Placencia abizena (eu)

From Sorapedia
Jump to: navigation, search
Placencia abizena
Placencia armarria.jpg
Mota Abizena
Kokapena Soraluzetik mundura


Placencia abizenekoek bi jatorri mota dituzte. Alde batetik, Aro Modernoan herritik alde egiterakoan abizena aldatu zutenak/ zietenak. XIX mendetik aurrera, berriz, komentuko tornuan edo elizatarian lagatako umeak eta beren ondorengoak.


Herritik alde egindakoak: kanpoko Placenciatarrak

Aspaldian, abizenek norberaren jatorria (jaiolekua) erakusten zuten, ez familiarena. Hau da, anai-arrebek abizen desberdina izan zezakeen, bata halako tokian jaio izan balitz eta anaia edo arreba beste toki desberdinean. Ez zen ohikoa, baina uste baino gehiagotan ematen zen.

Eta, askotan, abizenek herritik kanpo esanahia galtzen zuten, eta aldatzen ziren. Esateko, Soraluzen Pedro de EzDakitZer zena 1512 urtean Iruñera lan egitera pasa zen, eta abizena Pedro de Placencia aldatu zuen (edo zioten): nafarrentzat abizen berriak Pedroren jatorria hobeto adierazten zuen zaharrak baino.

Horregatik, agiri zaharretan Placencia abizena beti agertzen da Soraluzetik kanpo. Aro Modernoan, Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan[1] Placencia abizeneko 82 lagun aipatzen dira, baina bakar bat ez da Soraluzen agertzen (bataioa, ezkontza edota heriotza). Honela banatzen dira:

Mendea Aipamenak Kanpoan
jaioak
Jatorri
ezezaguna[2]
XVI mendea 44 29 15
XVII mendea 31 19 12
XVIII mendea 7 5 2
Guztira 82 53 29

Ikus daitekeenez, denborak aurrera egin ahala kopurua jeisten ari da: herritik gero eta jende gutxiago irten zen, edota irtetzerakoan abizena gordetzen zuten, edota aurretik irtendakoek ez zuten ondorengo nahikorik sortzen...

Placenciatarrak ez ziren asko sakabanatu Gipuzkoan, gehien bat Debagoienan agertzen dira eta: Oñati (35), Arrasate (16) eta Bergara (9).

Honetaz gain, Placencia izeneko gehiago agertzen dira Gipuzkoan (Donostia, Mutriku, Azkoitia, Azpeitia), Bizkaian (Bilbao, Begoña, Elorrio, Markina, Mundaka, Plentzia), Araban (Gazteiz, Otaza de Barrundia, Guardia), Nafarroan (Eiherelarre, Zangoza, Gares)... baina oso gutxi beti.


Soraluzeko lehen Placenciatarra

Francisca Placencia Yssa izan zen Soraluzeko agirietan agertzen den lehen Placenciatarra. 1725 urteko ezkontza liburuan agertzen da, 1725/09/03an Joseph Echaniz Badiola jaunarekin ezkondu zenean.

Hurrengo urtean (1726) Josepha Joachina Echaniz Placencia jaio zen Soraluzen, lehen alaba. Baina aurki Elosua aldera joan ziren, hurrengo hiru seme alabak bertan jaio ziren eta: Maria Rosa (1729), Joseph Lorenzo (1731) eta Maria (1734). Maria Josepha azken alaba, berriz, Azkoitian bataiatu zuten (1738).

Francisca bi urtetara hil zen, Azkoitian bertan, 1740ko urriak 4an.


Tornukoak: herriko Placenciatarrak

Sasikumeak[3] aurrera etaratzea ezin denean, edo nahi ez direnean, bi aukera izaten ziren: beste familia bati ematea, edo inork jasotzeko lagatzea. Azken horretarako eliz atariak edota komentuko tornuak maiz erabili izan dira. Ohitura hori betidanik dator, baina XVIII mende bukaeran beste ohitura gehitu zitzaion: herriko izana abizentzat ematea.

Modu honetan, Soraluzen jaiotako Placenciatarrak sasikumeak izaten ziren: lehen kasua 1745koa da (Maria COncepción Placencia), eta 1797tik aurrera beste 16 kasu jasotzen dira, azkena 1850 urtekoa, Vicente Placencia.

Gaur egunean Soraluzen eta inguruan bizi diren Placenciatar gehienak José Aniceto Placencia (1823-1900) dute sorburua. Soraluzen jaio zen, eta 1844ko uztailak 29an bi urte gazteagoa zen Juana Josefa Artolazabal Elosegui soraluzetarrarekin ezkondu zen. 10 seme alaba izan zituzten.

Horietatik Ezekiela alaba Pedro Galarragarekin ezkondu, eta 9 seme-alaba izan ziztuten; Rufo José semea, berriz, Bernabea Arluciaga Garitanorekin ezkondu zen, eta 8 seme alaba-izan zituzten; Maria Petra alaba, berriz, Felipe Larrea Aldazabal jaunarekin ezkondu zen, eta 6 seme alaba izan zituzten.

Abizenaren jatorria galduta badago Placencia familia gehienentzat, batzuek oraindik gordetzen dute halako memoria: sei belaunaldiren ostean, familia baten esaten da karlistada batean herriko mendietan gudariek ume txiki bat topa zutela; zein zen galdetuta, umeak izena bai, baina abizena ez zekien, eta horregatik Placencia jarri omen zioten.


Mendikute jauregia
(Pilar Rivera 1997)

Abizenaren armarria

Noizbait Placencia abizeneko adar batek armarria onartaraztea lortu zuen.

Armarria lau koarteletan (zatitan) antolatuta dago. Lehena eta laugarrena, gules (gorria) esparruan zilarrezko dorrearekin; bigarrena eta hirugarrena urrezko esparruan sinopleko (berdea) zuhaitza eta enbor azpian sablezko (beltza) basurdearekin.

Armarri hau, edo antzeko bat, XItik XIV mendera agertu zen, batez ere Orreagako kolegiataren eliza eta etxea eraikitzerakoan.

Gaur egun Mendikute dorretxean ikus daiteke: ertz batean armarri barrokoa eta kuartelatu ederra du, harehirrian zizelatua dagoena; Placencia abizenari dagokio, Areizaga baroiaren ezkontidearena.

Honek ez du esan nahi armarri hau Placenciatar guztiei dagozkiela, armarria onartarazi zuen adarrari baizik.


Bibliografia

  • Nobiliario Español, Diccionario Heráldico de Apellidos Españoles. Julio de Atienza. Editorial Aguilar (1959). 627 orrialdea.
  • Diccionario Heráldico y Nobiliario de los Reinos de España. Fernando González–Dória. Editorial Bitácora. 703 orrialdea.
  • Diccionario Heráldico y Genealógico de Apellidos Españoles y Americanos. Alberto y Arturo García Carrafa. 70 liburuxka, 172 orrialdea.
  • Diccionario Onomástico y Heráldico Vasco. Jaime de Querejeta. IV liburuxka, 83 orrialdea.


Erreferentziak

  1. Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa. Bilatu aurkibide sakramentalak.
  2. Soraluzekoak edo kanpokoak ziren ez dago jakiterik.
  3. Ezkontzatik kanpo ekarritako umeak.