Santa Maria la Real eliza. Historia (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak) (Orria sortu da. Edukia: thumb | right | 400px | Aurreko elizaren balizko aztarnak ==Aurreko eliza==...)(r)en berrikusketa, ordua: 02:26, 23 urtarrila 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
    Aurreko elizaren balizko aztarnak

    Aurreko eliza

    Soraluzeko parrokiari buruzko lehen berriak herriari buruzko 1267ko dokumentu batekoak dira: agirian herri zaharrean monastegi bat zegoela eta bere patronatua Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak zeukala esaten da; urte horretan, erregeak Elgoibarko Olasotarren Etxeko Jaun zen Lopez de Ganboari eman baitzion. Patroiak elizari laguntza eman behar zion, premia zenean; ordainetan, bertako abadeak izendatzeko eskubidea zuen eta, batez ere, urtero urtero bertako errentak kobratzekoa.

    Gaur egungo tenpluaren eraikitze lanak XVI mendean hasiak dira (erdiko habeartea, absidea eta gangak), eta baliteke, gehienetan gerta ohi den bezala, hasierako elizaren kondarren gainean egitea: elizaren oinetako ezkerreko aldean, Labana izeneko tokian hain zuzen, eraikin zaharrago baten aztarnak agertzen dira.


    Lanen hasiera

    Ezaguna da 1532an Martin de Igarza maixuak traza bat burutu zuela eta urte batzuk geroago, Pascual de Iturriza, 1538tik 1544era bitartean eliza honetako lanekin erlazionaturik agertzen denak, beste traza bat eman zuela, 1541ean hain zuzen. Badirudi Kontzejuko partaideen artean eztabaidak izan zirela traza bat aukeratzeko orduan, azkenean ordea, Pascual de Iturrizarena hautatu zen Geometria artean maixu zelako.

    Lau ataleko nabe bakar eta abside poligonaleko saloi-oinplanoko eliza diseinatu zuten. Nabe nagusia gurutze-gangarekin estaltzen da. Lanak kapera nagusia edo absidetik hasi ziren, nabe nagusiarekin jarraituz. Murruak harlanduzkoak dira, kontrahormekin kanpotik. Gangaren euskarriak gotiko estiloan hasi bazuten ere, metro batetik gora estilo errenazentistan jarraitu zuten.

    Errekurtso ekonomikoak urriak zirela dirudi 1540eko hamarkadako dokumentu batzuen arabera eliztarrek konpromezua hartzen baitute elizako lanetarako dirua mailegatzeko. Beste dokumentu batzuen bitartez berriz, maiordomoek beren buruak maileguen zenbatekoa ordaintzera behartzen dituzte.


    Patroiari diru eske

    Elizako patroiarekin ere, Olasoko Jaunarekin, arazoak izan ziren: patroiak elizaren "hamarrekoak" kobratzen zituen, eta ezer gutxi lagatzen zuten lanekin jarraitzeko. Soraluzeko Udalak auzia hasi zuen 1545 urtean, baina ezer gutxi lortu zuen. Urte batzuk geroago, 1606 urtean, Gipuzkoako korrejidoreari, Juan del Espinar lizentziatuari, parte hartzeko eskatu zion[1].

    Juan del Espinarrek azaldu zuenez, lanak geldi zeuden aspaldi. Elizaren burualdea bukatuta eta itxita bazen ere, sarrera aldeko hormak erdiraino altzata ziren. Egoera arriskutsua zen, haizearekin teilatuko olak erortzeko arriskua zegoelako; eta gainera, euri egunetan ez zegoen inolako babesik.

    Ostera, Kalagorriko apezpikuak lanak bukatzeko aurrekontua egin zuen (hormak bukatu, gangak eraiki, teilatua eman, dorrea jaso...), baita eliza barrutik osatzeko ere (erretaula nagusia, apaingarriak, eliz jantziak...). Gainera, elizaren diru sarrerak era Diego de Avendaño patroiak sakeleratzen zituenak ere aztertu zituen.

    1607an epaia eman zuten, patroiaren kontra. Honek hogeitamar urtetan "hamarrekoen" herena eman behar zion elizari, eraikitze lanetan erabiltzeko; eta honetaz gain abadeen soldatak eta mantenua lehengo moduan ordaindu behar zituen. Avendaño jauna kontra agertu zen, eta errekurtsoa aurkeztu zuen, baina alferriz izan zen: 1612 urtean behin betiko ebazpenak aurrekoa berrestu zuen eta.


    Lanen berpiztea

    Korrejidorearen esku-hartzeari esker diru arazoak konpondu ziren. 1632erako eliza berria bukatuta zegoen, orduan alboetako habeartetan kaperak eraiki zituzten eta (Juan de Esnaola Ybaiguren). Erretaula nagusia ere (XVIII mendean erre zena) urte hauetakoa zen.

    Zurezko atrioa edo elizataria 1666 urtean eraikia izan zen, Antonio de Aziondo Debako arotz-maixuaren trazari jarraituz. Bere piezen taila eta dekorazioa Pedro de Aldazabal, herriko tailistak, burutu zuen, eta badirudi hartutako obligazioak gainditu ere egin zituela. Elizatariaren burdinsarea Antonio Fernandez de Betolaza, Elgoibarko forjariak egina da. Gipuzkoako bakarra da oparo tailaturiko bere egurrezko estrukturak duen balioarengatik, eta pilare eta habeen lantzeari dagokionez parerik ez du eta.

    1686an dorrea eraikitzen hasi ziren (Juan de Aranzeta). Hurrengo mendean (1715) koru berria egin zuten. Korua eusten duen arku eskartzano ederra barrokoko estiloarekin landutako harearrizkoa da (Antonio de Anguiozar).


    Konponketak

    XVIII mende bukaeran, erretaula erre zela eta, Ventura Rodriguez arkitektoak diseinatutako erretaula neoklasikoa eraiki zuten, horretarako absideko horma zulatuz eta kamarina eginez.

    XIX mendean, berriz, eliz atariak kalte handiak jasan zituen, eta ia erdia berreraiki behar izan zuten. Baina ez zuten lehengoaren berdina egin: apurtutako pieza asko ebaki eta egituraren beste lekuetan jarri zuten, aurreko erdiko zutabea ordezkatzeko harrizko kolumna toskanoa jarri zuten eta, azkenik, teilatuaren forma aldatu zioten.

    XIX mende bukaera eta XX mende hasieran epistola aldeko kaperen gainean aretoak eraikitzen joan ziren. Igotzeko eskilara Vera Cruz kaperaren atzekaldean zegoen.


    1950ko hamarkadaren lanak

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    Gerraosteko susperraldi ekonomikoa hasi zenean, Santa Maria la Real elizan hainbat aldaketa eta hobekuntza egiteko aprobetxatu zuten.

    Eliza ondoan Soraluce zinema eraiki zutenean, azpian sakristia berria eta bulegoa antolatu zuten, eta kaperen gaineko teilatuak kendu eta porlanezko terraza ureztatuekin ordeztu zituzten, hegoaldekoa zein iparraldekoa. Urte haietan Frontoiko aldapa egin zenez, azpian airezko berogailuaren kaldera-gela ezarri zuten.

    Barrutik ere elizaten itxura hobetu zuten, beti garaiko estiloa jarraituz: zorua terrazoz osatu zuten, aurreko sepulturak estaliz; erretaula nagusiko azpikaldean bi medailoi handi jarri zituzten, Jesusen eta Mariaren Bihotzak irudikatuz; eta, azkenik, berpizkunde garaiko pulpitu zaharra kendu eta presbiterioan marmolezko bi jarri.

    Sakristia zaharra libre zegoenez, bertan Santa Barbara kapera berria sortu zuten. Eta dorre barrua antolatu zuten bataiategi berria eta korurako eskilara jartzeko.

    Hurrengo hamarkadan kanpandorreko lau erlojuak jarri zituzten, eta aldare osteko ekisaindua edo ostensorioa kendu zuten, meza jendeari begira eman ahal izateko.


    Zaharberritzea

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    XX mende bukaeran Soraluzeko eliza oso egoera txarrean zegoen. Alde batetik, burualdetik hezetasuna gogoz sartzen zenez (gogoratu Buztina izenekotik errekatxoa pasatzen dela), pareten eta erretaula nagusiaren margoak desegiten ari ziren. Teilatuetan ere itokinak ziren. Eta gainera, habe nagusiak brintzatuta zirenez, gangen gainera etorriak ziren, teilatuko pisu guztia bertara pasatzen: gangakapurtzeko arrisku handia zegoen.

    Eliz ataria ere ez zegoen hobeto. Itokinez beteta egoteaz gain, egurra oso kaltetuta zegoen ehundaka urteetako eguraldia jasan eta gero. Istalazio elektrikoa ere ez zen batere segurua, edozein momentuan sutea sortzeko arriskua zegoen eta.

    Hainbat saio egin ondoren, azkenean eliza hiru fasetan zaharberritu zuten, batez ere arrazoi ekonomikoengatik. Eta larritasunak markatu zituen lehentasunak:

    • Lehengo fase batean (1983-1986) eliz ataria zaharberritu zuten, egoera txarreko piezak eta latak ordezkatuz lehen eta ondoren erreteilatuz eta euriurak kanalizatuz.
    • Bigarren fasean (1999-2002) kanpoko aldeari ekin zioten: drenatze lanak, teilatuak eta dorrea batez ere.
    • Hirugarrenean (2003-2008), berriz, barrualdea zaharberritu zuten. Fase honen arkitektoak Xabier Barrutieta eta Gudiker Beaskoa izan ziren[2].

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Erreferentziak

    1. El atrio de la iglesia de Placencia de las Armas, Soraluze. Ramiro Larrañaga (1987)
    2. Reforma iglesia Sta Maria la Real de Soraluze. Xabier Barrutieta y Gudiker Beaskoa, arquitectos.