Pedro de Placencia (eu)

    From Sorapedia
    Revision as of 20:36, 31 July 2022 by Jcao (talk | contribs)
    (diff) ← Older revision | Latest revision (diff) | Newer revision → (diff)
    Pedro de Placencia
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio XV mendea
    Hil XVI mendea
    Profila Maisu hargina
    Kontratista militarra


    Bizitza

    Pedro de Placencia hargina zen, soraluzetarra. XV eta XVI mende artean bizi zen.

    Jatorrizko abizena ez zen Placencia izango, segururena. Baina Soraluzetik irtenda Nafarrora joan zenez, bertan abizena aldatuko zioten jatorria adierazteko: Pedro de Placencia.

    Pedro de Placenciaren sinadura (1517)

    Aragoiko Fernando erregeak Nafarroa konkistatu zuenean (1512), Hastategi tontorrean Fortaleza del Peñón de San Juan de Santa María izenekoa eraiki zuten. Pedro de Placencia izan zen bertako maisu hargin bat, garrantzitsuena agian.

    Iruñan gordetzen diren agirien arabera, 1516 urterako Hastategin zegoen lanean, eta Iruñeko Juan Rena arduradun nagusiari hustuketak bidaltze zizkion[1].

    Lanak eskuratzeko Pedro de Placenciak fidatzaile bat aurkeztu izan behar zuen, Juan Pérez izenekoa. Honek, Pedro de Placenciaz gain, beste hargin batzuren lana bermatzen zuen. Pedro de Placencia bertako maisu hargin nagusienetakoa izango zen, ze 1517ko abuztutik aurrera Juan Pérez honek Pedro de Placencia bakarrik babestu zuen, gainontzeko hargineei bermea kenduz[2].

    Pedro de Placenciaren gutuna (1517)

    Hurrengo urtean ordainketa batzuk egin zioten[3]. Eta 1517ko urrian 29.200 marabedi ordaindu zioten, 31 horma egiteagatik[4]. Hilabete geroago, urte bereko azaroan, beste 390 dukat ordaindu zioten 39 hormengatik[5] Baliteke aurreko ordainketa berbera izatea?

    Azkenik, azaro hartan Pedro de Placenciak beste kontratu sinatu zuen, “kare eta harrizkoak beste 50 horma” egiteko[6].

    Lan honetaz gain, ez da Pedro de Placenciaren beste arrastorik gordetzen.


    Ondorengoak

    Dena dela, hurrengo berrehun urtetan badaude Placencia izenekoak Nafarroako agirietan, segururena Pedro de Placenciaren ondorengoak.

    Esateko, 1550ko hamarkadan Zangozan beste Pedro de Placencia agertzen da, “el castellano” gaitzizenarekin. Kontutan hartuta Pedro de Placencia soraluzetarra gaztelarrekin Nafarroara etorri zenez, oso litekeena da haren semea izatea.

    Baina adar luzeena Garesekoa da. 1550-1690 artean Placencia abizena duten hainbat lagun agertzen dira: Juan (galtzagile), Miguel, Pedro, Juan eta Juan Antonio (kandelagile).


    Hastategi hegoaldetik (Rafael Bartolomé 2008)

    Hastategiko gotorlekua: Chateau-Pignon

    1512 urtean Aragoiko Fernando Katolikoaren gudarosteak, Albako dukearen agindupean, Nafarroa osoa konkistatu zuen, Benafarroa barne.

    Nafarroako erregeek, Albret-eko Juan IIIak eta Foix-eko Katalinak, Biarnoko beren lurretara ihes egin behar izan zuten. Urte hartan bertan, eta 1516 urtean berriro ere, erresuma berreskuratzen saiatu ziren, baina alferrik.

    Bitartean, eta erasoei eusteko, Albako dukeak Nafarroaren defentsarako gotorlekuak antolatzea erabaki zuen, eta horretarako Juan Rena izendatu zuen, eta Pedro de Malpaso lanen maisu aztertzailea izan zen. Beraien ardura aldekoen hiri eta gaztelu batzuk berreraiki (Iruñako gotorlekua, Santiagoko monastegia, Ilunberri, Amaiur…), kontrakoenak bota eta berriak jasotzea zen.

    Gotorleku berri hauetako bat Orreaga inguruan eraiki zuten, Donibane Garazitik hegoaldera zetorren bide zaharraren gainean, Hastategi[7] mendi tontorrean (Eiheralarre udalerrian): "Fortaleza del Peñón de San Juan de Santa María" izenekoa. Oso litekeena da aurretik beste eraikinen bat bertan egotea, baina ez da ezer gordetzen.

    Lanak oso goiz hasi zituzten (1513), eta 1521 urtean oraindik konponketak egiten ari ziren. Dena dela, alperrik hartu zituzten lan guztiak, ze 1521 urteko udaberrian Albret-eko Juan-aren gudarostea Nafarroan sartu zen, nafarrak altxatzen ziren bitartean, eta hamabost egunotan Nafarroa osoa hartu eta Logroño bera setiatu zuten.

    Ez zen asko iraun garaipena: udan Carlos V-ak eraso zuen atzera eta, urtebete geroago, 1522ko uztailak 22an, Amaiur gazteluak amore eman zuen.

    Chateau-Pignonen konkista Konbentzioaren Gerra

    Hurrengo urteetan gaztelarrek Benafarroa ere konkistatu zuten, eta galdu, eta hartu, eta galdu... azkenean nafar erregeen eskutan geratu zen, eta harekin "Peñón de San Juan de Santa María" gotorlekua ere. XVI mende bukaeran (1596) Nafarroako Enrike IIIa Frantziako Enrike IV bilakatu zenean, frantsesek erabili zuten gaztelua: "Château Pignon" esan zioten.

    Azkenik, Konbentzioaren Gerra (1793-1795) sortu zenean, Ventura Caro jeneral espainiarrak, bere 4.000 soldaduekin, eraso zuen gaztelua; Frantziak 4.500 bat soldadu bialdu zituen defendatzeko. Azkenean, espainiarrek Chateau-Pignon hartu, zeharo desegin eta atzera bueltatu ziren.

    Gaur egunean ondarrak besterik ez dira geratzen. 2014 eta 2015 urteetan Eusko Arkeologia elkarteak miaketa arkeologikoak egin zituen[8].


    Kokapena

    Hastategi tontorra Benafarroan dago, mugatik bizpahiru kilometrotara. (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Erreferentziak