Udal frontoi estalia (eu)

    From Sorapedia
    Revision as of 08:18, 21 July 2020 by Jcao (talk | contribs)
    (diff) ← Older revision | Latest revision (diff) | Newer revision → (diff)
    Ikuspegi orokorra

    Kokapena

    Sasoi bateko errebote-frontoiaren eremu txikian, Frontoi kalean.


    Historia

    Errebote-frontoia ahaztuta

    XVIII mende bukaeran errebote-frontoia egin zuten Soraluzen, baina XX menderako errebote jokoa ahaztuta zegoen herrian. Frontoia beste kirol askotarako erabili izan da: futbola, fulbitoa, esku-baloia, saski-baloia, oilar demak... Eta 1960tik aurrera bertan eraikitako eskola nazionalen jolastokia izan dira.

    Dena dela, errebote-frontoiko eremu txikia eskuzko pilotarako erabili izan da, ezker pareta motako frontoi moduan.

    (handitzeko, sakatu gainean)

    XX mende hasierako kudeaketa

    Frontoiko arduradun bat zegoen, "baraterua" izenaz ezaguna, eta kantxa zaintzea, txandak antolatzea, pilotak alokatzea... zen bere zere­gina, pilotariei horrenbeste kobratuz lan horrengatik. Lanbide hau probetxugarria omen zen, zeren eta pilo­ta-zaletasuna handia izanik, esku-pilotarako erabili ohi zen kantxa egunero bete egiten zelako, lan jarduna amaitu eta gero.

    Udalak urtebeterako ematen zion errentan "baratero" postua eskaintzarik hoberena egi­ten zuenari. Horrela, Mantxiku-Labe ez-izenaz eza­guna zen Jose Maiztegi Urizar-i eman zion frontoia errentan mende hasieran. Frontoi inguruan bizi zen honek, eta 218 pezeta eskaini zizkion Udalari urteko errenta gisa; diru kopuru handia, kontuan izan ezkero 1900 urtean ardo litroak 60 zentimo balio zuela, ogi librak 20 zentimo eta langile batek 2,50 pezeta irabaz­ten zuela egunean; baina bestalde, garbi uzten digu pilota zaletasun ikaragarria zegoela garai hartan.

    Errematean ezarri zitzaizkion baldintzak honakoak izan ziren, laburbilduz:

    1. Errentariak, usadiozko mota eta era guztietako beharrezko pilotak izango ditu pilotazaleen esku.
    2. Esku-pilotan jokatutako partiduko, horrenbeste eskatuko die jokalariei: 16 tanto artekoetan 10 zentimo; 24 tanto artekoetan 15 zentimo; eta proportzio hauxe tanto gehiagokoetan ere[1].
    3. Norbere pilotekin jokatzen duenak ere, zenbateko berdinak ordainduko ditu.
    4. Mojen teilatura zein ortura botatako pilotenga­tik, pezeta bat eskatuko die errentariak jokalariei lehendabiziko pilota denean eta 25 zentimo bigarren pilota denean.
    5. Harlauzaz estalitako frontoi edo kantxa gehi lau metroko zabalerako lur-saila ematen ziren errentan, pilatan jokatzeka erabil zitezkeelarik bakarrik.
    6. Gorde beharreko jai egunetan, goiz eta arratsal­deko elizkizun garaian, debekatuta zegoen pilatan aritzea eta errentariak pilotak utzi ezkero ordu horietan, bost pezetako isuna jasotzen zuen.
    7. Aurrez eskatzen zenean frontoia erronka edo lehia partidu bat jokatzeko (horrelakoetan ez zegoen txandatzerik), 75 zentimo ordaindu behar izaten zuten 30 tanto arteko partidu batengatik bi pilotari zirenean, eta doblea bi pilotari baina gehiago izan ezkero[2].

    Frontoiaren estalkia

    1960 hamarkadan frontoia estali zuten, bi aldetako teilatu batekin, baina urte gutxitara kendu behar izan zuten. Geroago, 1976. urtean Santa Ana komentuko mojek herria utzi zutenean, udal frontoi estaliaren atzeakaldean institutua, goiko frontoia eta horma bakarrekoa egin zituzten.

    Goiko frontoia egiteko udal frontoiaren atzeko pareta bota zuten. Era estalki berria egin zioten, diseinu zainduaz.


    Ikuspegi orokorra

    Ezaugarriak

    Ezker pareta motako frontoi estalia, harlosazko kantxa 20 metro luze da, eta 15 metro zabal (guztira 300 bat metrotako azalera). Pareten altura 8 metrotakoa da.

    Pilotaz gain, saskibaloiaz jolasteko prestatuta dago.


    Erreferentziak

    1. Nabaria denez, oraindik arautu gabe zeuden 22 tantako partiduak.
    2. Klausula honek aditzera ematen digunez, erronkak ohizkoak ziren eta arruntena, dirudienez, 30 tanto arteko partiduak.