Ibaizabal errotaren auzia (eu)

    Sorapediatik

    Aurrekariak: Igareta errota

    Errotaren aintzinako jabeak

    Ertaro bukaeran, XIV. edo XV. mendean eraikia, Soraluzen Igareta errota zen. Baltegieta kalean zegoen edo, zehatzago esateko, Iturburun.

    Errotak bi jabe zituen, Yruretarrak eta Udala. Errota oso diru iturri oparoa zenez, Udalak erdia erosia zuen, prezioak apal mantentzeko.

    Sasoi hartan moturia[1] ordaintzen zen, eta Igareta errotarena 64 libra garauko 3 libra zen; hau da, ia %5a.

    Yruretarrak jaun eta jabe

    1476. urtean Gaztelako Ondorengotzaren Gerra[2] zela eta, Frantziako erregea Gipuzkoan sartu zen Burgoseraino heltzeko asmoz. Probintziak gudarostea eratu zuen aurka egiteko, gizonak eta dirua udalek jarri zituztela.

    Diru faltan, Soraluzeko Udalak Igareta errotaren bere erdia Martin Ybañez de Yrure jaunari saldu zion (Juan Ybañez de Yrure beste jabearen anaia zen). Beraz, Yruretarrak errotaren jaun eta jabe geratu ziren.

    Prezioak gora etengabe

    Udala, herritarrekin arduratuta, hainbat baldintza ezarri zituen salmentan, haietako bat moturiari zegokiona: muga 16 libra garauko libra batean ezarri zuten; hau da, %6,25a.

    Baina Yruretarrek, inguruko errota nagusiaren jabeak zirenez, diru gehiago egiteko aukera ikusi zuten, eta hurrengo urteetan, poliki poliki, Anton Martinez de Yrurek eta Francisco bere semeak moturia 8 libra garauko libra batera igo zuten; hau da, %12,50a.

    Ika-mikak

    1530.ren inguruan ika-mikak izan ziren Udalan. Orduko agintariak, Pero Perez de Arregia buruan, saiatu ziren moturia lehengo mailara jeisten, eta Anton Martinez de Yrurek zakar erantzun zion, halaxe nahi bazuen merkeago kobratuko luketen errota berriak egiteko.


    Ibaizabal errotaren sorrera=

    Yruretarren berbek eraginez, 1534. urtean Pero Perez de Arteaga alkatea zela, Udalak kontratua sinatu zuen herriko bi jauntxorekin, Pero Perez de Arregia eta Juan Garcia de Uribarri, errota berria eraikitzeko Ibaizabal izeneko tokian (gaur egun Olabarrena). Kontutan hartu behar da Yruretarrak lurjabeak baziren, "diru zaharra", bi jauntxo hauek merkatariak ziren, "diru berria".

    Urte berean hasi ziren lanak. Juan de Egoça harginaren arabera, presa eta (zubiaren) zutabeak herri esparruan jaso zituzten, baina errota Juan Garcia de Uribarri jaunaren lurretan eraiki zuten[3].

    Hasiera hasieratik errota berri honek bi erabilera izango zituen, laboreak apurtu (ogi-errota) eta burdina mehetu (“ferrería sotil”).

    Yruretarren kezka

    Yruretarrak ondo kezkatuta zeuden errota berriarekin.

    Alde batetik, beldur ziren presa berriaren urak beren errotaren erretena ez zuen estaliko, lan egiteko orduan errotari traba eginez. Baina, batez ere, konkurrentzia berriak kezkatzen zuen: Soraluzeko Udala errota berriaren bazkide izanik, garbi zegoen moturia apalduko zuela, eta Yruretarren negozioa kaltetuko zela.


    Auzibidean

    Aitzakia: zubiaren euskarriak

    Ibaiaren puntu honetan aspalditik zegoen ibi bat, Eibar aldetik Elgoibar aldera zetozen bidaiari eta merkatariei ibaia zeharkatzeko aukera ematen ziena, herriraino joan gabe.

    Errota berriaren hasierako proiektuak presa soila aurreikusten zen. Baina aurki ikusi zuten presa gainean zubia ezartzeko premia, desagertutako ibia ordezkatzeko. Eta halaxe egin zuten, harrizko lau zutabe sendo eraikiz, gehi alboetako biak.

    Yruretarrak kexu agertu ziren, 18 besabeteko zutabe berriak (7,5 metro) oso kaltegarriak izango zirelakoan. Eta salaketa egin zuten, presa itxi eta gero beraien errotei lau arrako (metro bat) traba egiten ziela.

    Auzia

    Lehen auzian Iruretarrek (Juan Ybanes de Yrure eta Francisco de Yrure) Juan Garcia de Uribarri auzipetu zuten, “Soraluze menpeko Ibaizabal izeneko ibai, ibaiertz eta tokian dauden presa, harrizko eraikinak, burdina mehetzeko burniola eta ogi-errota”[4] zirela eta.

    Besteak beste, Iruratarrek Pero Perez eta lagunei eskatzen zieten ordurateko lan guztiak eraisteko, legeak ez zuela baimentzen errota zaharrei kaltea egiten zieten errota berririkAipamen errorea: Closing </ref> missing for <ref> tag.

    Yruretarrek hainbat arrazoibide aurkeztu zituzten: Pero Perez de Arregiak eta Juan Garcia de Uribarrik errota berria egin zutela Yruretarrekin hasarretuta zeudela; Atoiti eta Ibaizabal ibiak desegin zituztela; errota berriak lurzoru publikotan eraiki zirela; kalte ekonomiko handiak sortzen zizkiela, motaria kobratzerakoan eta arkabuzak barrenatzeko erroberak alogeran ematerakoan; presa berria egin zenetik errotek ez zutela ganoraz lan egiten; proiektua zehatz marraztu beharrean "gutxi gorabehera" egin zutela; etabar etabar.

    Kanpoko adituak ere ekarri zuten, presak eragite zuen kaltea kana erdikoa zela (40 bat zentimetro), eta presa berriaren amaiera goiko errotaren estoldaraino heltzen zela eta, beraz, edozein ufaletan azken hau geratuko zela.

    Baina Soraluzeko beste lekukoek adierazi zutenez, ufaletan errotek ez zutela lanik egiten argitu zuten. Eta Domenja de Loyolak, Igerateko errotan jaiotakoa (1471), azpimarratu zuen ufalek geratzen zituztela Igerateko errotak, eta ez Ibaizabaleko presak.

    Azkenean, Yruretarrek ez zuten eskatutakoa lortu, epaia Pero Perez de Arregia eta Juan Garcia de Uribarriren aldekoa izan zen eta.

    Erreferentziak

    1. Moturia. Errotariek beraien lanaren ordainean hartzen zuten zatia. Debarroko berba da.
    2. Gaztelako Ondorengotzaren Gerra. Wikipedia (euskaraz).
    3. la presa e pilares estan hechos en tierra concegil, pero que los dichos calçes e casa de molino los tiene por tierra del dicho Juan Garcia de Uribarri (Archivo de la Real Chancillería de Valladolid 1534).
    4. "presa y edifiçios de cal e canto e molino de pan moler e de la herrería sotil de adelgazar hierro de la ribera e lugar e río llamado Ybayçabal de la jurediçion de la dicha villa".