Historia. Erromatarren garaia (eu)

    Sorapediatik

    Urte askotan pentsatu izan da erromatarrak ez zirela asko sartu itsas aldeko Euskal Herrian (saltus vasconum = euskal basoa). Baina XX mendeko ikerketek eragina ez zela hain txikia frogatu dute.

    Inolako duda barik, gaur egunean esan dezakegu Soraluzen ere egon, egon zirela.


    Aranzadikoak lanean (Antxoka Martinez 2016)

    Erromatar aztarnak. Kortazarreko kokalekua

    2016 urte bukaeran Aranzadiko teknikoek Kortatzarreko haitzen (Karakate) inguruan erromatar gudarosteak eraikitako defensa lerroaren aztarnak topa zituzten[1], Gipuzkoan agertu den lehena.

    Karakateko kanpamendu erromatarra (Arkotxa Martinez)
    (begiratu 31:15 minutuan)
    El final de la edad del Hierro en Gipuzkoa. Panorama actual e hipótesis de interpretación
    Arkotxa Martinez Velasco (Koldo Mitxelena kulturgunea 2022/01/25)

    Arkotxa Martinez arkeologoaren iritziz, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen[2] eta erromatarren artean (Kantabrian, erromatarrek eta kantabroek urte luzeetan gerratan ibili zirela, ohikoak direla halako defentsa lerro erromatarrak) edo, bestela, komertzioarekin lotuta[3].

    Aurkikuntza hauek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuten, hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik datorrela.

    1922 urtean Julio de Urquijok artikulu bat[4] argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen Leloren kantuari buruzko izkribu batzuk aztertzen. Izkribu horietan, besteak beste, Mogelek dio:

    (Elezahar hori) Mosquirichu Mons quiritum izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bada, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta izen hori ematea.[5]

    Urte horretan bertan, Aranzadik, Barandiaránek eta Egurenek Exploración de dieciseis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia argitaratu zutenean, elezahar hau ere jaso zituzten.


    Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako galtzada

    Erromatar aztarnak. Veleia-Astigarribia galtzada

    Erromatarren garaian Iruña-Veleia[6] zen Arabako hiri garrantzitsuena, eta Deba ondoko Astigarribian edo Mutrikun[7] bertan Tritium Tiboricum[8] izeneko portua zegoen.

    Bion arteko galtzada Deba bailaratik zetorren, ibaiaren ezkerraldetik. Soraluzera heltzerakoan, Ibaizabal ibitik beste aldera pasatzen zen, gaur eguneko zubi nagusia dagoen inguruan. Hortik aurrera Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera heltzen zen, eta handik itsasoruntz.

    Mende batzuk geroago, erromatar galtzadak Deba ibaia zeharkatzen zuen Ibaizabal ibi inguruan Soraluze herrixka sortu zen. Erromatarren bide nagusi hau erabili izan da XVIII mendearen bukaera arte, Maltzagako sakonuneko bideak eraiki arte.


    Averiguaciones de las antiguedades de Cantabria

    ...eta erromatar kontuak

    2016 urtean Kortazarreko Haitzan egindako aurkikuntzek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuten, baina badira beste batzuk oraindik demostratu gabekoak. Berpizkunde garaian Erroma eta erromatarrak modan jarri ziren, eta haiekin lotzeko arrastoen bila jarri ziren pertsonak zein herriak. XVII eta XVIII mendeko historialariek beste hiru aldiz, gutxienez, lotu zuten Soraluze erromatarrekin.

    Gabriel de Henaok, Averigvaciones de las antigvedades de Cantabria liburuan (1689) bi aipamen jaso zituen.

    Lehena Esteban de Garibai arrasatearrak idatzia: erromatarren garaian Extremadurako Ambraciatarrek Gipuzkoako Placencia sortu omen zuten; eta mila urte geroago, Ambracia desegin zenean soraluzetarrak Extremadurara itzuli ziren Ambracia bersortzera, Plasencia izena jarri ziotela. Bigarren aipamena, berriz, Iosef Pellizer-ena da, Tritium Tiboricum Gipuzkoako Soraluzen zegoela idatzi zuela.

    Azkenik, La Cantabria vindicada (1779) liburuan, Joseph Hippolito de Ozaetak Egotza baserriaren aipamena egiten du, Egossa eta Egoza erromatarrek erabilitako izenak zirela esaterakoan. Gogoratu behar da Egotza oso kokapen egokia duela Deba bailara zelatatzeko.

    Erreferentziak

    1. Kortazar mendiko erromatar aztarnak. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
    2. Estrabonen arabera, Deba ibaitik ekialdera karistiarrak ziren, eta mendebaldera autrigoiak. Beraz, erromatarrak bi tribuen tartean kokatu ziren.
    3. Campamentos romanos en el País Vasco y Navarra. Historia y Arqueología (2018).
    4. La Crónica Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo. Julio de Urquijo e Ibarra (RIEV Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, 13 alea, 3.zbk. 458-282 orr.)
    5. Si (la leyenda) se funda en alguna especie de tradición, que ha quedado, de que Mosquirichu es corrupcion de Mons quiritum, pudo suceder que viniendo los romanos por Deva suviessen a dho monte y le diesen tal nombre.
    6. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
    7. Mutriku izena Tritium Tiboricum-etik omen dator.
    8. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)