Ibaizabal errotaren auzia (eu)

    From Sorapedia
    Revision as of 23:44, 22 March 2023 by Jcao (talk | contribs)
    (diff) ← Older revision | Latest revision (diff) | Newer revision → (diff)
    Igaretako presa, erretena eta errota (Paisajes Españoles 1959)

    Aurrekariak: Igareta errota

    Errotaren aintzinako jabeak

    Ertaro bukaeran, XIV. edo XV. mendean eraikia, Soraluzen Igareta errota zen. Baltegieta kalean zegoen edo, zehatzago esateko, Iturburun.

    Errotak bi jabe zituen, Yruretarrak eta Udala. Errota oso diru iturri oparoa zenez, Udalak erdia erosia zuen, prezioak apal mantentzeko.

    Sasoi hartan moturia[1] ordaintzen zen, eta Igareta errotarena 64 libra garauko 3 libra zen; hau da, ia %5a.

    Yruretarrak jaun eta jabe

    1476. urtean Gaztelako Ondorengotzaren Gerra[2] zela eta, Frantziako erregea Gipuzkoan sartu zen Burgoseraino heltzeko asmoz. Probintziak gudarostea eratu zuen aurka egiteko, gizonak eta dirua udalek jarri zituztela.

    Diru faltan, Soraluzeko Udalak Igareta errotaren bere erdia Martin Ybañez de Yrure jaunari saldu zion (Juan Ybañez de Yrure beste jabearen anaia zen).

    Udala premia larrian egonda, Martin Ibañez de Yrurek oso prezioa ona lortu zuen. Hirurogei urte geroago Udalak gogoan zuen orduko egoera: ...bere bidezko prezioaren erdian baino askoz gehiagotan iruzur egin zion´´[3].

    Modu honetan Yruretarrak errotaren jaun eta jabe geratu ziren.

    Prezioak gora etengabe

    Udala, herritarrekin arduratuta, hainbat baldintza ezarri zituen salmentan, haietako bat moturiari zegokiona: muga 16 libra garauko libra batean ezarri zuten; hau da, %6,25a.

    Baina Yruretarrek, inguruko errota nagusiaren jabeak zirenez, diru gehiago egiteko aukera ikusi zuten, eta hurrengo urteetan, poliki poliki, Anton Martinez de Yrurek eta Francisco bere semeak moturia 8 libra garauko libra batera igo zuten; hau da, %12,50a.

    Ika-mika berok Udalan

    1530.ren inguruan ika-mikak izan ziren Udalan.

    Orduko agintariak, Pero Perez de Arregia buruan, saiatu ziren moturia lehengo mailara jeisten, eta Anton Martinez de Yrurek zakar esan zion, halaxe nahi bazuen merkeago kobratuko luketen errota berriak egiteko. Eta orduan Pero Perez de Arregiak erantzun, agian egingo zutela[4].

    Olabarrenako presa eta ekonomatoa (J.C. Astiazarán 2016)

    Ibaizabal errotaren sorrera

    Yruretarren berbek eraginez, 1534. urtean Pero Perez de Arteaga alkatea zela, Udalak kontratua sinatu zuen herriko bi jauntxorekin, Pero Perez de Arregia eta Juan Garcia de Uribarri, errota berria eraikitzeko Ibaizabal izeneko tokian (gaur egun Olabarrena).

    Biak ala biak herriko jauntxoak ziren eta, Soraluzeko eskribauak izateaz gain, industria eta komertzio gizona izan ziren; "diru berria", alegia. Yruretarrak, aldiz, lurjabeak baziren, "diru zaharra". Eta elkarren arteko ohiko tirabirak izango ziren.

    Urte berean hasi ziren lanak. Juan de Egoça harginaren arabera, presa eta (zubiaren) zutabeak herri esparruan jaso zituzten, baina errota Juan Garcia de Uribarri jaunaren lurretan eraiki zuten[5].

    Hasiera hasieratik errota berri honek bi erabilera izango zituen, laboreak apurtu (ogi-errota) eta burdina mehetu (“ferrería sotil”).

    Yruretarren kezka

    Yruretarrak ondo kezkatuta zeuden errota berriarekin.

    Alde batetik, beldur ziren presa berriaren urak beren errotaren erretena ez zuen estaliko, lan egiteko orduan errotari traba eginez. Baina, batez ere, konkurrentzia berriak kezkatzen zuen: Soraluzeko Udala errota berriaren bazkide izanik, garbi zegoen moturia apalduko zuela, eta Yruretarren negozioa kaltetuko zela.


    Zubiaren euskarriak presa gainean (Landaburu)

    Auzibidean

    Aitzakia: zubiaren euskarriak

    Ibaiaren puntu honetan aspalditik zegoen ibi bat, Eibar aldetik Elgoibar aldera zetozen bidaiari eta merkatariei ibaia zeharkatzeko aukera ematen ziena, herriraino joan gabe.

    Errota berriaren hasierako proiektuak presa soila aurreikusten zen. Baina aurki ikusi zuten presa gainean zubia ezartzeko premia, desagertutako ibia ordezkatzeko. Eta halaxe egin zuten, harrizko lau zutabe sendo eraikiz, gehi alboetako biak.

    Yruretarrak kexu agertu ziren, 18 besabeteko zutabe berriak (7,5 metro) oso kaltegarriak izango zirelakoan. Eta salaketa egin zuten, presa itxi eta gero beraien errotei lau arrako (metro bat) traba egiten ziela.

    Auzia

    Lehen auzian Yruretarrek (Juan Ybanes de Yrure, Francisco Martinez de Yrure eta Anton Martinez de Yrure) Juan Garcia de Uribarri auzipetu zuten, Soraluze menpeko Ibaizabal izeneko ibai, ibaiertz eta tokian dauden presa, harrizko eraikinak, burdina mehetzeko burniola eta ogi-errota[6] zirela eta.

    1536.ko uztailan Pero Perez de Arregia eta bazkideei eskatu zien presa eta errota berriak beren kontura desegiteko, legeak agintzen zuen moduan, presatutako urek goiko errotei ez zietelako lagatzen lana ganoraz egiten[7].

    Bere aldetik, Pero Perez de Arregiak eta Joan Garcia de Uribarrik ere auzitan jarri zituzten Juan Ibañez de Irure eta Francisco de Irure, Ibaizabaleko errota eta presa berriek ez zituztelako inundik inora kaltetzen Juan Ibañez-en errotak ezta herria ere[8].

    1535.eko abuztuak 29an ufal handia izan zen, Igaretako errotak hartu eta geratu zituela. Yruretarrek Pero Perez de Arregia salatu zuten, arazoa Ibaizabal errotaren presak sortu zuelakoan.

    1536.ean Anton de Ezquiagak adierazi zuenez, ufala zela eta Yruretarren errotaren garia eta beste laboreak apurtzeko bi errotarriak trabatu ziren, eta arkabuzak zulatzeko errobera bakarrik geratu zen martxan.

    Azkenean, Udalak lekukoak deitu zituen, ea presa berria eraikitzerakoan legeak bete ziren ala ez jakiteko.


    Valladolideko Erret Entzutegia (M. Guadilla)

    Valladolideko epaia

    Azkenean, auzia Valladolideraino heldu zen, Erret Entzutegiraino hain zuzen[9].

    Iruretarrek, Juan Ibañez eta Francisco, Pero Perez de Arregia eta Jua Gracia de Uribarriren aurka jotzeaz gain, Soraluzeko Udalaren kontra ere jo zuten (1538).

    Yruretarrek hainbat arrazoibide aurkeztu zituzten: Pero Perez de Arregiak eta Juan Garcia de Uribarrik errota berria egin zutela Yruretarrekin hasarretuta zeudela; Atoiti eta Ibaizabal ibiak desegin zituztela; errota berriak lurzoru publikotan eraiki zirela; kalte ekonomiko handiak sortzen zizkiela, motaria kobratzerakoan eta arkabuzak barrenatzeko erroberak alogeran ematerakoan; presa berria egin zenetik errotek ez zutela ganoraz lan egiten; proiektua zehatz marraztu beharrean "gutxi gorabehera" egin zutela; etabar etabar.

    Kanpoko adituak ere ekarri zuten, presak eragite zuen kaltea kana erdikoa zela (40 bat zentimetro), eta presa berriaren amaiera goiko errotaren estoldaraino heltzen zela eta, beraz, edozein ufaletan azken hau geratuko zela.

    Baina Soraluzeko beste lekukoek adierazi zutenez, ufaletan errotek ez zutela lanik egiten argitu zuten. Eta Domenja de Loyolak, Igerateko errotan jaiotakoa (1471), azpimarratu zuen ufalek geratzen zituztela Igerateko errotak, eta ez Ibaizabaleko presak.

    Azkenean, Yruretarrek ez zuten eskatutakoa lortu, epaia Pero Perez de Arregia eta Juan Garcia de Uribarriren aldekoa izan zen eta.


    Erreferentziak

    1. Moturia. Errotariek beraien lanaren ordainean hartzen zuten zatia. Debarroko berba da.
    2. Gaztelako Ondorengotzaren Gerra. Wikipedia (euskaraz).
    3. ...fue engañado en mucho más de la mitad del justo presçio (Soraluzeko Udal Artxibategia Estritura Publikoen Errejistroa 1537/01/09).
    4. en dos o tres ayuntamientos, hubo diferencias con Anton Martinez de Yrure por ello. E el dicho Yrure, respondio a Pero Perez de Arreguia, que hiziese el molinos nuevos donde con menos derechos moliesen, y el dicho Arreguia, le respondio que quiza ellos los habian de hacer (Soraluzeko Pribilegioen liburua 1534).
    5. la presa e pilares estan hechos en tierra concegil, pero que los dichos calçes e casa de molino los tiene por tierra del dicho Juan Garcia de Uribarri (Archivo de la Real Chancillería de Valladolid 1534).
    6. presa y edifiçios de cal e canto e molino de pan moler e de la herrería sotil de adelgazar hierro de la ribera e lugar e río llamado Ybayçabal de la jurediçion de la dicha villa (Soraluzeko Udal Artxibategi Historikoa 1537).
    7. ...el dicho Pero Perez y sus consortes están obligados a demoler a su costa las obras realizadas porque expresamente dispone la ley que no se aga nuebo molino en perjuyzio ni danno de otro primero porque el río y bado público es a todos común, redundando como redunda a mis partes mucho perjuyzio y danno con la reponpa que aze la dicha presa porque sube en tanto grado que detiene y retrasa el bado y curso de la agoa de los dichos molinos primeros y en tal caso proybe la ley espresamente disponiendo lo siguiente: debe ser fecho tal molino de manera que el corrimiento de la agoa no se enbargue al otro primero más que la aga libremente según que era de antes acostumbrado a correr (Soraluzeko Udal Artxibategi Historikoa 1536/07/21).
    8. (Soraluzeko Udal Artxibategia 1536).
    9. Real Audiencia y Chancillería de Valladolid.