuetan eta aurreko tartetan amuarrainak daude, baina Arrasatek, Bergarak, Eibarrek eta Elgoibarrek, industria asko izateagatik, asko kutsatzen dute bere bide osoan.
    Ibaiak ez dauka ez denborarik ez eta isurketa gabeko tarte nahikorik garbitzeko, ibai garbi baten kate biologikoa ezarriz. Bere ur zikinak, beltzak, presa askoek eragindako ibilera motelekoak, barbuak eta loinak besterik ez dituzte onartzen; Mendaro baino lehen, eta marea heltzen denean nahikotxo agertzen dira.
    Deba ibaiari buruz, [gainontzeko ibaiei buruz] iritzi berekoak gara: industria handia jasatzen du, batez ere burdinekoa, bertan beren ondarrak botatzen duen biztanle kopuru handia (100.000) ere jasatzen du, eta duda barik ez du inoiz kate biologiko osoa izango, amuarraina eta izokina hartzen duena, baina industria osoaz[2] eta ibaiaren babes egokiarekin bere itxura, zikina eta beltza, ez zen gaurkoa izango, toki atsegina eta ederra izan zitekeen, nahiz eta ertzetan dagoen industri eta giza dentsitate itzela...


    Berrogetabost urte geroago, Aranzadi Elkartekoak 1988 eta 2001 urteko egoerak alderatu zituzten[3]

    Elgoibarko araztailua

    Gaur egun, ibaira begiratzen badugu, ageria da izan duen hobekuntza; jada ez dugu ibaia kolore ezberdinekin ikusten edo bitza dariola, gainera arrainak ikus daitezke uretan, orain dela 30 urte ezinezkoa zirudiena. Beraz, gizarteak bide hau jarraitzen badu eta ez baditu garai bateko akatsak errepikatzen, agian helduko da eguna ibaian igeri egitera bueltatuko garena.

    Etorkizuna

    Eraldaketa fisikoa

    Ur kutsaduraz gain, ibiaiak gizakiak eragindako eraldaketa fisikoa jasan izan du: presak, ubideak, zubiak, ertzetako hormak...

    Hirugarren eraldaketa faktorea, ibaiaren aldaketa fisikoa da. Eraldaketa horiek oso antzinakoak dira ere, baina batez ere XVIII. mendetik aurrera eman ziren, presen eta zentralen eraikuntzarekin. Eraldaketa fisikoarekin ibaiaren ibilgu naturala apurtzen da, animalia espezie askori ibaian zehar mugitu ahal izateko oztopoak jarriz. Beste eraldaketa handi bat ibaiaren ibar naturalak kendu eta ormigoizko ibai hertzak eraikitzea izan da, hau XX. mendean eman zen. Ibar naturalen desagertzeak animalia naiz landare espezie askori eragiten die, ekosistema eraldatuz.

    Eraldaketa historikoa

    XVI mendetik aurrera hasi zen nabarmentzen ibaiaren eraldaketa fisikoa, gero eta gehiago:

    • XVI mendean Ibiazabaleko zubia egin zuten.
    • XVI-XVII mendeetan Ibaizabaleko presa, ubidea eta errota.
    • XVII-XVIII mendean Olabarrenako presa, ubidea eta ola bera.
    • Urte guzti hauetan ibaiaren bi ertzetan etxeak egin ziren, asko eta asko uretaraino heltzen.
    • XVIII-XIX mendeetan Maltzagako bide berria zabaldu zen, horretarako mendiari eta ibaiari lekua hartuz. Horretarako Osintxutik Maltzagaraino ezkerreko ibaiertza hormatu zuten.
    • XIX mende bukaeran trenbidea zabaldu zuten, eta Osintxu-Soraluze tartean hainbat tokitan ibaiaren albotik doa, ibaiertza hormatu zutela.

    XX mendeko eraldaketa

    XX mende hasieran eraldaketa hau azeleratu egin zen:

    • Beste bi zubi egin ziren, Santa Ana eta Gabolatsekoak.
    • Presa eta ubide berriak ere eraiki ziren: Alberdi, Orbea eta Maltzagakoa. Ubideak, kasu batzuetan, oso luzeak ziren.
    • SAPAko Fabrika berria egiterakoan Gabolatsetik Olabarrenaraino ibaiertza hormatu zuten.

    Eta, XX mendearen bigarren erdialdean el acabose:

    • Ibaiaren eskumako ertzean hainbat poligono/ lantegi berriak eraiki ziren (Mendizabal, Ansola, Gabilondo). Ondorioz, eskumako ibaiertz ia osoa hormatuta dago. Poligonoetara pasatzeko zubi bana egin ziren.
    • Maltzaga-Gasteiz autopistako zubiak egin ziren (Larreategikoak) eta Oleako zubi berria.
    • Bi ibaiertzetan ur-zikinen kolektoreak sartu zituzten. Ezkerrekoa Soraluzeko hiri-kasko osoan, Txurruken auzunetik Olabarrenaraino; eta eskumakoa Santa Ana zubitik Maltzagaraino.

    Beste aldetik, Maltzagako presa eta bere erretena desagertu dira. Orbeako presa ere, baina erretenaren zati batzuk oraindik bertan daude.

    Gaur egungo egoera

    Deba ibaiaren ingurunea gizakiak egindako lanek desitxuratuta dago:

    • 11 zubi daude: Mendizabal, Olea, Santa Ana, zubi nagusia, Gabolats, Mendiola, Larreategi (bi), Ansola, Aginaga (bi).
    • Hiru presa geratzen dira: Alberdi, Malmero eta Olabarrena.
    • Ezkerreko ibaiertza hormatuta dago, osorik, Osintxutik Maltzagaraino.
    • Eskumako ibaiertza ere gehien bat hormatuta dago; badaude zati gutxi batzuk oraindik hormatu gabekoak.
    • Ibaiaren hondoa oso kutsatuta dago: metal astunak, buztin zikinak...

    Etorkizuna

    Urak[4] ibaietako presak kentzeko asmoa agertu izan du, tartean Soraluzekoak.

    Bi aldiz penagarria izango litzateke. Alde batetik, Soraluzeren historia industrialaren aztarnak galduko liratekela (XVI mendekoa Ibaizabalekoa, eta XVII mendekoa Olabarrenakoa). Eta bestetik, Ibaizabal inguruan dagoen ur-azalera desagertzen bada herriak askoz estuago eta pobreago emango lukelako.

    Ibaiaren hondoa inoiz garbitzea posible ikusten da, baina gainontzekoak kentzea (zubiak, ibaiertzetako hormak) ia ezinezkoa dela ematen du.


    Erreferentziak

    1. [[Media:www.aranzadi.eus/fileadmin/docs/Munibe/1958053057.pdf | Esquema actual de los ríos de la región: Guipúzcoa]. Aranzadi Elkarteko Iktiologia Sailak (1958).
    2. Industria osoa esaten diogu bere hiru aldeak kontutan hartzen duena: lehengaien hornikuntza, lanketa edo manufaktura eta hondakin-ezabatze egoki eta kalte gabekoa.
    3. Variación de la calidad de las aguas de los ríos gipuzkoanos al cabo de veinte años (1981-2001). Imanol Arluziaga (Munibe, Ciencias Naturales-Natur Zientziak. 53 zbk., 39-56 orrialdeak, 2002).
    4. Ura. Uraren Euskal Agentzia.