Historia. Mende ilunak. Mundu baten gainbehera (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: {{Argitaratzen}} Gutxi badira ere, Soraluzen gordetzen dira historiaurreako eta erromatarren garaiko aztarnak. Hurrengo mendeak ilunak dira oso, ez da ezer geratu, ez azt...)(r)en berrikusketa, ordua: 20:28, 21 abuztua 2022
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!

    Gutxi badira ere, Soraluzen gordetzen dira historiaurreako eta erromatarren garaiko aztarnak. Hurrengo mendeak ilunak dira oso, ez da ezer geratu, ez aztarnik, ezta aipamenik ere.

    Sarrera honetan Euskal Herriko historia orokorra Soraluzeri egokitzen zaio, ahal den neurrian. Besteren faltan, oso eztabaidagarria izan daiteke.


    Mundu baten gainbehera

    III. mendeko krisia

    Kristo osteko III. mendean erromatar inperioa indarra galtzen hasi zen. Ekonomia gero eta ahulagoa zegoenez, eragin handia izan zuen Soraluze moduko esparrutan.

    Bide nagusietako merkararitza asko ahuldu zen, eta bigarren mailako bideetakoa are gehiago. Ondorioz, bideetako mansio eta ostatuek lur jota geratu ziren, tartean Ibaizabal ibi ondokoa.

    Beste aldetik, emigratzeko aukerak ere estutu ziren. Ez zen samurra Ager Vasconum-eko villae-tan lana topatzea, ekoizpena kanpora saltzea ezizezkoa zenez, irauteko lain ekoizten zuten (autokontsumoa), eta ez zuten langile berrien premiarik.

    Bagaudak

    Ondorioz, Saltus Vasconum-ek presio demografiko handia sufritzen hasi zen: aurreko ekoizpen eskasa eta aho gehiegi. Aurrera egiteko janaria nunbaitetik jiratu behar, eta gertueneko tokira jo zuten lapurretan egiteko: Ager Vasconum-era, hain zuzen. Matxinatu hauei bagaudak[1] esaten zioten, eta gehien bat Galia eta Hispania parajetan sortu ziren.

    Lehen matxinada 269. urtean piztu zen, eta Diokleziano enperadoreak 285.ean suntsitu zuen. Hurrengo urteetan noizean behin lehertzen ziren matxinada berriak, eta inbasio germaniarrekin batera aritu ziren gogorren.

    Soraluze inguruko biztanleek, seguru asko, gainontzekoen patu berea izango zuten: merkataritza desagertuta, artzaintza eta nekazaritzaren emaitza urriak, soldadu joateko aukerarik ez, gosea eta, azkenik... Araba, Nafarroa eta Errioxa aldera pasa behar lapur bilakatuta.

    Inbasio germaniarrak

    405. urtean herri germaniar batzuk Rhin-eko muga zeharkatu zuten, erromatarren "baimenaz". Hogei urte geroago (428) erromatarrek godoen esku utzi zuten Akitania; godoek bultzatuta, 449an Via Ad Asturica Burdigalam erabiliz sueboek Pirinioak zeharkatu zuten, Rekiario erregea buruan, eta Baskonia arpilatu; 473an, godoen konde Gauderio Iruñetik sartu zen eta Zaragoza eta inguruko hiriak konkistatu... Ager Vasconum inguruko ekonomia goitik behera hondatu zen.

    Itsasotik ere gauzak okertu ziren: 455an, heruloen itsas ontziek kantabriarren eta barduliarren kostaldeari eraso zioten. Ondorioz, itsas merkataritza ia desagertu zen.

    Lehorreko zein itsasoko bideek ia garraio barik, tarteko bideak ere erabat hustu ziren, bertakoek bakarrik erabiltzen zituztela. Eta bezeroen faltan, bideko mansio, ostatu eta herrixkak desagertu ziren, tartean Ibaizabal ibi ondokoa. Honetaz gain, erromatar inperioa desegin zenez, harekin batera soldadu joateko aukera ere desagertu zen.

    Gosea eta eskasia orokortuta, ez da harritzekoa hurrengo urteetan 'bagaudakn berriro ere matxinatzea. Ekintza gogorrenak izateaz gain, azkenak ere izan ziren.


    Bisigodoak

    ...et domuit vascones

    Erromatarrak desagertuta, eta germaniarrak (sueboak, bandaloak, alanoak eta bisigodoak) eskualde aberatsetan ezarrita, baskoiak eta kantabriarrak herri askeak ziren, inoren menpe ez zeudenak[2].

    Hala ere, merkataritza barik, nekazaritza (ahula) eta abeltzaintza jarduera bakarrak izanik, oso herri txiroak ziren; eta noizean behin Ebro eta Duero arroetara pasatzen ziren, herriak eta etxaldeak (villae) arpilatzeko asmoekin. Urte hauetan baskoien, barduliarren eta karistiarren arteko harremanak sendotu ziren, eta bisigodoek Baskoniako probintziak izenarekin ezagutzen zuten eskualdea.

    Bisigodoak egonkortu zirenean (Toletum-eko erresuma) iparraldeko herrialdeak "baketzen" saiatu ziren, behin eta berriz. Hortik errege bisigodo askoren leloa: ...et domuit vascones[3]; hau da, "...eta euskaldunak menperatu zituen".

    Baina ez zuten lortu. Alde batetik, lur txiro hauek inolako interesik ez zutelako. Eta bestetik, bisigodoen erresuma barne oreka falta zuelako. Eta baskoiak zaintzeko, Victoriacum[4] hiria fundatu zuten 581. urtean eta Erriberri gotortu zuten 621.ean. Iparraldetik, berriz, frankoek Waskoniako dukerria sortu zuten, Bizkaiako kostalderaino hedatu zena.

    Soraluzeko bizimodua

    Bitartean, Soraluzen aurreko egoera txarra egonkortu zen.

    Alde batetik, Ibaizabal ibi ondoan sortutako herrixka, merkatari eta garraiolariak zerbitzeko, hustu egingo zen, bideak ere hustu zirelako.

    Nekazaritza eta abeltzaintza besterik ez ziren geratzen, baina inguru aldapatsuak ez zuen batere laguntzen. Horregatik, aukera asko daude bagauda artean soraluzetarrak egotea.

    Erromatar inperioarekin batera orduko gizarte egiturak desagertuko ziren. Eta bagauden bizimodu berriak, segururena, egitura berriak ekarriko zituen, agintari eta menpekoez osatuta. Geroko jauntxoen jatorria izango zen.


    Erreferentziak

    • La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
    • Erdi Aroko euskararen historia kanpotik eta barnetik (Historia apur bat). Urtzi Reguero Ugarte (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 2021).
    1. Bagaudak. Wikipedia (euskaraz).
    2. Sobre los origenes sociales de la Reconquista. Abilio Barbero eta Marcelo Vigil (Ariel 1974)
    3. Domuit vascones. Wikipedia (euskaraz).
    4. Nahiz eta batzuk uste Gasteiz zela (Bitorixa/ Vitoria), ez da ezagutzen zehatz mehatz non zegoen.