Osintxuko ibilbidea (eu)

    Sorapediatik

    Ibilbide honek Soraluzetik Mekolalderaino eruango gaitu, trenbide zaharraren plataforma erabiliz.

    Soraluze-Mekolalde tarte hau etorkizuneko Debako bidegorriaren zatia da, apurka egiten ari dena. Tarte honetaz gain gaur egun Elgoibar-Maltzaga, Bergara-Eskoriatza eta Oñati.Elorregi (San Prudentzio) tarteak eginda daude, eta Maltzaga-Eibar, berriz, lanetan.

    Mapa kargatzen...


    Soraluzeko hegoaldea

    Soraluzeko aspaldiko tren geltokitik irtengo gara, barne zeharbidetik Osintxu aldera. Metro batzuk egin eta gero ezkerrera hartuko dugu, trenbide zaharretik.

    Metro batzuk aurrerago Oleako antepara ikusteko aukera izango dugu, gaur egun erabiltzen ez dena. Antepara hau betetzeko Keixeta erreka erabiltzen zen, bertatik pasatzen dena.

    Aurrerago, Deba ibaiaren beste aldean Txurruken auzunea agertzen da, eta atzean Salon eta Salonazpi baserriak, eta Sologoen industrialdea.

    Aurrerago 1910 hamarkadan zulatutako Arkaitzeko tunela albo batean utziko dugu, trenbidearen jatorrizko trazadura, 1888 urtekoaa, erabiltzen. Handik metro batzutara, ezkerrean, Arkaitz baserria zegoen. Arkaitz baserri hau burdinola izandakoa da.

    Ostean Mendizabal industrialdearen ondotik pasatuko gara. Industrialdea trenbidea eta Deba ibaiaren artean dago. Ibaiaren beste aldean, berriz, Sologoeneko zentrala ikus daiteke.

    Industrialdea bukatzerakoan, ezkerrean, Zuloaga baserria ikusiko dugu. Deba ibaiaren beste aldean, berriz, Irukurutzetako biribilla berria dago.

    Handik aurrera, hainbat metrotan, ibaiaren beste aldean, Sologoeneko zentraleko erretena ikus daiteke. Hurrengo errebueltan, Soraluzeko mugan bertan, Egotza baserrirako errepidea dago. Puntu horretan Bolu errota izan zen, trenbidea egiteko bota zutena.


    Osintxu

    Egotza errekak markatzen du Soraluze eta Bergara udalerrien arteo muga. Punto honetatik aurrera Osintxuko lurretan sartzen ari gara.

    Deba ibaiaren beste aldean Mugarri baserria dago. Bertakoa zen Paula Alberdi (Paulita), kolpeen kontrako ukenduengatik oso estimatua. Aspaldian kontatzen zutenez, Mugarri baserriko txabolan sorginak biltzen omen ziren.

    Osintxuko saihesbide azpitik pasako gara (iparraldeko muturra), eta aurrera egingo dugu. Metro batzuetara, Deba ibaian, Sologoeneko presa agertuko da, Sologoeneko zentralendako ura biltzen duena.

    Osintxu auzunera gerturatzerakoan, Muskiritsu errekaren ezkerrean Bolu eta Bolu-barri baserriak agertzen dira. XIX mendean Muskiritsu erreka honek Irukurutzeta-Kortatzar mendilerro osoari izena ematen zion: Muskiritsu mendia.

    Erreka zeharkatu eta Debaren bestekaldean Osintxu auzunea ikusiko dugu, eliza eta guzti.

    Osintxutik aurrera, trenbide naharren eta ibaiaren artean, Soraluce kooperatibaren lantegia topatuko dugu.


    Mekolalde

    Soraluceko lentegia atzean laga eta gero Osintxuko saihesbidearen hegoaldeko muturraren azpitik pasako gara.

    Beste ehunka metro egin ostean Mekolaldeko geltokiko trenbide hondatzara helduko gara. Gaur egun ez da aztarnarik geratzen, toki handi laua baizik. Geltoki honetan Maltzagatik zetozen trenak banatzen ziren, zati bat Zumagarrara joateko (goiko trena: Ferrocarriles Vascongados) eta bestea Gasteizera (beheko trena: The Anglo-Vasconavarro Railroad Company).

    Puntu honetan bukatzen da Osintxuko ibilbidea, baina nahi izan eta gero aurrera joan daiteke trenbide hauek jarraitzen.


    Irudiak

    Ondorengo argazkiak Bahnstrassenradwege: Antzuola-Soraluze lehengo trenbidetik web orrialdetik hartuta daude eta, beraz, ibilbide honen kontrako ikuspegitik aterata daude (hau da, Mekolalde >> Soraluze).

    (handiago ikusteko, sakatu gainean)


    Erreferentziak