Goi mailako bisitariak (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Jcao wikilariak «Goi mailako bisitak (eu)» orria «Goi mailako bisitariak (eu)» izenera aldatu du)(r)en berrikusketa, ordua: 22:00, 24 urtarrila 2022

    Ez askotan, baina inoiz Soraluzeraino etorri dira estatu-buruak: Santxo VI.a, Jose I.a, Fernando VII.a, Isabel II.a, Alcalá Zamora presidentea, Francisco Franco...


    Santxo VI.a

    1150-1160: Santxo VI.a

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Nafarroako Santxo VI.a “Jakintsuaren” garaietan (1150-1194), beronen lehengusu bat, Don Celinoz de Unzueta, Irurera aldatu omen zen bizi izatera bere ganadu–sail ugari eta bere morroi taldeekin. Bertan bizi zela, garai hartan Gipuzkoa osoko eta Bizkaiko lur zati handieneko nagusi zen Santxo VI.a Erregeak, Gipuzkoako lurrak eta lehengusuaren bizi-lekua bere begiz ezagutzeko asmoz, Don Celinoz lehengusua bisitatu omen zuen.

    Honek haragi-jan eta otordu oparo batez hartu omen zuen errege nafarra, eta otorduaren ostean, zezenketa bat eskaini omen zion bere omenez. Zezenketan bi zezen toreatu omen zituzten, eta ondoren hil, erregearen txakurrek jan zitzaten.


    Jose Ia.

    1808/07/11: Jose I.a

    Maiatzak 5eko Baionako abdikazioen (Fernando VII >> Carlos IV >> Napoleon I) ostean, Napoleon Bonaparte zen Espainiako koroaren jabe "legala". Ekainak 6an Jose anaia izendatu zuen Espainiako eta Indietako errege eta, Napolitik Baionara ziztu bizian etorrita, uztailak 7an Josek Baionako estatutua zin egin zuen.

    Biharamunean Madrilgo bidean hasi zen, Bidasoa zeharkatuz; segizioa 100 bat gurdik osatzen zuten, eta 1.500 soldaduk gordetzen zuten. Gipuzkoa zeharkatzeko Kotxeen Erret Bide berria erabili zuen, herri eta hiri garrantzitsuenetan geldialdiak eginez, bertakoen agur beroak jasotzeko: Donostia, Tolosa, Bergara...

    Behin bakarrik desbideratu zen bide zuzenetik, Soraluzera etortzeko. Bergarara heldu zenean, hegoaldera hartu beharrean iparraldera jo zuen, Soraluzeko Erret Lantegiak bisitatzeko eta bertakoen harrera eta agurra jasotzeko.

    Soraluzekoa bukatuta, zuzenean Madrila hartu zuen: Bergara, Gasteiz, Miranda, Briviesca, Burgos, Lerma, Aranda, Buitrago eta Chamartin. Azkenean, uztailak 20an Madrilen sartu zen.


    Fernando VII.a

    1829/06/13: Fernando VII.a

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1829 urtean Fernando VII erregeak eta Maria Josefa Amalia erreginak Soraluze bisitatu zuten.

    Kataluniako matxinada zela-eta, errege-familiak penintsulako iparraldean zehar eginiko biran Euskal Herrira etorri ziren.

    Gurean denetik izan zen: harrera beroa, biba eta txaloak, gremioak formazioan, Erregetxeko bisita… eta azkenean, armagile guztion artean, pare bat pistola oparitu zioten erregeari, “beren miserian” presente izateko.

    Bisita zela eta, José Joaquín Agirre eibartarrak bertsoak jarri zituen, 48 guztira, zortziko txikian eta nahikoa bitxiak, euskara eta gaztelania tartekatu zituen eta.


    Isabel II.a eta ama

    1845/08/27: Isabel II.a

    1845ko abuztuak 27an Isabel II eta Maria Cristina bere ama Soraluzen egon ziren, bertako Arma Lantegiak ikuskatzeko. Hurrengo egunetan, Tolosako (Okzitania) Journal de Toulousek halaxe jasotzen zuen[1]:

    Isabel erregina eta bere ama Soraluzera heldu ziren 27an, hiri honetako su-armen fabrika ikustera. Iluntzean Arrasate hirira itzuli ziren.
    29 goizean, errege-familiak azken hiri hau utzi zuten Bilbora heltzeko, Elorrio eta Durangotik pasatuz. Erreginak eta infantea Bilbon geratu behar ziren 30 eta 31ean, hilak lehenean Azkoitiara joateko, bertan prestaturik zeukaten geletan lo egitera, Egako Granadako dukearen jauregian, Espainiako handia, erregeen bizkarzaineen kapitaina eta Don Karlosen Gerra ministroa izandakoa...


    Niceto Alcalá Zamora

    1932/09/13: Alcalá Zamora presidentea

    1932. urtean Niceto Alcalá Zamorak, Errepublikako presidenteak, Eibarrera egin zuen bisita (1932/09/13).

    Soraluzetik pasatzerakoan, Casimo de la Unión Liberalen frentean geratu zen, jendea agurtzeko.


    Francisco Franco

    1941/09/15: Francisco Franco

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1941.eko irailak 15ean Francisco Franco jeneralak ere SAPAren Soraluzeko lantegia bisitatu zuen. SAPAri esleitutako lanen egoera bertatik bertara jakiteko interesa zegoen, eta lantegiaren premiak eta gabeziak zuzendarien ahotatik ezagutzeko.

    Francisco Francorekin hainbat militar etorri ziren: Juan Vigón teniente jenerala (Aire ministroa), José López Pinto jenerala (VI barruti militarraren kapitain jenerala eta Arabako gobernadore militarra gerra garaian), José Moscardó Ituarte jenerala (Francoren Etxe Militarraren burua eta JONSen Miliziarena) eta Agustín Muñoz Grandes jenerala.

    SAPAko zuzendaritzaren aldetik hiru lagunek artatu zuten Franco: Alejandro de Calonje y Motta (SAPAko zuzendari-jerentea), José Sirvent Dargent (SAPAko injeniari-burua eta INIren lehendakaria 1963-1969 tartean) eta Rafael Hernández Francés (SAPAko zuzendaria). Horiekin batera Miguel Larrañaga Aispua (herriko alkatea) eta Pío Placencia Arluciaga (lantegiaren maisu nagusia) ere aritu ziren.


    Erreferentziak

    1. La reine Isabelle et son auguste mère se sont rendues le 27 à Placencia pour visiter la manufacture de armes à feu qui existe dans cette ville. Le soir elles sont rentrées à Mondragon. Le 29 matin la famille royale a quitté cette derniere ville pour se rendre à Bilbao, en passant par Elorrio et Durango. Les reines et l'infante devaient séjourner le 30 et le 31 à Bilbao, et se mettre en route le 1er pour venir coucher à Azcoitia oú des appartements leur ont été preparées dans le palais du M. le duc de Granada de Ega, grand d'Espagne, ancien capitaine des gardes de corps et en dernier lieu ministre de la guerre de D. Carlos... (Journal de Toulouse: politique et littéraire 1845/09/02).