Eliz ataria (eu)

    Sorapediatik
    Eliz ataria
    Santa Maria la Real parrokia. Elizataria 01. Arantza Cuesta Ezeiza.jpg
    Estiloa Berpizkunde/ barrokoa
    Mendea XVII (1666)
    Kokapena Santa Maria la Real eliza
    Mota Eraikina


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Azalpena

    Eliz ataria elkartutako bi laukik osatzen dute. Bata, elizaren aurrekaldean estaltzen duenak, 24,5 metro ditu eta beste 10 bat fondoko; besteak, ezkerreko aldekoak, 7 x 8 metro.

    Zorua, berriz, hiru mailatan dago: eliza aurrean bi maila daude, behekoa eta goikoa, batetik bestera pasatzeko harmailez osatutako hiru eskilara dituela. Hirugarren maila ezkerreko aldeari dagokio, aurreko bien tartekoa.

    Eliz atari osoa gaztain egurrez eginda dago. Teilatua kanpoko zutabeetan eta elizaren paretetan eusten da. Gainera, egurrezko beste hiru zutabe ditu barrukaldean.

    Zutabe, habe, mensula, tornapunta, zapata... Egitura osatzen duten pieza gehienak oso ondo landuta daude: orriak, lorak, fruituak, marrazki geometrikoak... denetara landutako piezak 200 inguru dira. Estiloa garaiari dagokiona baino zaharragoa da, berpizkunde garaiko kutsua du.

    Eliz atarian erdialdeak, habe batean landuta agertzen da urtea: ANNO 1666.

    Zutabe gehienak jatorrizkoak dira, egurrezkoak. Aurrekaldean bat falta da, harrizko kolumna batez ordezkatua, eta ezkerraldean beste bi zutabe ordezkatu ziren harrizko zutabeekin. Ordezkatutako piezak berrerabili ziren konponketak egiteko.

    Elizaren ataria kultur ondasun kalifikatu izendatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren 1984ko uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez.


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Paretan, aurreko eliz atariaren aztarnak (J.C. Astiazarán 2017)

    Historia

    Soraluzeko eliza XVII mende hasieran bukatu zuten. Eta ataria edo atariak egingo zizkioten, hormetan aztarnak agertzen dira eta, bai aurreko etxaurrean zein Labana izeneko tokian.

    Hala ere, 1665 urte hasieran Calahorrako apezpikuari eliz ataria egiteko eskaera egin zioten, eguraldi txarrarekin prozesioak egin ahal izateko eta bataioetan umeak atera etaratzeko:

    ...Eliza ataririk gabe dago, eta horren beharra du, hain zuzen ere, ohiko prozesioak egiteko, euria eginez gero apaindurak galtzen direlako eta debozioa beharrean lotsagabekeria sortzen delako, baita bataioetan haurrak atera ateratzeko ere, eta bere baimenarekin aterpe eta harmaila estaliak egin daitezen, elizaren ondasunetik behar dena gastatuz[1].

    Apirilean heldu zen Logroñotik baimena eta, proiektua Debako Antonio de Anziondo arotzak aurretik eginda zuenez, maiatzean lanak lizitatu zuten, garai hartan egiten zenez puesta en candela y almoneda. Bergarako, Elgoibarko eta Debako arotzak agertu ziren, baina laugarren lizitazioan Soraluzeko Pedro de Aldazabal arotzak eskaintza onena egin zuen: 2.075 erreal.

    Lehengaiak ere lizitatu ziren; Martín Ruiz de Aguirre eta Andrés de Beiztequi Egoza egurrarekin arduratu ziren, Frantziako Larrasou-ko Pedro de Irazabala teilekin eta Elgoibarko Antonio Fernández de Betolaza errejekin.

    Lanak urte hartan hasi eta hurrengoan bukatu ziren. Eliz atarian erdialdeak, habe batean landuta agertzen da urtea: ANNO 1666.

    XIX mendean, berriz, eliz atariak kalte handiak jasan zituen, eta ia erdia berreraiki behar izan zuten. Baina ez zuten lehengoaren berdina egin: apurtutako pieza asko ebaki eta egituraren beste lekuetan jarri zuten, aurreko erdiko zutabea ordezkatzeko harrizko kolumna toskanoa jarri zuten eta, azkenik, teilatuaren forma aldatu zioten.


    Zaharberritzea

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    (handitzeko, sakatu gainean)

    Urteekin eliz atariaren egoera gero eta makalagoa zen. Alde batetik, XIX mendean erdia erori zen, eta berreraikitzerakoan hainbat pieza lekuz aldatu zituzten, beste batzuk apurtu berriro aprobetzatzeko, harrizko zutabea toskanoa erdi-erdian jarri... Honetaz gain, ezin dira ahaztu gainontzeko kalte txikiak: egur zatiak galduta (berez edota nahita), pipiak egindako zuloak, indar kableak edozein modutan jarrita, umeek egindako sute txikiak...

    Eta hirugarren mendeurrenean, 1966 urtean, zahar berritzeko eskaerak hasi ziren; ez bakarrik herrikosemeak, kanpokoak ere: Luis Pedro Peña Santiago (1966 eta 1972 El Diario Vascon), Juan San Martin (1.975 Hoja del Lunesen), Iñaki Linazasoro (La Voz de Españan).

    Eta proiektua martxan jarri zen. Orduko alkateek (Alberto Lersundi, Gonzalo Akizu eta Jesús Mari Akizu) gaia bultzatu zuten, eta Gustavo Kraemer Koeller jaunak, Arte Ederretako katedradunak, proiektua idatzi eta zuzendu zuen.

    Egur lanak, berriz, Iñaki Itxasoi (Ignacio de Miguel) jaunak egin zituen. Lehenengo lana, 1.979 urtean, eliz atariaren maketa egitea izan zen. Gero, eliz atari osoa desmontatu, piezaz pieza osatu eta tratatu, falta ziren piezak landu, eta berriro montatu.

    Zaharberritze lanek hiruzpalau urte iraun zuten, eta 1983 urtean inauguratu zen eliz atari berria.


    Erreferentziak

    1. ...la dicha iglesia se halla rasa y sin portalada, de la cual precisamente necesita para hacer las procesiones que se acostumbran, porque lloviendo se pierden los ornamentos y se causa indecencia sin devoción, y también para los bautizos que se sacan los niños a la puerta, y con su licencia se haga la dicha portalada y gradas cubiertas, gastando lo necesario para ello de los bienes de dicha iglesia.