Historia. Erromatarren garaia (eu)

    Sorapediatik
    Karistiarrak eta barduliarrak erromatarre garaian

    Mende askotan pentsatu izan da erromatarrak ez zirela asko sartu itsas aldeko Euskal Herrian (Saltus Vasconum = euskal basoa). Baina XX. mende bukaerako ikerketek frogatu dutenez, inguru honetako eragina ez zen hain txikia izan.

    Inolako duda barik, gaur egunean esan dezakegu Soraluzen ere egon, egon zirela.


    Karistiarrak eta barduliarrak

    Erromatar geografoen arabera (Estrabon[1], Plinio Zaharra[2], Ponponio Mela[3], Klaudio Ptolomeo[4]...) Soraluze inguruan bi herri edo tribu bizi ziren: karistiarrak[5] (mendebaldean) eta barduliarrak[6] (ekialdean).

    Batzuren arabera Debarroan karistiarrek bizi ziren eta, beraz, Soraluze ingurukoak ere karistiarrak izango ziren. Besteon arabera, aldiz, bi herri hauek Deba ibaia zuten muga.


    Kortazarreko castra aestiva

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
    Lubakien aztarnak Kortazarren (Antxoka Martinez 2016)

    Erromatarren konkista

    Sortu zenetik, Erroma inguruko herriak menperatzen saiatu zen. Hasiera batean Mediterraneo inguruaz jabetu bazen ere, Kristo aurreko I. mendean Atlantikoko itsasertza bereganatzeari ekin zion.

    Ordurako goi lautada eta Ebro harana menperatuta zeukaten Hispanian, eta mende horretan Julio Zesarrek Galia konkistatu zuen.

    Hurrengo urteetan Augusto enperadoreak Hispania osoaren konkista abiatu zuen. Etsai nagusiak kantabriarrak eta astureak zirenez, aurretik inguruko herriak "baketzea" erabaki zuen, gero kantabriarren kontra buru belarri aritzeko (Bellum Cantabricum = Kantauriko gerra, Kristo aurreko 29.tik 19.era).

    Arpotoko kanpamendua[7]

    Orain dela gutxi arte sinistu izan da erromatarrek ez zutela borrokatu bertakoen aurka (Zelatungo guda ele zaharra lekuko[8]), baizik eta bake itunak sinatu zituztela eta, ondorioz, soldaduz hornitu zituztela erromatar gudarostea.

    Baina XX. mende bukaeran hainbat aurkikuntza izan ziren (esateko, Arabako Andagosten[9]) Euskal Herrian borrokak izan zirela lekuko.

    Eta 2016. urte bukaeran Antxoka Martinez arkeologoak (Aranzadi) Kortatzarreko Haitzaren inguruan erromatar gudarosteak eraikitako defensa lerroaren aztarnak topa zituen[10], Gipuzkoan agertu den lehena.

    Ikuspegi orokorra

    Kanpamendua tontorraren inguruan eraiki zuten, eta aldapa leunaren erdian defentsa lerroa; horretarako fossa edo lubakia zulatu eta ateratako lurra goiko aldean pilatu zuten, aggeri edo lubeta bat antolatuz[11]. Lurrezko hesi hartan bi metrotako sudes-ak[12] sartu zituzten, vallum edo egurrezko hesia altzatuz.

    Hesi honen erdialdean atea zegoen. Eta ateburuan, kanpamendu barruan, antzeko beste hesia altzatu zuten, atea babesteko asmoz. Kanpamenduko albo zein atzekaldeetan ez zuten lubakirik ezta lubetarik ere egin, nahikoa zuten sudes-ekin egindako hesiak: Arkotxa Martinezen esanetan, "(erromatarrek) ez zuten hesirik behar, beraientzako garrantzitsuena etsaia begi bistan izatea zen, modu honetan... lehen bailehen berun-jaurtigaiak habailaz jaurtitzeko".

    Kanpamenduaren erabilera

    Antxoka Martinez arkeologoaren esanetan, kanpamendu honek erakusten du gerra izan zela bertakoen eta erromatarren artean, orain arte uste izan denaren aurka.

    Kanpamendu hau etapako kanpamentua izan zitekeen (baina tokia ez dago inongo bide ondoan) edo inguruko tribuak zaintzekoa. Alde honengatik, oso adierazgarria da bere kokapena, karistiarren eta barduliarren artean.

    Segururena, Kantauriko gerra aurreko urteetan erabiliko zuten, hau da, Kristo aurreko 30. edo 20. urte inguruan. Ez dakiguna zera da, uda bakarrean egon ziren edo gehiagotan.

    Ele zaharra egia bihurturik

    Aurkikuntza honek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuen, hau da, Mendigainen erromatar kokagunea izan zela, eta Muskiritsu mendiaren izena latinezko Mons Quiritumetik omen datorrela.

    1922 urtean Julio de Urquijok artikulu bat[13] argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen Leloren kantuari buruzko izkribu batzuk aztertzen. Izkribu horietan, besteak beste, Mogelek dio:

    (Elezahar hori) Mosquirichu Mons quiritum izenaren usteldura dela dioen tradizioan oinarritzen bada, gerta liteke erromatarrak Debatik etorri izana, aipatutako mendira igo eta izen hori ematea.[14]


    Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako galtzada

    Erromatar aztarnak. Veleia-Astigarribia galtzada

    Erromatarren garaian Iruña-Veleia[15] zen Arabako hiri garrantzitsuena, eta Deba ondoko Astigarribian edo Mutrikun[16] bertan Tritium Tiboricum[17] izeneko portua zegoen.

    Bion arteko galtzada Deba bailaratik zetorren, ibaiaren ezkerraldetik. Soraluzera heltzerakoan, Ibaizabal ibitik beste aldera pasatzen zen, gaur eguneko zubi nagusia dagoen inguruan. Hortik aurrera Ezozia eta San Roketik Elgoibar aldera heltzen zen, eta handik itsasoruntz.

    Mende batzuk geroago, erromatar galtzadak Deba ibaia zeharkatzen zuen Ibaizabal ibi inguruan Soraluze herrixka sortu zen. Erromatarren bide nagusi hau erabili izan da XVIII mendearen bukaera arte, Maltzagako sakonuneko bideak eraiki arte.


    Averiguaciones de las antiguedades de Cantabria

    ...eta erromatar kontuak

    2016 urtean Kortazarreko Haitzan egindako aurkikuntzek aspaldiko kontu zaharra berretsi zuten, baina badira beste batzuk oraindik demostratu gabekoak. Berpizkunde garaian Erroma eta erromatarrak modan jarri ziren, eta haiekin lotzeko arrastoen bila jarri ziren pertsonak zein herriak. XVII eta XVIII mendeko historialariek beste hiru aldiz, gutxienez, lotu zuten Soraluze erromatarrekin.

    Gabriel de Henaok, Averigvaciones de las antigvedades de Cantabria liburuan (1689) bi aipamen jaso zituen.

    Lehena Esteban de Garibai arrasatearrak idatzia: erromatarren garaian Extremadurako Ambraciatarrek Gipuzkoako Placencia sortu omen zuten; eta mila urte geroago, Ambracia desegin zenean soraluzetarrak Extremadurara itzuli ziren Ambracia bersortzera, Plasencia izena jarri ziotela. Bigarren aipamena, berriz, Iosef Pellizer-ena da, Tritium Tiboricum Gipuzkoako Soraluzen zegoela idatzi zuela.

    Azkenik, La Cantabria vindicada (1779) liburuan, Joseph Hippolito de Ozaetak Egotza baserriaren aipamena egiten du, Egossa eta Egoza erromatarrek erabilitako izenak zirela esaterakoan. Gogoratu behar da Egotza oso kokapen egokia duela Deba bailara zelatatzeko.


    Erreferentziak

    1. Estrabon. Wikipedia (euskaraz).
    2. Plinio Zaharra. Wikipedia (euskaraz).
    3. Ponponio Mela. Wikipedia (euskaraz).
    4. Klaudio Ptolomeo. Wikipedia (euskaraz).
    5. Karistiarrak. Wikipedia (euskaraz).
    6. Barduliarrak. Wikipedia (euskaraz).
    7. Arpoto. Kortatzarreko haitzaren (ez horren) aintzinako izena.
    8. Tradiciones Vasco-Cántabras. Juan Benantzio Arakistain (Tolosa 1866).
    9. Andagosteko gudua. Wikipedia (euskaraz).
    10. Karakate mendia. Antxoka Martinez (Aranzadiana 2016).
    11. Lurreko hesia, mendoitza edota ezponda moduan ere ezagutua.
    12. Sudes. Erromatar soldaduek beraiekin zeramatzaten hesolak, normalean bi.
    13. La Crónica Ibargüen-Cachopín y el Canto de Lelo. Julio de Urquijo e Ibarra (RIEV Revista internacional de los estudios vascos = Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria, 13 alea, 3.zbk. 458-282 orr.)
    14. Si (la leyenda) se funda en alguna especie de tradición, que ha quedado, de que Mosquirichu es corrupcion de Mons quiritum, pudo suceder que viniendo los romanos por Deva suviessen a dho monte y le diesen tal nombre.
    15. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
    16. Mutriku izena Tritium Tiboricum-etik omen dator.
    17. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)