Historia. Mende ilunak. Mundu baten gainbehera (eu)

    From Sorapedia
    Oharra. Gutxi badira ere, Soraluzen gordetzen dira historiaurreko eta erromatarren garaiko aztarnak. Hurrengo mendeak ilunak dira oso, ez da ezer geratu, ez aztarnik, ezta aipamenik ere. Sarrera honetan Euskal Herriko historia orokorra Soraluzeri egokitzen zaio, ahal den neurrian. Besteren faltan, sarrera hau oso eztabaidagarria izan daiteke.


    Aurretik, erromatarrak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Gizartearen gainbehera

    III. mendeko krisia eta bagaudak

    Kristo osteko III. mende erdialdean erromatar inperioa indarra galtzen hasi zen, eta ekonomia asko apaldu zen. Merkataritza ere ahulduta, bideetako mansio eta herrixkak lur jota geratu ziren, tartean Ibaizabal ibi ondokoa. Beste aldetik, ekonomia kaxkartuta emigratzeko aukerak ere estutu ziren.

    Ondorioz, Saltus Vasconum-ek presio demografiko handia sufritzen hasi zen: aurreko ekoizpen eskasa eta aho gehiegi. Aurrera egiteko janaria nunbaitetik jiratu behar, eta gertueneko tokira jo zuten lapurretan egiteko: Ager Vasconum-era, hain zuzen. Matxinatu hauei bagaudak[1] esaten zioten, eta III. mendean Galia, Alpeak eta Hispania parajetan sortu ziren.

    Soraluze inguruko biztanleek, seguru asko, gainontzekoen patu berea izango zuten: merkataritza desagertuta, artzaintza eta nekazaritzaren emaitza urriak, soldadu joateko aukerarik ez, gosea eta, azkenik... Araba, Nafarroa eta Errioxa aldera pasa behar lapur bilakatuta.

    Alanoak Galia zeharkatzen (XIX. mendeko grabatua)

    Inbasio germaniarrak

    405. urtean herri germaniar batzuk Rhin-eko muga zeharkatu zuten, erromatarren "baimenaz". Hogei urte geroago (428) erromatarrek godoen esku utzi zuten Akitania; godoek bultzatuta, 449an Via Ad Asturica Burdigalam erabiliz sueboek Pirinioak zeharkatu zituzten, Rekiario erregea buruan, eta Baskonia arpilatu; 473an, godoen konde Gauderio Iruñetik sartu zen eta Zaragoza eta inguruko hiriak konkistatu... Ager Vasconum inguruko ekonomia goitik behera hondatu zen.

    Lehorrean bakarrik ez, itsasoan ere gauzak okertu ziren: 455an, heruloen itsas ontziek barduliarren eta kantabriarren kostaldeari eraso zioten. Ondorioz, hurrengo mendeetan itsas merkataritza ia desagertu zen.

    Lehorreko zein itsasoko bideek ia garraio barik, tarteko bideak ere erabat hustu ziren, bertakoek bakarrik erabiltzen zituztela. Eta bezeroen faltan, bideko mansio, ostatu eta herrixkak desagertu ziren, tartean Ibaizabal ibi ondokoa. Honetaz gain, erromatar inperioa desegin zenez, harekin batera soldadu joateko aukera ere desagertu zen.

    Gosea eta eskasia orokortuta, ez da harritzekoa hurrengo urteetan bagaudak berriro ere matxinatzea. Ekintza gogorrenak izateaz gain, azkenak ere izan ziren (441-456).


    Leovigildo erregea hiri kantabro bat hartuz
    (Donemiliaga Kukulako bolizko plaka)

    Bisigodoak

    ...et domuit vascones? ala waskoiak ziren?

    Erromatarrak desagertuta, eta germaniarrak (sueboak, bandaloak, alanoak eta bisigodoak) eskualde aberatsetan ezarrita, baskoiak eta kantabriarrak herri askeak ziren, inoren menpe ez zeudenak[2].

    Hala ere, merkataritza barik, nekazaritza (ahula) eta abeltzaintza jarduera bakarrak izanik, oso herri txiroak ziren; eta noizean behin Ebro eta Duero arroetara pasatzen ziren, herriak eta etxaldeak (villae) arpilatzeko asmoekin. Urte hauetan baskoien, barduliarren eta karistiarren arteko harremanak sendotu ziren, eta bisigodoek Baskoniako probintziak izenarekin ezagutzen zuten eskualdea.

    Bisigodoak egonkortu zirenean (Toletum-eko erresuma) iparraldeko herrialdeak "baketzen" saiatu ziren. Leovigildo erregeak kantabroak garaitu zituen 574.ean, Peña Amaya (Burgos) hartuz. Eta gerora bisigodoek baskoien aurka hasi ziren, behin eta berriz. Hortik errege bisigodo askoren leloa: ...et domuit vascones[3]; hau da, "...eta baskoiak menperatu zituen".

    Baina ez zuten lortu. Alde batetik, lur txiro hauek inolako interesik ez zutelako. Eta bestetik, bisigodoen erresumak egonkortasuna falta zuelako. Baskoiak zaintzeko, Victoriacum[4] hiria fundatu zuten 581. urtean eta Erriberri gotortu 621.ean.

    Iparraldean, berriz, frankoek Waskoniako dukerria sortu zuten, Bizkaiako kostalderaino hedatu zena. Historialari batzuren arabera, bisigodoak ez ziren baskoiekin borrokatu, baizik eta waskoiekin; hau da, frankoen aliatu akitanoekin[5].

    Soraluzeko bizimodua

    Bitartean, Soraluzen aurreko egoera txarra egonkortu zen.

    Alde batetik, Ibaizabal ibi ondoan sortutako herrixka, merkatari eta garraiolariak zerbitzekoa, hustu egingo zen, bideak ere hustu zirelako.

    Nekazaritza eta abeltzaintza besterik ez ziren geratzen, baina inguru aldapatsuak ez zuen batere laguntzen. Horregatik, aukera asko daude bagauda artean soraluzetarrak egotea.

    Erromatar inperioarekin batera orduko gizarte egiturak desagertuko ziren. Eta bagauden bizimodu berriak, segururena, egitura berriak ekarriko zituen, agintari eta menpekoez osatuta. Agian geroko jauntxoen jatorria izango zen.

    Don Rodrigo erregea

    Bisigodoen azkena

    711. urtean Rodrigo errege bisigodoa baskoien kontra ari zen (berriro ere), hegoaldera ziztu bizian irten behar izan zuenean: Muzaren gudarostea Afrikatik sartu berria zen. Heldu zenean, Jandako aintziraren borrokan musulmanek garaitu zuten eta orduan bukatu omen zen bisigodoen erresuma.

    Historialari batzuren ustez, Rodrigo erregearen aurkako borroka haiek markatzen dute Erdi Aroaren hasiera Baskonian[6].


    Eta ostean, Goi Erdi Aroa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Erreferentziak

    • La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
    • Erdi Aroko euskararen historia kanpotik eta barnetik (Historia apur bat). Urtzi Reguero Ugarte (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 2021).
    1. Bagaudak. Wikipedia (euskaraz).
    2. Sobre los origenes sociales de la Reconquista. Abilio Barbero eta Marcelo Vigil (Ariel 1974)
    3. Domuit vascones. Wikipedia (euskaraz).
    4. Nahiz eta batzuk uste Gasteiz zela (Bitorixa/ Vitoria), ez da ezagutzen zehatz mehatz non zegoen.
    5. ¿Váscones o Wascónes? Acerca del Ducado de Cantabria y la fundación de ciudades en el norte peninsular en época visigoda. Rafael Barroso, Jesús Carrobles eta Jorge Morín (e-Spania 2013).
    6. Sustrato cultural de la Vasconia altomedieval. Roldan Jimeno Aranguren (Eusko ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria 1999).